Irungo geltoki berriaren intermodalitatea sustatzeko hiri-pasabidea eraikitzeko hitzarmena

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak baimena eman du, gaur, Irungo Udalarekin eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearekin (ADIF) lankidetza-hitzarmena sinatzeko, Renfeko geltokiaren bidaiarientzako eraikin berrira sarrera izango duen hiri-pasabide bat eraikitzeko. Azpiegitura horri esker, eremu horretan hiriko eta hiriarteko gainerako garraiobideekin intermodalitate-eremu bat ezarri ahal izango da.

Pasabideak geltokiaren parean zeharkatuko du trenbide-zabaltza, eta 6,86 milioi euroko aurrekontua izango du. Kopuru horren % 22,22 (1,5 milioi euro) Eusko Jaurlaritzak jarriko du, % 33,33 ADIFek eta % 44,45 Irungo Udalak, proiektua idazteko, obrak egiteko eta azpiegitura martxan jartzeko. Azpiegitura berri horren bidez, tren-zerbitzuak erabiltzen dituzten herritarrek konexio zuzena izango dute Euskotrenen Lasarte-Oria / Hendaia linearekin, baita hiri-autobus lineekin ere, Irun Bidea izeneko eremuan. Era berean, Gipuzkoako udalerri horretan trenbide-zabaltzak eragindako etena libratzea ahalbidetuko du.

Pasabideak geltokirako bigarren sarbide bat zabaltzea ekarriko du eta eraikina hiriaren erdigunearekin lotuko du. Pasabidea Geltokiaren plazarekin lotuko da mendebaldean, bidaiarien eraikin berriari atxikitako trenbide-zabaltza zeharkatuko du iparraldetik luzera osoan, eta Sebastian Errazu kalearen inguruarekin lotuko da ekialdean, tren-geltokiaren inguruko auzoentzako irisgarritasuna bermatuz.

Proiektua dagoeneko idazten amaitzen ari dira, eta datozen hilabeteetan obrak lizitatzea aurreikusita dago ADIFen eskutik.