Bingen Zupiriak, Markel Olanok eta Getariako alkate Haritz Alberdik Zarautz Jauregiaren zaharberritze integrala aurkeztuko dute

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua den Bingen Zupiria, Markel Olano Gipuzkoako Aldun Nagusia eta Getariako alkatea, Haritz Alberdi, elkarrekin izan dira gaur Zarautz Jauregiaren zaharberritze integralaren xehetasunak ematen Getariako Udalean egin den aurkezpenean eta herriko erdialdean dagoen eraikina kontserbatzeko helburuaz aparte, jauregiak erabilera berriak izango dituela aurreratu dute.

Hiru erakunde hauen babesa du birgaitzea finantzatzeko aurki sinatuko den lankidetza-hitzarmenak, bai eraberritze lanei ekiteko baita eraikin horren barruan museo-gune bat egokitzeko ere. Proiektuaren zati bat Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismotik datozen Europako Funtsekin batera finantzatuko da.

Zarautz Jauregia Getariako Hirigune Historikoan dago, Kale Nagusiko 38 eta 40 zenbakietan, eta interes kulturaleko eraikina da, 1999ko Dekretuaren bidez babestua. Dekretu horren bidez, Getariako Hirigune Historikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatu zen, Monumentu Multzo Kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990 Legeak aipatzen dituen babes-araubideak jarraituz.

Eraikina, gaur egun hutsik dagoena, eskuinetik beste dorre batekin lerrokatuta dago eta ezkerretik, partzialki, San Salvador elizarekin. XVI. mendeko eraikin gotikoa da, ondare baliotsukoa, Getariako hiribilduaren bilakaerari eta garapenari buruzko informazioa jasotzen baitu hormen artean. Bestalde, orubearen beheko solairuan indusketa arkeologiko sistematikoak egin dira, eta erromatarren okupazio baten aztarnak azaleratu dira. Garai historiko hori ez dago ia dokumentatuta Euskal Autonomia Erkidegoan, beraz, aztarna horiek ikusgai jarriko dira monumentuaren eta Getariaren historiaren zati gisa balioa emateko.

Jauregian egin beharreko lanak bi proiektu bereizietan zehazten dira: alde batetik, arkitektura-lanak eta, bestetik, Juan Sebastian Elkanoren inguruko proiektu museografikoa. Birgaitze-lanei dagokienez, eraikinak zaharberritze integrala behar du, horma-egiturak finkatzea, estalkia berrezartzea eta barne-espazioa erabat egokitzea barne.

Proposamen arkitektonikoak lau solairutan banatutako ekipamendua definitzen du: beheko solairuan, turismo-bulegoa egongo da; lehenengo, bigarren eta hirugarren solairuetan, museo-gelak egongo dira; eta, azkenik, laugarren solairuan, Getariako biztanleentzako erabilera anitzeko espazioa. Museoari dagokionez, “Elkano Mundubira” espazioaren helburua espedizioa modu didaktiko eta erakargarrian azaltzea da, jasangarritasunaren eta kultura-aniztasunaren errespetuan oinarrituta.

Zarautz Jauregia birgaitzeko proiektuaren kostu osoaren zati bat Europar Batasunetik datozen “Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia-Next Generation” planeko funtsekin batera finantzatuko da, guztira 796.727 euroko ekarpenaren bidez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak obren gainerako kostuaren % 50 eta museografiaren heren bat jarriko dute. Azkenik, Getariako Udalak museografiaren heren bat emango du, eta zaharberritzeko, birgaitzeko eta balioa emateko obrak eta museografia gauzatzeaz arduratuko da.

Gaurko ekitaldian Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu du erakundeen arteko elkarlan estuak ahalbideratu duela Zarautz jauregiaren proiektua. “Lankidetza eredugarria izan da hiru erakundeen artean eta urtetan lanean elkarrekin aritu izanak eman du bere fruitua. Ondarearen balioa nabarmentzeko egitasmo eredugarria da Getarian egingo dena. Ondarea den eraikina hartu, birgaitu eta zerbitzu publikora eskainiko bait da”.  Sailburuaren ustetan “Elkanoren urteurrenak emaitza iraunkorra utziko du herrian: aurreko ospakizunak plazan ikus daitekeen monumentua utzi zuen, aurtengoak berriz Elkanoren bidaiaren berri gaurkotua”.

Markel Olano diputatu nagusiak, berriz, Zarautz jauregiaren zaharberritze integrala “Gipuzkoa osorako berri pozgarria eta oso egitasmo esanguratsua” dela aurreratu du, lurraldearen historia ezagutzeko “gune neuralgiko” batean kokatuta dagoelako eta, gainera, proiektu museografiko baten bitartez “gure herriaren bilakaeran pasarte garrantzitsuenetako bat ezagutzeko leiho berri bat” zabalduko duelako. “Balio handiko eraikin hau berreskuratzen dugu getariarrentzat eta herritarrentzat, orohar; aldi berean, Mundubiraren mendeurreneko ospakizunetan pilatutako jakintza gizartearen esku uzteko balioko digu”, gehitu du.

Getariako alkateak, Haritz Alberdik aipatu du pozgarria dela “hamarkada luzeetan hutsik eta gainbehera egon den eraikin historiko bat berreskuratzeko hiru instituzioen artean hartu diren konpromezuei esker, eraikina guztiz berreskuratzea. Gainera, egongo diren espazio desberdinek, batetik, herriko eta herritarren beharrei erantzuteko erabiliko dira eta bestetik,  mendeurrenaren inguruan egin diren lanketa guztiak, modu grafiko eta laburrean bada ere, Elkanoren jaioterrian bertan eta balore handiko eraikin historiko batean bilduko dira”.