Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur Donostian, Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroan egin den 2022ko Euskadi Literatura Sariak emateko ekitaldian. Lehendakariarekin batera ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiria, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura sustatzeko zuzendaria ere izan dira hainbat ordezkari instituzional eta kulturaren munduko pertsonekin batera.
Honako hauek dira 2022ko Euskadi Literatura Saria jaso duten lanak:
- Euskarazko Literatura: Uxue Apaolaza Larrea, Bihurguneko nasa (Susa).
- Gaztelaniazko Literatura: Edurne Portela Camino, Los ojos cerrados (Galaxia Gutenberg)
- Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Leire Bilbao Barruetabeña, Barruko hotsak (Pamiela).
- Euskarazko Literatura Itzulpena: Koro Navarro Etxeberria, Fiesta Eguzkia jaikitzen da (Ernest Hemingway) (Erein&Igela)
- Literatur Lanaren Ilustrazioa: Maite Mutuberria Larrayoz, Irrimola (Ikaselkar).
- Saiakera Euskaraz: Irati Jimenez Uriarte, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar)
- Saiakera Gaztelaniaz: Teresa Maldonado Barahona, Hablemos claro (Catarata)
Ekitaldiaren hasieran Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez “ kultura, kultur edukien ekoizpena eta horien kontsumoa gure gizartearen ongizatearen funtsezko hanka dira. Kultur ongizate horretan, gure ustez, beren ekarpenaren, orainaldiaren edo etorkizunaren, sorkuntzaren eta ekoizpen literarioaren garrantziagatik nabarmendu behar dira, baita hemen bizi garenon zaletasun eta irakurzaletasunagatik ere”.
Bestalde, Iñigo Urkullu Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez “Herri batek, herri izan nahi badu, sortzaileen lana zein garrantzitsua den antzeman behar du; eta aitortu ere bai.
Herri batek, herri izan nahi badu, kultura erabakigarria dela jakin behar du, norberaren bizitzan, eta herri-bizitzan ere bai” eta gaineratu duenez “Herri batek, herri izan nahi badu, literatura behar du. Literaturaren bidez, mundua bizi dugun moduari forma ematen diozue, bizitza bizitzeko moduak asmatzen eta kontatzen dituzue”.
Lehendakariak gogorarazi duenez “sari honek zuen lana bultzatzen lagundu nahi du, haren zabalkundea, sustapena eta itzulpena erraztuz. Gizarteak edizio honetan saritutako zazpi idazle, itzultzaile, ilustratzaile eta saiogileen lanak ezagutu eta aintzat har ditzan”.
Aurtengo saridunak zazpi emakume sortzaile izatea poztekoa dela esan du Iñigo Urkullu Lehendakariak: “Poztekoa da, baina ez da harritzekoa. Harritzekoa kontrako egoera zen, oraintsu artekoa, aldatzen jarraitu behar duguna. Emakumeok erakusten diguzue bizi izan dugun normaltasuna ez zela normala, ez zela zuzena. Zuen begiraden, esperientzien premian gaude. Aberasten gaituzte”.
Tabakaleran egin den ekitaldian zazpi saridunen hitzak entzuteko aukera ere izan da eta beraien liburuen pasarteak irakurri dira Noa Lur-GAUR taldearen musika zuzenean entzutearekin batera.
Aurtengo zazpi sarituen gaineko informazio gehiago hurrengo bi esteketan: