Dauden indarkeria matxisten inguruan kontzientziatzea eta Arrontegi auzoko emakumeek beren bizipenak modu anonimoan kontatu ahal izateko espazio bat eskaintzea. Horixe izan da Barakaldoko Arrontegi auzoko lau kultura-elkartek, auzokoek eta adinekoen elkarteek abian jarri duten bigarren kontakizun-lehiaketaren helburua, oraingoan indarkeria matxistari buruzkoa. Gaur argitaratu da liburua, eta prentsaurrekoan izan da Amaia del Campo alkatea, «auzoarekiko konpromisoa eta indarkeria matxistaren gisako gai sozial garrantzitsuekin egiten duten dibulgazio-lana babestu eta eskertzeko elkarteei».
Otsailean hasi ziren lehiaketa gauzatzen. Harrezkero, Arrontegiko Nagusiak, Codisfiba, Mendialde Alaia eta Zargazte elkarteek hainbat indarkeria matxistari buruzko informazioa emateko eta sentsibilizatzeko topaketak egin dituzte, auzoko bizilagunak parte hartzera animatzeko. Elkarlan horren emaitza elkarteek beraiek argitaratutako liburu berria izan da. Liburu horretan, emakumeen eta gizonen 14 kontakizun jasotzen dira. «Duela aste batzuk jaso nuen ale hau nire bulegoan. Bertan jasotzen diren kontakizunek, gehienak auzoko bizilagunek idatzitakoek, markatuta utzi naute, eta gaur zuekin partekatu nahiko nituzke: isilik egoten ikasi behar izan nuen; laban batekin egiten nuen lo burkoaren azpian; ikasketak gizonentzat ziren; ezkondu nintzenean amaitu zen nire lan-bizitza. Esaldi benetan beldurgarriak dira, urteetan zehar ohikoak eta normalak izan direnak, eta, zorionez, orain jada onartzen ez ditugunak», adierazi du Del Campo. Alkateak ia kontakizun guztietan errepikatzen diren sentimenduak ere nabarmendu ditu: beldurra, mendekotasuna, etsipena…
Liburua Arrontegiko adinekoen zentroan aurki daiteke, 5 euroko prezioan. Gainera, Udalak hainbat ale erosiko ditu, hiriko liburutegietan kontsultatu ahal izateko. «Oso ausarta da auzotarrek indarkeria matxistarenk eragindako bizipenak idatziz uzteko urratsa egin izana. Eta oso eskuzabala iruditzen zait, halaber, istorio horiek partekatu izana, inoiz ez dezagun ahaztu aurreko belaunaldiek zer sufritu zuten, gogoan izan dezagun orain sufritzen ari garena eta, etorkizunean, hiri berdinzaleago batean, hala espero dut, ez dezagun sufrimendu hori ahaztu, ezta borroka- eta biziraupen-istorio hauek ere», esanez amaitu du Del Campok, Arrontegiko Nagusiak-eko Maite Martín, Olatz Arechaga eta Gaizka Rialek, Codisfibako Rosalía Cuadradok, Zargazteko Conchi Otxoa eta Miriamek, eta Mendialde Alaiako Mari Carmen Muñoz, Julia Romo eta Idoia Garaizabalek lagunduta.