Artolazabalek iragarri duenez, berdintasun legeak indarkeria matxistaren ondoriozko umezurtzentzat jasotzen dituen laguntzek atzeraeraginezko efektua izango dute

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Radio Euskadin izan da, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaz hitz egiten. Artolazabal Boulevard programan Xabier García Ramsdenekin aritu da hizketan, eta haren Sailak kudeatzen dituen zenbait gai ekarri ditu gogora, besteak beste: indarkeria matxistaren ondoriozko adingabe umezurtzentzako laguntzak jasotzen dituen Dekretua egitea; gazteek berdintasunaren inguruan duten jarrera; VOXen jarrera Irene Monteroren aurka Diputatuen Kongresuan; Soilik Bai da Bai Legea, eta Epailetzari egotzitako matxista kalifikazioa.

Artolazabalek datorren hilean sinatuko den Erakundearteko III. Akordioaz hitz egin du; hura aurrerapen bat izango da indarkeria matxistaren aurka egiteko inplikatuta dauden eragile guztiak koordinatzeko. Dokumentu honek, besteak beste, honako nobedade hau jasotzen du: indarkeria matxista giza eskubideen urraketa bat dela, eta erantzun integrala behar duela; horretarako, protokolo berria prestatu da.

“Akordio horren bidez, EAEko gobernu, erakunde eta alderdi guztiok benetako berdintasuna lortzeko dugun konpromisoa erakusten da. Denbora honetan, biktimekin lanean diharduten zenbait elkarterekin eta eragilerekin batu naiz, benetan dituzten premien berri izateko; izan ere, bidea biktimekin zuzenean elkarlanean jardutea da”, esan du.

Horren harira, sailburuak joan den martxoan onartutako Berdintasun Legearen aldaketa ere aipatu du. Haren Saila arauketa-garapenean eta legeak aipatzen dituen betebeharrak ezartzen lanean ari dela esan du.

“Kontuan izan behar ditugu, era berean, indarkeria matxistaren ondorioak, eta lege honek jasotzen du eragindako kalteagatiko erreparazioa izan behar dutela motibo horren ondoriozko umezurtzek. Adingabeak dira, kalteberak eta bizitza markatuta dute betiko”, esan du. Une honetan, Artolazabalek esan du dekretu baten inguruan ari direla lanean, eta “2023ko lehen seihilekorako” egongo dela prest: hartan, biktima adingabe horientzako zenbatekoak aurreikusiko dira.

“Urtean 5.000 euro arteko kopuruez ari gara; kopuru horiek nola areagotu aztertzen ari gara, eta, atzeraeraginari dagokionez, ikusi beharko dugu zein den ahalik eta gehien babesteko mugarik egokiena. Oraingoz, analisi-prozesu batean murgilduta daude, Gizarte Politiketako Zuzendaritzan”, zehaztu du.

Besteak beste, Beatriz Artolazabali Carla Toscano Voxeko parlamentarioak Irene Montero Berdintasuneko ministroarekin Madrilen Diputatuen Kongresuan izan duen gorabeheraz galdetu diote. EAEko sailburuak elkartasuna, hurbiltasuna eta enpatia adierazi dizkio ministroari, eta “faxismorik garratzenaren adierazpentzat” jo du; ultraeskuina “giza eskubideekin zerikusia duten politika guztietarako arrisku bat” dela esan du. }

“Ezin dira etikaren eta parlamentu-kortesiaren lerroak gurutzatu, lehiakideari eraso egiteko. Emakumeek beste emakume batzuk zirikatzea, erasotzea eta oldartzea, oro har, deigarria da. Desadostasun politikoa osasungarria da, eta demokrazia ideiak eztabaidatzeko eta aurrez aurre jartzeko testuingururik egokiena da, baina sekula ezin dira mugak gainditu”, esan du.

Artolazabalek bere esperientziaz ere hitz egin du: “Niri ere, batzuetan, otzana naizela leporatu didate; sare sozialetan zurrumurruak eta gezurrak zabaldu ohi dira, emakume politikoak ahultzeko… Gizon bati ez dut uste esango lizkioketenik”.

Soilik Bai da Bai izenez ezagutzen den legeari dagokionez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak haren alde egin du, eta, gogorarazi duenez, “haren jatorria da emakumeak eta, batik bat, genero-indarkeriaren biktimak babestea, eta adostasun-maila handia du”. Hala ere, honako hau zehaztu du: “ikuspegi juridikotik aztertu beharko da zergatik dagoen ihesbide hori, kondenatu batzuek etekinak atera ahal izateko bestekoa”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren posizioa nabarmendu du, eta hiru denbora mugatu ditu: “Epe laburrera, Epailetzaren eta Fiskaltzaren aldetik irizpide bakarrak egon beharko du; epe ertainera, beharrezkoa bada, legea eraldatzea, eta, azkenik, epe luzera, EAEANrekin lanean jarraituko dugu, genero-ikuspegia duen prestakuntzaren inguruan”.

Epaileek legearen interpretazioarekin duten jokabideari dagokionez, matxistak direla leporatu dietenen inguruan, Artolazabalek esan du ezin direla “kalifikazio jeneralistak” egin. “Epaileek justizia ematen dute, parlamentu-organoetan onartutako legeetan oinarrituta, eta garrantzitsua da, era berean, haiek entzutea, legea aplikatzeko orduan zein zailtasun dituzten eta zein zentzutan hobetu daitekeen jakiteko”.