Mugikortasun Elektrikoko eta Ekonomia Zirkularreko Zeharkako Trakzio Ekimenak aurkeztu zaizkie zientzia, teknologia, enpresa eta administrazio-erakundeei

0
  • Ekimenen helburua da 2030erako ZTBP-ren espezializazio adimenduneko arloen arteko lankidetza indartzea eta I+G+b-ko proiektu eragile berriak bultzatzea

Zientzia, teknologia, enpresa eta administrazioko hainbat erakundetako 80 pertsonak baino gehiagok partehartu dute Mugikortasun Elektrikoko eta Ekonomia Zirkularreko Zeharkako Trakzio Ekimenen aurkezpen-jardunaldian, azaroaren 24an, osteguna, Deustuko Unibertsitateko CRAI Liburutegian, Bilbon.

Ekitaldiaren helburu nagusia ekimen berri horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren – ZTBP 2030 – esparruan aurkeztea izan da, RIS3 espezializazio adimenduneko arloen arteko zeharkako lankidetza indartzeko eta mugikortasun elektrikoaren eta ekonomia zirkularraren bi esparruetan lankidetzako I+G+b-ko trakzio proiektu berriak bultzatzeko.

Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak, Zeharkako Trakzio Ekimenen kontzeptu orokorra eta esparrua aurkeztu ditu, eta azpimarratu du tresna horrek euskal gizartearen erronka handienetako bati aurre egiten lagunduko duela, ikerketatik eta berrikuntzatik abiatuta.

Jarraian, Mikel Amundarain eta Estibaliz Hernaez Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeek bi ekimenen irismena aurkeztu dute, datozen urteetarako ezartzen diren erronka eta helburuak azpimarratuz.

Mugikortasun elektrikoari dagokionez, erronka orokorra honela definitzen da: mugikortasun jasangarrian oinarritutako eredu berri bat eta berotegi-efektuko gasen emisio baxuko garraio bat sustatzea, ibilgailu elektrikoari lotutako balio-katea bultzatuz, gaitasun industrialetan eta zientifiko-teknologikoetan oinarrituta. Ekonomia zirkularrean, erronka orokorra da Euskadiren trantsizioa bultzatzea, baliabideen erabilera eraginkorragoa izan dadin, ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri baterantz bideratutako berrikuntzaren bidez.

Jarraian, Ikerketa eta Garapeneko Zeharkako Trakzio Proiektuak diseinatzen lagunduko duen Laguntza Programa berria aurkeztu da. Dekretu arautzailea joan den urriaren 11n onartu zen Gobernu Kontseiluan.

Jardunaldiaren azalpen-zatia amaitzeko, 2030erako ZTBP-ren espezializazio-arloetako eta eremuetako ekimenei egin dakizkiekeen ekarpenak aurkeztu dira; zehazki, industria adimenduna, energia garbiagoak, elikadura osasungarria, ekoberrikuntza, hiri jasangarriak, Euskadi sortzailea eta Euskal Sistema Zientifikoa.

Jardunaldia amaitzeko, Cristina Uriarte komisionatuak iragarri du laguntza-programa berriaren lehen deialdia datorren urtearen hasieran onartuko dela, eta ikerketa eta garapeneko zeharkako lankidetza proiektu bultzatzaileen diseinua 2023ko erdialdean hasi ahal izango dela.