Segurtasun Sailak ekitaldi bat egin du 25-N “Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” dela-eta

0
  • Jarduera hau Emakundek eta joan den ekainean Euskadiko erakundeek izenpetu zuten “Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko herri itunak” sustatutako ekintzen barruan egin da.

Euskadik berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen alde hartutako konpromisoa izan da gaur goizean 25-N dela-eta Erandion egindako esku-hartzeen haria. Ekitaldiari hasiera emateko, Izaskun Urien Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztearen aldeko Eusko Jaurlaritzaren erakunde-adierazpena irakurri du.

Jarraian, Ertzaintzak emakumearen kontrako indarkeriaren bi ikuspuntu eman ditu polizia-ikuspegitik. Alberto Ozaeta Gasteizko Herritarren Babeserako Zentroaren buruak, Berdintasun Masterra atera berri duenak, sexu-indarkeriaz hitz egin du, eta polizia-jarduketak emakumeak bigarren aldiz edo berriz biktimizatzea nola eragotzi azaldu du. Bestalde, Iñaki Viñuela Ikerketa Kriminalaren Atalera atxikitako agenteak gorroto-delituez eta gizarteko aniztasunari buruz hitz egin du, kolektibo kalteberetakoak edo minoritarioetakoak diren emakumeak oinarritzat hartuta.

Azkeneko esku-hartzean, Segurtasun Saileko Prebentzio Atalak gai hauetan bere eginkizunak eta sentsibilitatea zein diren azaldu du.

BERDINTASUNAREN ALDEKO ITUNA

Eusko Jaurlaritzak 2022ko ekainean sinatu zuen, Euskadiko beste erakunde batzuekin batera, “Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko herri ituna”, NBE Emakumeak erakundearen “Generation equality” ekimen globalaren esparruan Emakundek garatu zuena.

Itunaren helburua da Euskadin berdintasunaren aurrerapena bizkortzea, eta honako arlo hauekin lotutako hamar konpromiso jasotzen ditu: Justizia ekonomikoa, Emakumeen eta neskatoen ahalduntzea, Emakumeen kontrako indarkeria matxista, Haurtzaroa eta nerabezaroa, Zaintzak, Gizonen papera eta garrantzia, Trantsizio ekologikoa, Eraldaketa digitala, Emakumeen mugimenduak eta lidergo feministak eta Gobernu ona.