1.169 pertsona aurkeztu dira Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan sartzeko hautaketa-probetara

0
PRUEBA
  • 1.088 gizon eta 81 emakume dira, eta gehienak 31 urtetik 40 urtera bitartekoak dira eta Bizkaian bizi dira
  • Guztira 114 plaza dira, 46 Araban eta 68 Gipuzkoan, eta gehiago izan daitezke foru-erakundeek hala erabakitzen badute

Gaur goizean 1.169 pertsona aurkeztu dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan sartzeko abian jarri duen lehenengo hautaketa eta formakuntza prozesu bateratuko probetara.

Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak sinatutako 2022ko uztailaren 14ko ebazpenaren arabera, deialdian 114 suhiltzaile-plaza eskaintzen dira, 46 Arabako Foru Aldundirako eta 68 Gipuzkoako Foru Aldundirako, eta gehiago ere izan daitezke foru-erakundeek hala erabakitzen badute.

1.663 pertsonak eman zuten izena hautaketa-prozesu honetan parte hartzeko, eta 1.169 pertsonak egin dituzte lehenengo probak. Horietatik 1.088 gizonak (% 93) eta 81 emakumeak (% 7) dira. Gehienak Euskadikoak dira (Arabakoak 228, Bizkaikoak 547 eta Gipuzkoakoak 306). EPEan parte hartzen duten pertsona gehienek 30 eta 40 urte bitartean dituzte (% 42,69).

HAUTAKETA ETA FORMAKUNTZA PROZESUA

Hautaketa-prozesua oposizio-sistemaren bidez egingo da, eta ezagutzak neurtzeko probak egingo dira, bai eta psikoteknikoak eta fisikoak ere. Proba hauek gainditzen dituzten pertsonek nahitaezko aldi akademikoa izango dute, eta Akademian bertan egingo da horretarako diseinatutako Ikasketa Planari jarraituz, eta hori ere ebaluagarria izango da. Prozesuaren fase hori gaindituta, izangaiek praktikaldia egingo dute formakuntza osorako zentro edo egoitza egokietan, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da.

EPE hau gainditzen duten baina plazarik lortzen ez duten pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldi baterako lan-poltsa batean sartuko dira, hala eskatzen duten erakundeen suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan lanpostu hutsak betetzeko eta ordezkapenak egiteko.