Arriolak hiri-berroneratzearen arloko ahaleginak areagotzearen alde egin du, Euskadin desberdintasunen murrizketa bermatzeko

0

“Lurralde-plangintza sistematizatu eta arduratsu” bat, genero-ikuspegia, osasuna, biztanleriaren zahartzea eta klima-aldaketa integratzen dituena eta mugikortasunaren jasangarritasuna zein belaunaldi arteko elkartasuna eta gobernantza egokia sendotzen dituena, “bere epe ertain eta luzerako behar eta erronkak proiektatzeko eta aurreratzeko gaitasuna duen gizarte heldu baten sintoma eta isla da aldi berean». Eta, gainera, ahalmena ematen dio “komunitate osoaren aurrerabidea modu kohesionatuan lortzeko”. Horrela adierazi du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Bilboko Euskalduna Jauregian gaur eta bihar ospatzen den Euskal Hiria batzarraren 21. edizioan. Inaugurazioan NBE-Habitaten aldetik –erakunde honek batzarra antolatzen lagundu du Carmen Sánchez-Miranda, NBE-Habitaten Espainiako bulegoaren buruak parte hartu du.

Batzarrera etorritako tokiko, estatuko eta nazioarte mailako profesionalen aurrean –ehun inguru-, Arriola sailburuak nabarmendu du “oso jakitun gaudela azken urteotan hainbat gertaerak agerian utzi dutela gure kalteberatasuna, hala nola pandemiak, Ukrainako inbasioak eta energia zein hornigaien krisiak, eta horrek guztiak areagotu egin ditu lehendik zeuden desberdintasunak. Erantzun sendoak behar dituen ziurgabetasun-testuinguru batean bizi gara. Prozesuak azkartu behar ditugu, eta horretarako beharrezkoa da bai politikaren eta hiritarren borondatea  eta baita beharrezkoak diren baliabideak eskuratzea ere”.

Alde horretatik, nabarmendu du Euskadik baduela Bultzatu 2050 Hiri Agenda, eskualde mailako lehenengoetako bat, eta horren bitartez hiri-berroneratzearen alde lan egiten dela auzo kalteberetan. Iñaki Arriolak gogoratu du sailak aurreikusten duela 2023. urtean 34 milioi euroko inbertsioarekin proiektu hau indartzea, aurreko urtean baino 23 milioi gehiago bideratuz, aparteko funtsak gehitzearen bidez. Funts horiek datoz lehentasunezko arretarako eremuetara zuzendutako Berpiztu programatik, Inbertsio Estrategikoetara zuzendutako Erakundeen arteko Planetik, eta auzoetan esku hartzeko europar funtsetatik, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.jasoak.

Guztira 14 auzo gehituko zaizkie jadanik martxan dauden hamaika auzoei, eta horri esker jarduerak 21 udalerritara iritsiko dira, hiru euskal hiriburuak eta herri txikiagoak barne. Jardueren xede bakarra ez da etxebizitzen efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzea, horrez gain ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko beste alderdi batzuk ere hartzen baitituzte barne, enplegu, osasun, energia edo mugikortasunaren alorreko neurriekin.

Carmen Sánchez-Miranda NBE-Habitaten Espainiako bulegoaren buruak azpimarratu duenez, “batzar garrantzitsu hau egiten da duela hilabete baino gutxiago Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza Bilbon irekitzeko. Koalizio hori Hirien Mundu Egunaren esparruan antolatu zen, eta bertan mezu sendoa bidali zen hiri eta lurraldeen ahaleginak azkartzearen alde, GJHak betetzeari begira”.

Euskal Hiriaren edizio honetako gaiei dagokienez, adierazi du: “hiri-desberdintasuna orain dela 25 urte baino handiagoa da, eta horregatik –beste arrazoi batzuen artean- eskatu du NBEko Idazkari Nagusiak gizarte-kontratu berri bat, hazkunde eta produktibitatearen inperatibo ekonomikoak birbanaketaren eta gizarte-babesaren inperatiboekin uztartzeko.  Toki-ekintza funtsezkoa da desberdintasun horiei aurre egiteko. Eta, zalantzarik gabe, Hiri Agendak dira 2030 Agenda hiri-eremuetan kokatzeko bide-orria eta tresnarik onena”.

Hain zuzen ere, batzarrak hartu du Euskadiko Hiri Agendari buruzko lehen txostenaren konklusioen aurkezpena, Euroiker erakundeko Andoni Hidalgoren eskutik. Txostenak ondorioztatu du aurrera egiten ari dela Euskadi etxebizitzarako eta oinarrizko ekipamenduetarako eskubidearen sustapenean, eta baita ingurumenaren aldetik berritzaileak, jasangarriak eta erresilienteak diren hirien sorreran eta aniztasunari eta inklusioari buruzko gaietan ere. Orobat, zehaztu du oraindik ere urratsak egin behar direla zenbait arlotan, hala nola garraio-sektorearen energiaren erabilera eta isurketetan, ekosistemen babesan, jaiotze-tasan, I+Gra zuzendutako inbertsioetan edo emakume ikertzaileen kopuruaren hazkundean.

Gizarte-arrakalari helduz

Euskal Hiria bailagarria da toki-mailatik gertuago dauden esperientzia batzuk maila globaleko esperientziekin kontrastatzeko. Horrela gertatu da lehenengo saioa irekitzeko ekitaldian: “Gizarte-arrakalari helduz: begirada bat lurraldetik eta hiritik”; bertan, NBE-Habitaten Ikerketa eta Berrikuntza zuzendariorde izandako Eduardo López Morenok parte hartu du, eta hitzaldi nagusia eskaintzeaz Katja Hujo arduratu da, Nazio Batuen Erakundearen Gizarte Garpenerako Ikerketa Institutuko Ikerketa Seniorraren koordinatzailea. Hitzaldiaren ardatzak gizarte-politika, pobrezia eta desberdintasuna, eta jasangarritasunera zuzendutako trantsizioa izan dira.

Ondoren egindako mahai-inguruaren parte-hartzaileak, berriz, honako hauek izan dira: Óscar Seco, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko Gizarte Inklusioaren Zuzendari Nagusia; Miguel De Los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordea, Alfonso Gurpegui, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko Sailburuordea; eta Carles Llorens, ORU-FOGAR – Eskualde Batuen Erakundearen Idazkari Nagusia.

Gau arratsaldean, “Lurralde orekatuak: aurrerabideak eta aukerak hiri-/landa-continuumean” gaia jorratuko da; bertan, Remy Sietchiping NBE-Habitaten Politika, Legegintza eta Gobernantza Sailaren buruak esku hartuko du, hiri-eremuen eta landa-eremuen arteko loturan aditu gisa. Hitzaldi nagusia Europar Batasuneko Ikerketa Bateratuko Zentroko Patrizia Sulisek emango du, hirien dinamika ikertzeko espazio-azterketari aplikatutako datuetan adituak.

Ondorengo mahai-inguruan, eztabaidagai egongo dira lurralde-oreka, aurrerabidek eta hiri-/landa-continuumeko aukerak, eta zenbait erakunde publikotako ordezkariek parte hartuko dute, hala nola: Juana López Pagán, Espainiako Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoaren Ministerioko  Despopulazioaren aurkako Politiken Zuzendari Nagusia; Eulalia Moreno de Acevedo, Extremadurako Juntako Hirigintzaren eta Lurralde Antolamenduaren Zuzendari Nagusia; Ignacio de La Puerta, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaria; eta Sergi Raventós, Kataluniako Generalitateko Oinarrizko Errenta Unibertsalaren Ezarpenerako Plan Pilotuaren Bulegoko Burua.

Bihar, hiri jasangarriagoak: gizarte-inklusioa eta bidezkotasuna

Biharko jardunaldia AEBetako Plug and Play Gobernu-elkarteen Zuzendari Natalia Olson-Urtechok irekiko du, hiri eta eskualde efiziente, jasangarri eta osasuntsuak diseinatzearen alde agertuz. Bere hitzaldiaren ostean, bi saio etorriko dira, gai hauetaz hitz egiteko: nola eraldatu hiria gizarte-ikuspuntu batetik, eta ingurumen-alderdia.

Jardunaldiaren gaia testuinguruan kokatzeaz arduratuko dira Naomi Hoogervorst, NBE-Habitateko Antolamendu, Finantza eta Ekonomia Sailaren Burua, eta Albert Cuchi, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren Ingurune Eraikira zuzendutako Esku-hartze Jasangarriaren unibertsitate-masterraren koordinatzailea.

Ondorengo mahai-inguruaren moderatzailea Esther Higueras izango da, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren irakaslea, eta parte-hartzaileak, berriz, honako hauek: Amanda Flety, Coordinator of the Committee on Social Inclusion, Participatory Democracy and Human Rights, CGLU; Rufino Hernandez, AH Arquitectos-ekoa, Hiria Biziberritzeko Ikerketa Taldearen CAVIAR ikerketa-taldekoa; Anna Terra, Bartzelonako Hiriaren Sustapenerako zuzendari nagusia; eta Jose Fariña, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren Katedraduna eta irakasle emeritua.

Bukatzeko, “Gizarte-kontratu berri bat lurralde eta hiri jasangarriagoak eta kohesionatuagoak lortzeko” izeneko elkarrizketan, UPV/EHUko Jasangarritasun eta Gizarte-konpromisoaren zuzendari Estíbaliz Saez de Cámarak moderatuta, honako hauek arituko dira: Jonan Fernández, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusia; José Moisés Martín Carretero, Red2Red-eko Zuzendari Nagusia; Cristina Sánchez, Munduko Itunaren Espainiar sareko zuzendari eragilea; Shipra Narang Suri, Hiri Praktiken Saileko Burua, NBE-Habitat; eta Natalina Olson-Urtecho, Plug and Play –Gobernu-elkarteen Zuzendaria.

Euskal Hiriaren 21. edizioa ixteaz, berriz, honako hauek arduratuko dira: Carmen Sánchez-Miranda, NBE-HABITATen Espainiako bulegoaren burua, eta Miguel de los Toyos, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordea.

Kongresuaren aurtengo edizioaren informazio guztia: www.euskadi.eus/euskalhiria