Innobasquek ezagutza berritzailearen transferentziari buruzko mintegi-tailer bat hartuko du bihar eta etzi, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Ingenio institutuak bultzatuta

0
  • Mintegia Espainiako berrikuntza-sisteman ezagutzaren trukea eta transferentzia sustatzeko dinamizazio- eta prestakuntza‑programaren (DINA-ITC) parte da. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatzen du ekimena, eta CSICek, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak, gidatzen du INGENIO ikerketa-institutu mistoaren bidez (CSIC eta Universitat Politècnica de València), Menéndez y Pelayo Nazioarteko Unibertsitatearen eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren lankidetzarekin
  • Ingenio programako adituek, Estatuko Ikerketa Agentziak, goi‑mailako ikerketa-zentroek, unibertsitateek, euskal enpresek eta Innobasquek berak parte hartzen dute 
  • Mintegia amaitzeko, adimen artifizialari eta material aurreratuei buruzko mahai-ingurua egingo da. Bertan, Nerea Aranguren eta Alejandra López izango dira protagonistak, Danobat Group taldeko eta Tubacex taldeko berrikuntza arduradunak, hurrenez hurren 

Abenduaren 1ean eta 2an, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak «Ezagutza trukatzeko eta transferitzeko ikuspegiak eta mekanismoak (ITC), sektore- eta lurralde-eremuetan” mintegi‑tailerra hartuko du Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan, Zamudion (Bizkaia). Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatutako ekimena da, eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) gidatzen du Ingenio ikerketa-institutu mistoaren bidez (CSIC eta Universitat Politècnica de València), Menéndez y Pelayo Nazioarteko Unibertsitatearen eta Innobasqueren lankidetzarekin, ezagutza berritzailearen fluxua sustatzeko, eskualde bakoitzeko berrikuntza-sistemen eta ezaugarrien arabera. Izen‑ematea doakoa da eta esteka honen bidez egin daiteke.

Mintegia Espainiako berrikuntza-sisteman ezagutzaren trukea eta transferentzia sustatzeko dinamizazio- eta prestakuntza-programaren (DINA-ITC) parte da, eta, era berean, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilentzia Planaren barruan programatutako ekimenetan sartuta dago. Honako hauei zuzenduta dago: ikerketa-erakundeetako kudeatzaileak eta teknikariak, ezagutza-transferentziakoak, ikertzaileak eta unibertsitateetako langileak, ikerketa-erakunde publikoak, parke zientifiko eta teknologikoak, plataforma teknologikoak eta enpresak.

Lehenengo jardunaldia 09:20tik 17:00etara izango da, eta Elena Castrok DINA‑ITC programaren laburpen laburra egingo du. Elena Castro talde zientifiko-teknikoko kidea eta Ingenioko zientzialari titularra da. Ondoren, Pedro Marquések, Ramón y Cajal programaren bekadunak eta Ingenioko ikertzaileak, berrikuntzako sektore- eta lurralde-sistemen berezitasunak azalduko ditu. Jarraian, Lola Elejalderen txanda izango da, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria, eta prospektiba zientifiko eta teknologikoaren garrantziaz hitz egingo du. Bazkaltzeko etenaldiaren ondoren, 15:00etan, Elena Castrok itxiko du saioa, eta ezagutzaren trukea eta transferentzia egiteko prozesu ohikoenei buruz hitz egingo du.

Bigarren jardunaldia ostiral goizean izango da, eta 09:30ean hasiko da, adimen artifizialak etorkizunean izango dituen erronkei buruzko hitzaldi batekin, Senén Barro Santiago de Compostelako Unibertsitateko Teknologia Adimendunen Ikerketarako CiTIUS-Centro Singular-eko zuzendariaren eskutik. Ondoren, publikoak material aurreratuen ikerketaren erronkak ezagutu ahal izango ditu, Jesús Martínez de la Fuente Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutuko (CSIC-Zaragozako Unibertsitatea) irakaslearen eta Estatuko Ikerketa Agentziako Biomedikuntzarako Materialen Azpiarloko koordinatzailearen eskutik. Mintegia amaitzeko, adimen artifizialari eta material aurreratuei buruzko mahai-ingurua egingo da. Pedro Marqués izango da moderatzailea, eta Nerea Arangurenek (Danobat Group taldeko berrikuntza zuzendaria eta Ideko Innovación-eko zuzendari gerentea) eta Alejandra Lópezek (Tubacex taldeko zuzendaria) hartuko dute parte.