Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa-kanpaina luzatu du

0

Osakidetzak aste honetatik aurrera luzatuko du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina, zortzi astetarako finkatutako ohiko txertaketa-aldia amaitu ondoren.

Hala, abenduaren amaierara arte, herritarrek gripearen aurkako txertoa hartzeko hitzordua hartzen jarrai dezakete; izan ere, horixe da gaixotasun horren ondoriozko konplikazioak prebenitzeko neurririk eraginkorrena. Horretarako, Osasun Sailak jakinarazi du bi bide irekita daudela oraindik hitzordua hartzeko: hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez eskatuz, “Aurretiko zita” atalean sakatuta, eta zure osasun-zentrora deituz.  Arrisku-taldekoa izan ala ez, Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituz eska dezakezu hitzordua.

Orain arte, Osakidetzak 461.903 dosi jarri ditu, 2021eko aldi berean baino % 9 gutxiago (eta pandemiaren aurreko azken kanpainan —2019koa— baino % 32 gehiago). Horietatik dosien % 75a 65 urte edo gehiago dituzten pertsonei jarri zaizkie.

Gainera, joan den urriaren 5ean txertaketa-kanpaina hasi zenetik, 60 urte edo gehiago dituzten pertsonei gripearen aurkako txertoarekin batera koronabirusaren aurkako txertoa jasotzeko aukera ere eskaini zaie. Horrela, 60 urte edo gehiago dituzten biztanleen % 50,8k jaso du jada COVIDaren aurkako bigarren errefortzu-dosia (80 urte edo gehiago dituzten pertsonen kasuan % 74,6k).

Kanpainaren hasieran arrisku-taldeen txertaketa lehenetsi bazen ere, joan den azaroaren 1etik aurrera gripearen aurkako txertoa hartzeko gonbidapena herritar guztientzat dago irekita, arrisku-taldeetako kide diren ala ez kontuan hartu gabe.

Azkenik, Osasun Sailak prebentzio-neurriak gogorarazi nahi ditu: eskuak sarritan garbitzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul eta doministiku egitean, espazioak aireztatzea, eta maskara erabiltzea arnas-gaixotasunak —hala nola gripea eta COVIDa— prebenitzeko neurri gisa.