Erosketa bonuen kanpaina Gabon hauetan, Ekialdeko Barrutiko saltokientzat

0

San Sebastin Shopsek, Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoarekin lankidetzan, erosketa-bonuen kanpaina bat jarri du abian, hiriko ekialdeko barrutiko saltokietako Gabonetako erosketak dinamizatzeko.

Marisol Garmendia Ekonomiaren Garapen eta Merkataritzako zinegotziak adierazi duenez, kanpainaren helburua da «herriko saltoki txikietan, auzokoan, gertukoetan kontsumitzera eta Gabonetako erosketak egitera animatzea. Denda horietan aurkitzen ditugu bilatzen ditugun opariak, merkataritza-harremana hurbilagoa da, eta komunitatea, auzoa egiten dugu. Horregatik, ohitura on hori dinamizatu eta sustatu nahi dugu, eta hiriaren ekialdean bizi direnek baliatzea».

Kanpainan, 15 euroko erosketa-bonuak jarriko dira merkataritza-zirkulazioan, eta kontsumitzaileak 10 euro ordainduko ditu. Bonuak ekialdeko barrutiko (Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Mirakruz-Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomin eta Martutene) saltokietan erosketak egiten dituzten kontsumitzaileentzat izango dira.

Guztira 5.000 bonu banatuko dira ekialdeko barrutiko 90 merkataritza-establezimenduren artean: 55 bonu saltoki bakoitzeko. Bonu bakoitzak 15 euroko salmenta-balioa du, eta horietatik bezeroak 10 euro ordainduko ditu, eta Donostiako Sustapenak beste 5 euro, San Sebastin Shopsen bidez; beraz, kontsumitzaileak % 33,33ko hobaria lortuko du. Saltokiak berak eskainiko dizkie bonuak bezeroei.

Aurreko bi kanpainen arrakasta dela eta, aurten % 33 handitu da aurrekontua. 15.000 eurotik 25.000 eurora. Kanpaina abenduaren 5ean hasi eta urtarrilaren 5ean amaituko da.