Ertzaintzak sexu-esplotazioa helburu duen emakumeen eta neskatoen salerosketari buruzko diziplinarteko hausnarketa sustatu du

0
PRUEBA

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean inauguratu du, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak lagunduta, “Erronka berriak Gizakien Salerosketaren eta Sexu Esplotazioaren aurrean” jardunaldia. Diziplinarteko saio bateratua Ertzaintzak antolatu du pertsonen, kasurik gehienetan emakume eta neskatoen, oinarrizko eskubideei eraso egiten dien delitu larri honi buruz hausnarketa egiteko. Inaugurazioan Kellyren, Euskadin sexu-esplotaziotik onik atera den emakume baten, lekukotza entzun ahal izan da. Izaskun Gómez Leisek, indarkeria matxistan eta gizakien salerosketan aditua den agenteak, egin dion elkarrizketaren bidez Kellyk bere esperientzia pertsonala kontatu du esklabu bihurtu zuten eta sexualki mendean hartuta zuten pertsonengandik Ertzaintzak erreskatatu ondoren.

Sexu-esplotazioa helburu duen salerosketa XXI. mendeko esklabotasuntzat hartzen da. Irabazi handiak ematen dituen delitu-tipologia da, armen edo drogen trafikoarekin pareka daitekeena. Uste da mundu osoan 21 milioi pertsonari eragiten diela, eta oso konplexua da jazartzea; izan ere, kasu askotan adar ugari dituen nazioz gaindiko jarduera izaten da. Berez, NBEk kalkulatzen du salerosketa-sareen biktima diren mundu osoko 70.000 bat emakume iristen direla urtean Europara. Ertzaintzak horregatik planteatu du gaur Bilbon eztabaida hau poliziaren, epailetzaren eta gizartearen ikuspegitik, eta nazioarteko esperientziekin ere alderatuta.

Ertzaintzaren lana

Ertzaintzak sexu-esplotazioa helburu duen gizakien salerosketan formakuntza eta espezializazioa duten agenteek ostatutako lantalde egonkor bat du. Taldea Iñaki Arteaga komisarioak, gizakien salerosketan espezializatutako Ertzaintzako taldearen arduradunak, zuzentzen du. Delitu hau emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpenik gogor, iraingarri eta larriena da, eta horregatik, horren aurka borroka egiteko, hartzen da delitu-tipologia estrategikotzat Ertzaintzaren planetan eta jarduketetan. Berez, delitu hau desagerrarazteko jarduketak zeharkakoak dira, eta polizia-egitura osoa inplikatzen dute: bai biktimengana hurbiltzen diren eta biktimekin harremanetan jartzen saiatzen diren eta formakuntza espezifikoa duten herritarrak babesteko taldeak, bai, egileak identifikatu, atzean dauden sareak desegin, egileak auziperatu eta, batez ere, biktimak liberatu arte judikaturarekin lan egiten duten ikerketa kriminaleko, inteligentziako eta polizia judizialeko unitateak. Gero erreskatatu dituzten emakumeen babesarekin jarraitzen dute, libre eta eskubide guztiekin bizi ahal izan arte

Horretarako, Ertzaintza Euskadin prostituzioan aritzen diren leku guztietan egoten da prebentzio-lanak egiteko, bai eta informazioa lortzeko eta biktima posibleak detektatzeko ere, eta, era horretara, biktima horiek askatu, artatu eta babesteko polizia-lana hasi ahal izateko. Emakume hauek “biktima ikusezintzat” hartzen dira oso zaila izaten delako horiekin harremanetan jartzea; izan ere, ez dira poliziaz fidatzen jatorriko herrialdeetan izan dituzten esperientzien ondorioz (asko eta asko atzerritarrak dira), eta, gainera, askotan xantaiaren, mehatxuen eta estortsioaren biktima izaten dira euren jarduera isilpean mantendu dezaten. Horregatik, Ertzaintza polizia aktiboa da biktima horiek klubetan, etxebizitzetan, lokaletan, pabiloietan, industrialdeetan, kalean edo txaletetan (publizitatea egiten dutenetan edo egiten ez dutenetan) bilatzeko eta aurkitzeko eta kontaktu diskretu eta isilekoa, baina, aldi berean, aktiboa eta iraunkorra, ezartzeko, oso biktima zaurgarriak baitira.

Era berean, Ertzaintza delitu higuingarri horren aurka borroka egiteko lanean ari diren eragile juridiko eta sozialekin harreman estuan dago: fiskaltza, judikatura, Emakunde, Osakidetza, udaltzaingoak, GKEak (ACCEM, APRAMP, ARRATS, ASKABIDE, BIZKAISIDA, CÁRITAS, CEAR, GURUTZE GORRIA, GIZARTERAKO, GU GAITUN, MUNDUKO MEDIKUAK, OBLATAS, SIDALAVA, …) etab.

Euskadiko datuak

Zifra zehatzak jakitea oso zaila den arren, Ertzaintzaren arabera Euskadin 1.100 bat emakume ari dira prostituzioan 120 leku ezberdinetan.

2010etik gaur arte, Ertzaintzak 31 ikerketa egin ditu sexu-esplotazioa helburu duen gizakien salerosketarekin lotuta. Guztira 72 pertsona atxilotu edo ikertu ditu eta 65 biktima askatu ditu: 63 emakume eta 2 gizon. Biktimak nazionalitate askotakoak dira, baina azkenaldiko ikerketetan askatu diren emakume gehienak Kolonbiakoak, Nikaraguakoak eta Nigeriakoak dira.

Programa

Erronka berriak Gizakien Salerosketaren eta Sexu Esplotazioaren aurrean” jardunaldiak hiru panel izan ditu:

    • Panel judiziala: ordenamendu juridikoak gizakien salerosketari ematen dion erantzuna aztertu da, eta ponentziak prozesu judizialetan oinarritu dira. Instrukzio faseari, aldez aurretik eratutako frogari eta prozesuan zehar biktima babesteari egin zaie aipamena. Panel honetako hizlariak izan dira: Beatriz Sánchez Álvarez Gizakien Salerosketaren eta Atzerritartasunaren arloko Unitatea Koordinatzeko Salako Fiskala eta María Gavilán Rubio Madrilgo epailea. Panel honetan moderatzaile-lanetan Carmen Cotelo Arabako fiskalburua aritu da.

 

    • Panel poliziala: Europako gizakien salerosketaren aurkako polizia-lanaren ikuspegiak eta erronkak azaldu dira, eta prostituzioari buruz dauden eredu abolizionistak eta erregulazionistak aztertu dira. Esku hartu dute Dirk Iserloh Alemaniako poliziako adituak eta Edurne Galán Delgado Gizakien salerosketaren aurka borroka egiteko Ertzaintzaren Batzorde Egonkorreko kideak. Panel honen moderatzailea Patricia Martínez de Musitu Ibaizabalgo Ertzain-etxeko komisario burua eta sexu-esplotazioa helburu duen salerosketan aditua izan da.

 

    • Panel soziala: diziplinarteko arreta eta biktimekin eta biktima posibleekin egiten den lan bateratua izan dira aztergai, bai eta horiek leheneratzea eta arreta-planak ezagutzea ere. Panel honetan kriminologiaren eta biktimen nazioarteko babesaren ikuspegitik eta esku-hartze sozialaren ikuspegi integraletik aztertu dute gaia. Hizlariak izan dira: Samira Raiss kriminologoa, emakumeen aurkako indarkeria-kasuetako esku-hartzeetan aditua eta APECPV/EHPIKEko kidea; Suniva Martínez Estarta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko letradua eta Zehar- Errefuxiatuekin elkarteko zerbitzu juridikoko kidea; eta Marian Arias Roncero, Psikologian lizentziatua eta gizarte-hezkuntzan diplomaduna, eta Askabide elkarteko presidentea. Panel honetan moderatzaile-lanetan Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusia aritu da.