STEAM Euskadi Sariak: abian da sariketaren hirugarren edizioa

0

Hezkuntza Sailak gaur ireki du STEAM Euskadi Sarien hirugarren ediziora proiektuak aurkezteko epea, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. STEAM Euskadi Estrategiaren baitan, ekimen honen helburua da STEM bokazio goiztiarrak bultzatzen dituen hezkuntza-eredu hori sustatzeko jardunbide onenak aitortzea eta ikusaraztea, hau da, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikako bokazioak piztea, betiere Arteekin eta Humanitateekin lotuta (STEAM akronimo ingelesa da, Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzekin sortua).

STEAM Euskadi Sarietan parte har dezakete ikastetxeek, unibertsitateek, hezkuntza ez-formaleko erakundeek, ikerketa-zentroek, enpresek edo Euskadin STEAM hezkuntzako ekimenak garatzen ari den beste edozein erakundek ere bai. Hautagaitzak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik, gaurtik hasita.

Kategoria berria

Aurtengo berritasun nagusia da, sariketak kategoria berri bat izango duela –unibertsitate eta Lanbide Heziketako Ikastetxeei zuzendua- aurreko urteetako bi kategoriekin batera. Kategoria bakoitzean bi sari eta aipamen berezi bat (genero ikuspegitik) izango dira. Ondorioz, Hezkuntza Sailak saritara bideratzen duen diru-kopura ere ugaritu egin da, 12.000 eurotik 18.000 eurora. Honako kategoria hauetan parte hartu ahal izango da:

    • Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak:
        • Lehen saria: 3.000 euro

       

        • Bigarren saria: 2.000 euro

       

        • Aipamen berezia genero ikuspegiari: 1.000 euro

       

 

    • Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak:
        • Lehen saria: 3.000 euro

       

        • Bigarren saria: 2.000 euro

       

        • Aipamen berezia genero ikuspegiari: 1.000 euro

       

 

    • Erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak:
        • Lehen saria: 3.000 euro

       

        • Bigarren saria: 2.000 euro

       

        • Aipamen berezia genero ikuspegiari: 1.000 euro

       

 

Irabazleek euren STEAM proiektura bideratu beharko dute saria: saritutako ekimenean edota horren irismenean hobekuntzak finantzatzeko, edo STEAM ekimen berri bat abiarazteko.

Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren baitan garatzen den ekimen honen helburuak honako hauek dira:

    • Euskadin garatzen ari diren eta estrategian ezarritako helburuak betetzen laguntzen ari diren STEAM hezkuntzako ekimenak identifikatzea

 

    • Ekimen berritzaileenak eta bereziki neskatila, neska gazte eta emakumeentzat direnak aitortzea

 

https://steam.eus/sariak/

STEAM Euskadi Estrategia

STEAM Euskadi Sariak Hezkuntza Sailaren ekimena dira, STEAM Euskadi Estrategiaren baitan sortua. Ikasleen prestakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzea (neskei arreta berezia jarrita) lehentasunetako bat da Eusko Jaurlaritzarentzat. STEAM Euskadi Estrategiaren bidez, Hezkuntza Saila hainbat ekimen gauzatzen ari da STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) hezkuntza bultzatzeko; izan ere, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko elementu giltzarria da hezkuntza-eredu hau.

STEAM Euskadi Sariak martxan jartzearen helburua ere hori bera da: arlo horretako jardunbide egokienak ikusaraztea eta aintzat hartzea, bai haien eraginagatik eta berrikuntza-mailagatik, bai neskatilak, neska gazteak zein emakumeak diziplina horietara erakartzeko duten gaitasunagatik.

Zer da STEAM Hezkuntza?

STEAM Hezkuntza Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak Artearekin eta Giza Zientziekin harremanean lantzen dituen hezkuntza da. Oinarrizko konpetentziak garatzen ditu, bai zeharkakoak bai diziplinazkoak, eta ikasleak ahalduntzen ditu gure gizarteko erronkei era arduratsuan aurre egiteko.

Hezkuntzaren STEAM ikuspegiak arlo horietako kontzeptuak aldi berean eta era integratuan ikastea ahalbidetzen duten egoerak eragiteko asmoa izan ohi du, nahita, arazoak diseinatzeko eta ebazteko testuinguru praktiko batean, enpresetan eta ingeniaritzan egiten den moduan. Ikerketan oinarritzen da, eta ikerketa hori honela gauzatzen da: esperimentuak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, eztabaidatu eta azalpen koherenteak proposatu.