Dora María Téllez 2022ko René Cassin sariduna, Nikaraguan giza eskubideen defentsarekin duen konpromisoagatik

0

Dora María Téllez Argüello (Matagalpa, 1955) historialari eta ikertzaile nikaraguarrak jaso du 2022ko René Cassin saria, giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik.

René Cassin sariaren gala Vitoria-Gasteizen izango da, datorren abenduaren 14ean, eta, bertan, Urkullu Lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango dira, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak ematen duen sariaren epaimahaiak bereziki balioetsi du, edizio honetan, Dora María Téllezek giza eskubideen, emakumeen eskubideen eta Nikaraguako demokraziaren defentsan eginiko ibilbide luzea eta ekina.

Eskubideen murrizketaren eta Daniel Ortega presidentearen erregimenak ezarritako atzerapen demokratikoaren aurkako borroka horren ondorioz, Dora María Téllez, 2021eko ekainetik, preso dago haren lurraldean, zenbait gizarte- eta ekonomia-sektoretako beste kontzientzia-preso batzuekin: enpresaburuak, lider politikoak, erlijiosoak, aktibistak, kazetariak, etab.

Presio-neurri gisa, joan den irailean, Téllezek gose-greba hasi zuen, bere eta kideen askatasuna eskatzeko eta Nikaraguako espetxeetako baldintzen eta haietan jasotzen duten tratuaren aurka protestatzeko.

Biografia

Dora María Téllezek Nikaraguako herriko gizarte-justiziaren aldeko lan-ibilbide luzea du.

Gerrillari den aldetik, haren bizitza arriskuan jarri zuen, Anastasio Somoza generalaren diktadurari amaiera emateko, eta gakoa izan zen ondoren etorri zen bitartekaritza- eta elkarrizketa-prozesuan. Era berean, Gobernu sandinistako Osasuneko ministroa eta Movimiento Renovador Sandinista (MRS) mugimenduaren –2007an Ortegak legez kanpo utzi zuen indar politikoa– sortzaile den aldetik edo Lainoamerikan genero-politiken sustatzaile den aldetik, beti izan da emakumeen eskubideen, demokraziaren eta zuzenbide-estatuaren aldeko defendatzaile irmoa.

Dora María Téllez Nikaraguako aktibistak zenbait titulu eta aintzatespen ditu:

    • Politika Zientzietako Honoris Causa doktorea Helsinkiko Unibertsitatean (2011)

 

    • Historiako masterra Universidad Centroamericana UCAn. (2014)

 

    • UNAMOSeko presidentetza. (1998 – 2007)

 

    • Asanblea Nazionaleko diputatua. (1990-1995)

 

    • Osasuneko ministroa Gobernu Sandinistan. (1985-1990)

 

    • Estatu Kontseiluko presidenteordea. (1980-1984)

 

    • Revolución Popular sandinista iraultzako komandante gerrillaria (1979)

 

Gainera, oraintsu, honoris causa doktoregoa eman diote Sorbonako Unibertsitatean.

René Cassin

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailak deitutako giza eskubideen saria René Cassin (Baiona, 1887) politikari eta jurista frantziarraren omenez sortu zen, hura izan baitzen, 1948an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren inspirazio-iturri nagusia.

Cassinek funtsezko eginkizuna izan zuen, 1950ean, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena prestatzeko orduan. Bakearen Nobel saria jaso zuen, 1968an, giza eskubideen alde eginiko borroka nekaezinagatik; Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuaren sorrerari eskaini zion saria.