Euskadi Bono Dendaren azken kanpainak hamar milioi euro baino gehiago jarri ditu Euskadiko saltoki txikietan

0

Asteburu honetan amaitu da Euskadi Bono Denda-ren azken kanpaina. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beste euskal administrazio batzuekin (toki-erakundeak eta foru-aldundiak) lankidetzan egindako ekimen bat da, Euskadiko hurbileko merkataritzan kontsumoa sustatzeko.

Itxierako datuen arabera, kanpainaren aurrekontuaren % 99,08 egikaritu da: 10.353.090 euro bonuetan eta erabilitako bonuen kopuru orokorra 482.517 bonu dira Euskadiko hiru lurraldeetan.

Lurralde historikoen arabera, 257.000 bonu erabili dira Bizkaian, 145.000 Gipuzkoan eta 79.000 Araban. Banaketa lurralde bakoitzeko biztanleriaren pisuarekiko proportzionala izan da.

Ekimen honek pilatutako injekzio ekonomikoak 30 milioi euro baino gehiagoko salmentak mobilizatu ditu tokiko euskal merkataritzan kontsumoaren atzerapen-aldi batean, inflazioak eta Ukrainako Gerrak eragindako ondorioengatik. Beraz, ekimen honen bidez erantzuna ematen zaie Eusko Legebiltzarrak osoko bilkura monografikoan planteatutako eskaerei, gerraren ondorioei aurre egiteko gure ekonomian.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak nabarmendu du Bono Denda-ren azken hiru kanpainetan 23 milioi euro garbi baino gehiago eman direla, eta, zehazki, azken kanpaina, Gabonetako kanpaina baino lehen amaitu dena, arrakastatsua izan dela.

Zentzu horretan, Javier Hurtado sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak tokiko merkataritzaren alde egiten duela, ekimen honekin eta beste batzuekin, eta gaineratu du orain kontsumitzaile guztiei dagokiela hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egitea, hemen zergak ordaintzen baititu, gure herriak eta hiriak kohesionatzen baititu.

Merkataritza sektoreari dagokionez, sailburuak gogorarazi du normaltasunetik gertu egongo den lehen Eguberria izango dela «covid-19aren pandemiak azken urteetan eragindako murrizketen ostean, beraz, euskal retailaren sektoreak baikor ekingo dio kanpainari, nahiz eta azpisektoreek portaera desberdinak izan.