Lan eta Enplegu Sailak 4,4 milioi bideratuko ditu gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuetara, hamabi udalen bitartez

0

Lurralde Plangintzako Sailarekin koordinatutako Inbertsio Estrategikoen Planaren barruan dago

Lan eta Enplegu Sailak 4,4 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko hamabi udalen bitartez gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak egiteko, eta 179 langabek parte hartu ahal izango dute proiektu horietan.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio 2022-2024ko Inbertsio Estrategikoen Planaren barruan hiri-berroneratze integraleko proiektuei lotutako prestakuntza-, enplegu-, orientazio- eta laguntza-ekimen honi, gizarteratzeko eta laneratzeko.

Enpleguko, prestakuntzako, orientazioko eta laguntzako programen helburua prestakuntza-planak eta -programak garatzea da, esku hartu beharreko eremu, auzo edo hiri-multzoetako langabetuak birkualifikatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarteratzeko eta laneratzeko. Zehazki, deialdi honetan 12 udalek (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Arrasate, Bermeo, Errenteria, Irun, Leaburu, Sestao, Eibar, Soraluce eta Elgoibar) onartu eta sustatutako hamahiru enplegu-programa finantzatuko dira.

Programa horiek 17 onuradun-talderi zuzendutako prestakuntza emango dute, eta, horiei esker, 179 egoiliarri edo esku-hartze eremuetatik hurbil daudenei gizarteratzeko ibilbideak ezarri ahal izango zaizkie, 10 eta 20 parte-hartzaile bitarte talde bakoitzeko.

Ekimen hau Lan eta Enplegu Sailak bazterketa-arrisku larrian dauden kolektibo eta pertsona guztien gizarteratzea lortzeko ekintzak sustatzeko duen funtzioaren barruan kokatzen da, bazterkeria-ratio handia duten populazio-eremuetan prestakuntza, aktibazio, laguntza eta enpleguko jardueren bitartez. Gainera, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin lankidetzan aritzearen emaitza da, hiri-berroneratzeko proiektuak eta enpleguko, prestakuntzako, aktibazioko eta laguntzako programak aldi berean abian jartzeko.