Lehendakariak Euskararen Aholku Batzordearen bileran azpimarratu du alor guztietako euskarazko eskaintza modu integralean indartzen jarraitu behar dela

0

Euskararen Aholku Batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duena, elkartu da gaur urteko egitasmoen jarraipena egin eta hurrengo urteko jarduerak lantzeko. Lehendakaritzan egin den bileran Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ere parte hartu dute batzordea osotzen duten gainontzeko kideekin batera.

Bileraren hasieran Lehendakariak esan duenez “adostasuna eta eraginkortasun inklusiboa oinarri dituen gizartegintza aurreratuaren osagarri ezinbestekoa da euskararen biziberritzeko ahalegina”. Iñigo Urkulluk gaineratu duenez  “Munduan, gaur erabateko lege denez, etengabeko aldaketa-egoeran bizi da gure gizartea; eta bere baitan gauzatzen diren prozesuak etengabe berraztertzeko premia du, baita euskararen biziberritzearen alorrean ere”.

Lehendakariak bere hitzaldian gogorarazi duenez euskal gizartearen osaera ez da duela berrogei urtekoa “oso bereziki gure gazteen bizimoduari dagokionez; eta zer esanik ez komunikazio- eta harreman-moldeei dagokienez.  Badakigu aldaketa bera izango dela dinamika sozialen konstante bat. Beste horrenbeste aurreikus dezakegu euskara biziberritzeko langintzari buruz”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gazteak ere izan ditu hizpide eta “erabilerarako esparru eta aukerak irabaztea erronka nagusi dugun honetan, ezinbestekoa dugu pertsonen bizi-baldintzak, -ohiturak, -ahalmenak eta -aukerak kontuan hartzea, horietan euskara ohikotasunez txertatzeko bidea urratzeko proposamenak egiterakoan. Oso bereziki gazteei dagokienez”. Lehendakariak azpimarratu duenez adostasuna, eraginkortasuna eta ikuspegi inklusiboa dira Euskararen Legeak abian jarri zuen ibilbidearen zutabe sendoenak eta “gizarte eleaniztun batean ezinbestekoagoa da hiru zutabe horien arteko sintesia kontuan izatea. Bereziki zaindu behar baita helburuaren beraren erakargarritasuna, euskarekiko esperientziaren erakargarritasuna, alegia. Euskal hiztunaren autoestimuarekin batera, nagusiki, berriz ere, gazteengan”.

Bukatu aurretik Lehendakariak adierazi du euskaraz ere bizitzeak “erosoa” gertatu behar duela eta herritarren premiei egoki erantzuteko nahikotasuna bermatu behar duela modu progresiboan: “euskararen unibertsoak gero eta aukera sendoagoak eskaintzen ditu bide horretan aurrera egiten jarraitzeko. Modu integralean jarraitu behar da alor guztietako euskararen eskaintza indartzen, kultura eta aisialdiaren alorretan bezala, lan munduarenean edo herritarren parte-hartze sistemetan ere”.

Euskararen Aholku Batzordea

Euskararen Aholku Batzordearen helburua da ahaleginak eta proiektuak batzea eta koordinatzea euskara normalizatzeko. Gaur egun 26 kidek osatzen dute Euskararen Aholku Batzordea eta lau batzorde-atalez osotuta dago: ESEP berritzeko batzorde atal berezia; ingurune digitalarena; hizkuntza eta generoarena; eta eremu sozioekonomiko pribatuarena. Batzorde-atal horietan gizartearen ordezkaritza zabala batzen da; izan ere, arlo bakoitzean adituak diren pertsonek osatzen dituzte.

Gaurko bileran batzorde atal bakoitzak bere lan jarduera azaldu du eta aurrera begira dituzten erronka nagusiak azaldu dituzte. Besteak beste Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria garatzeko bidean lantzen ari diren markoa aztertu dute.