Lehendakariak Gaztemundun parte hartzen ari diren euskal etxeetako gazte talde bat hartu du

0

Iñigo Urkullu lehendakaria, Gorka Alvarez Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak lagunduta, gaur goizean elkartu da Argentina, Txile, Kolonbia, Ameriketako Estatu Batuak, eta Uruguaiko euskal etxeetatik etorri diren 20 gazterekin. Gazte horiek aurtengo Gaztemundu programan ari dira parte hartzen.

Basque Country estrategiaren barruan sartzen da Gaztemundu programa; 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak helburu bikoitz honekin: batetik Euskadiren errealitatearen alderdi guztiak ezagutzera ematea; eta, bestetik, belaunaldi berriei euskal etxeetako bizitzan aktiboki integratzen laguntzea. Xede horrekin, euskal etxeetako gazteek 15 eguneko egonaldia egin ohi dute Euskal Herrian, bertan bizi diren eta bertan lan egiten duten pertsona, erakunde, antolakunde eta enpresekin harremanetan jartzeko eta Euskadi barruko eta kanpoko gazteen arteko kontaktu-plataformak sortzeko.

Gaztemundu 2022rako asmoa Programa berrabiaraztea da, 2020ko eta 2021eko edizioetan etenda egon zena, Covid-19 koronabirusaren pandemia dela-eta nazioarteko mugikortasunari ezarritako murrizketen ondorioz. Beraz, 2022ko edizio honekin, GAZTEMUNDU programa abian jarri da berriro, eta aurten parte-hartzaile gehiagori ireki zaie (20ri, 15 izan beharrean), aurrekontua handituz eta parte- hartzaileei Euskal Herriaren egungo ikuspegi historiko, ekonomiko eta kulturala eskainiz.

Edizio honen gaia gaur egungo Euskadiren ikuspegi bat eskaintzea da, bere bilakaera historikoarekin eta tradizio kulturalarekin lotuz, horretarako esanguratsuak diren tokietara bisitak eta prestakuntza-jarduerak eginez. Hala, abenduaren 4tik 20ra bitartean, parte-hartzaileek lan-jardunaldietan, eztabaida-foroetan eta bisita kultural, instituzional eta turistikoetan parte hartuko dute.