Erakundeek urrats berriak eman dituzte Irunen trenbidea modu jasangarrian integratzeko

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak bisita egin du ostiral honetan, Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroarekin eta Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin batera, Via Irun proiektua garatuko den lekura. Proiektua datozen hilabeteetan gauzatzen hasteko, erakundeak urratsak ematen ari dira. Ekimen honek trenbidearen integrazio iraunkorra bilatzen du Irunen, trenaren azpiegituren gaineko jarduketen eta hiri-berroneratzearen bitartez.

Bidaiarientzako geltoki berria egiteko lizitazio-fasean dago Adif, 70 milioiko inbertsioarekin, eta Eusko Jaurlaritzak, Adifek eta udalerriko Udalak hitzarmena sinatu berri dute geltoki berria hiriaren erdigunearekin lotuko duen hiri-pasabide berria eraikitzeko, 6,9 milioi euroko aurrekontuarekin.

Iñaki Arriola Garraioetako sailburuak azpimarratu duenez, “urte askotako lanaren ondoren, sei hilabete baino gutxiagoan Via Irun puzzle handi hori nola egokitzen hasi den ikusiko dugu, ahalegin handi baten eta erakundeen arteko lankidetza askoren ondoren”.

Hiri-pasabide berria

Pasabideak geltokiaren parean zeharkatuko du trenbide-zabaltza, eta 6,86 milioi euroko aurrekontua izango du. Kopuru horren % 22,22 (1,5 milioi euro) Eusko Jaurlaritzak jarriko du, % 33,33 ADIFek eta % 44,45 Irungo Udalak, proiektua idazteko, obrak egiteko eta azpiegitura martxan jartzeko. Azpiegitura berri horren bidez, tren-zerbitzuak erabiltzen dituzten herritarrek konexio zuzena izango dute Euskotrenen Lasarte-Oria / Hendaia linearekin, baita hiri-autobus lineekin ere, Irun Bidea izeneko eremuan. Era berean, Gipuzkoako udalerri horretan trenbide-zabaltzak eragindako etena libratzea ahalbidetuko du.

Pasabideak geltokirako bigarren sarbide bat zabaltzea ekarriko du eta eraikina hiriaren erdigunearekin lotuko du. Pasabidea Geltokiaren plazarekin lotuko da mendebaldean, bidaiarien eraikin berriari atxikitako trenbide-zabaltza zeharkatuko du iparraldetik luzera osoan, eta Sebastian Errazu kalearen inguruarekin lotuko da ekialdean, tren-geltokiaren inguruko auzoentzako irisgarritasuna bermatuz.

Proiektua dagoeneko idazten amaitzen ari dira, eta datozen hilabeteetan obrak lizitatzea aurreikusita dago ADIFen eskutik.