Azaroaren amaieratik aurrera zabalik dago Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Administrazio Orokorrean enplegu publikoa finkatzeko prozesuaren hirugarren faserako eskabideak aurkezteko epea, abenduaren 23ko 14:00etan amaituko dena. Fase honetan, 949 plaza deitzen dira funtzionarioen kidego eta eskala jakin batzuetarako, bai eta lan kategoria batzuetarako ere.
Deitutako plazak dira, besteak beste, gizarte eta lan arreta, ingurumena, osasun publikoa eta epidemiologoak, medikuntza, farmazia, informazio sistemak, albaitaritza, laneko arriskuen prebentzioa, nekazaritza edo abeltzaintzako sektorea.
Plazetara salbuespenezko prozesu edo prozesu berezi baten bidez sartu ahal izango da, edo bi bideetatik. Enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesua lehiaketa bidez egiten da, eta deialdi bakoitzaren oinarrietan zehaztutako merezimenduak baloratuko dira, hala nola antzeko lanpostuetan, titulazioetan edo hizkuntzetan emandako esperientzia urteak. Enplegua finkatzeko prozesu berezia lehiaketa-oposizio bidez egiten da: lehenik, nahitaezko probak egiten dira, eta, gainditu ondoren, izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzen dira.
Hiragarren fase honetan, eskainitako plaza gehienak salbuespenezko bidetik esleituko dira, 704 guztira, eta gainerako 245ak lehiaketa-oposizio prozesu bereziaren bidez.
Administrazio Orokorrak, urtea amaitu baino lehen, lanpostuak betetzeko eta hautatzeko prozesuak deitzea aurreikusten du, bai funtzionarioentzat, bai lan kontratuko langileentzat, 3.700 plaza inguru osatu arte, gutxi gorabehera. Lehenengo fasean 24.061 eskatzaile aurkeztu ziren deitutako 1.272 eskala eta lan kategorietarako. Bigarrenean 14.041 pertsonak eman zuten izena deitutako 1.034 plazetarako.
Finkatze prozesu honetako deialdietako plaza guztien %60,7 merezimendu lehiaketa bidez ebatziko da, eta gainerako % 39,3a oposizio-lehiaketa bidez.