Ertzaintzak Itsasondon 1995ean hil zituzten José Luis González Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria ertzainak omendu ditu

0

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak, Gipuzkoako Lurralde Burutzarekin, Oriako Ertzain-etxeko Burutzarekin eta José Luis González eta Iñaki Mendiluze agenteen lankideekin batera, omenaldi hunkigarria egin diete bi ertzainei, atentatutik 27 urte bete direnean. Lore-eskaintza ETA talde terroristak hil zituen ertzainen omenez Beasaingo Ertzain-etxean jarritako monolitoaren ondoan egin da. Ekitaldian omenaldia Ertzaintzarekin batera antolatu duten senitarteko eta ahaideak ere izan dira.

Iñaki Mendiluze Etxeberria eta José Luis González Villanueva 1995eko abenduaren 10ean hil zituzten Itsasondon, bertako baserri baten inguruan atzetik hainbat tiro jaso ondoren.

Konpromisoa Memoriarekin

Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura” arautzea.

ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin ziren agenteei Ertzaintzak proposatu die minutu bateko isilaldia egitea euren lanpostuetan. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.

Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).