Urduñako hilerriko espetxe frankistako biktimak identifikatzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza

0

Urduñako hilerria bisitatu du Beatriz Artolazabalek asteartea ez gero egiten ari diren desobiratze lanak jarraitzeko. Bertan izan dira, halaber, José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Egun hauetako desobiratzeek jarraipena ematen diote 2014an hilerri horretan bertan hasitako lanari; izan ere, orduan, 14 biktimaren gorpuzkiak erreskatatu zituzten, Urduñan, lehenik kontzentrazio-esparrua eta ondoren espetxea izan zen horretan, hil ziren presoak erreskatatzeko eta identifikatzen saiatzeko.

Beatriz Artolazabalek esan du gaur identifikazio- eta entrega-prozesu berri bati ekin zaiola. “Espero dugu lurpetik ateratako 53 gorpuzki berri horiei egingo zaizkien proba genetikoetatik abiatuta, identifikatu ahal izatea eta beren etxekoen bila jarraitzen duten familiei erantzun ahal izatea, familien doluaren zikloa itxi ahal izateko”.

Gaurko bisita instituzionalean, espetxe frankistako hiru biktimaren senideak izan dira. Zehazki, Bernardo Rodríguez Rincón, Domingo Galindo González eta Saturnino Frutos Rubioren senideak dira. Hirurak 1941eko martxoan hil ziren Urduñako espetxe zentralean, eta hirurak Badajozeko Castuera espetxetik ekarri zituzten.

Beatriz Artolazabalek honako hau adierazi du: «Familia horiek berresten digute erakunde demokratikoen memoria-betebeharra. Espero dezagun guztion baterako lanak, azkenik familia hauek merezi duten emaitza ekarriko duela. Ahalegin guztiak egingo ditugu horretan”.

Sailburuak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin harremanetan jartzeko eskatu die Urduñako kontzentrazio-esparruko eta espetxe zentraleko biktimen familiei, lagin genetikoak hartzeko prozesua hasi ahal izateko, eta, ondorioz, gorpuzkiak identifikatu ahal izateko prozesua hasteko.

Hil zirenetik igarotako denborak azken urrats hori zailtzen badu ere, Eusko Jaurlaritzak, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, frankismoaren biktimak identifikatzeko programa bat du zabalik. Orain arte, Gogora Institutuak kontaktua du Urduñako espetxe frankistako biktimen 36 familiarekin, eta 17 DNA lagin ditu dagoeneko.

Asteartetik Urduñako hilerrian egiten ari diren deshobiratze-lanei esker, dagoeneko Bizkaiko hirian dagoen espetxe frankistaren 53 biktima aurkitu dituzte. Aranzadi Zientzia Elkarteak hilerriko beste kokapen batzuetan prospekzio lan berriak egingo ditu, gorpuzki gehiago ote dauden jakiteko.  Jarduera hau Eusko Jaurlaritzaren ‘Gerra Zibileko desagertuen bilaketa’ programaren barruan kokatzen da, Aranzadi Zientzia Elkartearekin duen hitzarmenaren bitartez eta Urduñako Udalaren lankidetzarekin.

Lurperatze horiei buruzko dokumentazio historikoak eta jaso ahal izan diren testigantzek adierazten dutenez, egun hauetan induskatutako eremuan lurperatutako gorpuzkiak 1941eko otsailetik ekainera bitartean Urduñako Espetxe Zentraletik etorritako presoenak dira. Ezaguna da, halaber, garai hartako presoak Euskaditik urrun zeuden lekuetatik zetozela; hala, Urduñan gatibu zeudela hil ziren pertsona gehienak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Kataluniako erkidegoetakoak ziren. Guztira, kalkuluen arabera, 225 pertsona hil ziren lehenengo kontzentrazio-esparrua izan zen horretan (1937-1939) eta gero espetxea bihurtu zen horretan (1939-1941).

2014an, Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren 14 pertsonaren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik, ustez 1941eko otsaila eta ekaina bitartean  hildakoak. Haien gorpuzkiak ezin izan dira identifikatu oraindik, eta, beraz, Urduñan aurtengo uztailean inauguratutako Duintasunaren Kolunbarioan daude.