Bikain Ziurtagiri banaketa ekitaldian 28 entitatek euskararen erabilera areagotzeko egindako lana aitortu du Eusko Jaurlaritzak

0

Donostiako Kursaal jauregian Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia izan da gaur arratsaldean. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea izan da ekitaldiaren buru Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranekin batera. Biek ala biek, ziurtagiria jaso duten entitateen ahalegina txalotzeaz gain, esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko egiten duten lana balorean jarri dute.

Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiriak esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Aurten 28 entitatek jaso dute aitortza hori. Guztiak, Bikain Ebaluatzaile Klubeko kideek egindako kanpo-ebaluazio prozesu batean aritu dira urtea hasi zenetik. Aurten 100 ebaluatzailetik gora aritu dira lan horretan.

Bikain ziurtagiria jaso duten 28 entitateen artean, hamaikak Goi Maila dutela egiaztatu dute; beste hamalauk, tartekoa; eta hiruk, oinarrizkoa. Entitateen izaerari dagokionez, pribatu eta publikoen arteko oreka nabarmendu behar da, hamalau pribatuk eta beste horrenbeste publikok jaso baitute aitortza. Hauek izan dira:

Oinarrizko maila: 

    • NEIKER, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea

 

    • Servicios Auxiliares Sureuskadi

 

    • Tekniker Fundazioa

 

Tarteko maila:

    • Alokabide S.A.

 

    • Arabako Campuseko Errektoreordetza (UPV/EHU)

 

    • Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua

 

    • Bilbao Bizkaia Museoak S.L.

 

    • CIPF Bidasoa LHII

 

    • Codesyntax S.L.

 

    • Ekintza Fundazioa

 

    • Energiaren Euskal Erakundea

 

    • Euskal Irrati Telebista

 

    • Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (UPV/EHU)

 

    • Itelazpi S.A.

 

    • Ugao-Miraballesko Udala

 

    • Vicomtech Fundazioa

 

    • Zegamako Udala

 

Goi maila:

    • Abusu Ikastola

 

    • Altzoko Udala

 

    • Ataungo Udala

 

    • Eibarko Udala

 

    • Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetza (UPV/EHU)

 

    • Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Koop. Elk.

 

    • Lekeitioko Udala

 

    • San Antonio Ikastetxea, Irakasleon Kooperatiba

 

    • Siadeco Ikerketa Elkartea

 

    • Usurbilgo Udala

 

    • Ziur

 

Banaketa ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu duenez “BIKAIN ebaluazioan parte hartzeak esan nahi du lehenik, euskararekiko konpromisoa izatea. Euskarak aitortutako entitateetan balioa duela esatea. Balioa duela, entitate euskaldunak direlako, gero eta kalitatezkoagoa den zerbitzua eman nahi dutelako, herritarren eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko ardura hartua dutelako, euskarak lantokian eta kanpora begira balio-erantsia duelako.  Gero eta entitate gehiagotan du euskarak balio ekonomikoa eta balio soziala”. Sailburuak gaineratu duenez ebaluazioetan erakutsitakoaren arabera “euskara berrikuntza da entitate baten kudeaketan. Balio soziala ematen dio, integraziorako tresna gisa baliatzen dute, kalitatearen elementu esanguratsua da, egiten eta izaten jakite bat da, euskara lehiakorragoa izatea da, balio monetarioa du irabazi-irabazi gunean kokatzen dugunean, erantzukizun sozialez jokatzea esan nahi du eta ekologiaren jasangarritasun printzipioetan kokatzen da, enpresako langileen harremanak sendotzen ditu, nortasun eraikitzailea da, kohesionatzailea da, euskara marka da gure testuinguruan eta munduaren aurrean”.

Zupiria sailburuak gogorarazi duenez “Euskararen Legea, VII. Normalizazio Plangintza, Eremu sozioekonomiko pribatuan euskara sustatzeko plana, entitate pribatuekin adostutako hitzarmenak, eskualdeka garatzen ari garen proiektu estrategikoak, Euskaraldian entitateek erakutsi duten antolakuntza nahiz partaidetzarako ahalmena, herritarren aldeko jarrera… Badira mila motibo euskarak lan munduan tokia izateko aukeretan indar handiagoa egin dezagun.   Lan mundu publikoan herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz, eta lan mundu pribatuan, balio ekonomiko nahiz sozialetan mamituz”. Azpimarratu duenez, bidaia horretan entitateek Eusko Jaurlaritza bidelagun izango dute “jarduera ekonomikoan euskarak bere lekua izatea badelako gure helburu handi bat. 2023an aurkeztuko dugun VII. Normalizazio plana eta Eremu Sozioekonomikoan euskara sustatzeko plana dira horren guztiaren oinarri”.

Aro berri baten hasiera

Gaurkoa, hamalaugarren Ziurtagiri banaketa ekitaldia izan da; mugarri bat. Izan ere, datorren urtetik aurrera ebaluazio sistema aldatu egingo da. 2023 urte hasieran Dekretu berria sartuko da indarrean eta ebaluazio sistema egokitu egingo da. Orain arte, entitate pribatu eta publikoek ebaluazio sistema bera jarraitu dute. Datorren urtetik aurrera, ordea, sistema multzo bakoitzaren ezaugarrietara egokituko da. Entitate pribatuen kasuan, oinarrizko ziurtagiriaren aurretik maila baxuagoko beste aitortza bat izango dute, euskararen normalizazioan emandako lehenengo urratsak aitortuko dituena

Orain arteko ibilbidean, aurtengoekin, 465 Bikain Ziurtagiri banatu dira.

Euskararen ubera 

Itsasontziek, traineruek, uretako motorrek… itsasoa zeharkatzen dutenean uzten duten arrastoari esaten zaio ubera. Eta aurtengo banaketa ekitaldian, Euskaren ubera leloa erabili da, Bikain Ziurtagiriak, edo Ziurtagiria txertatzeko prozesuak ere, bere arrastoa uzten duelako entitate ezberdinetan, euskararen ubera.

Arrasto horri segika aritu dira Amaia Elizaran dantzaria, Xabier Zeberio biolin-jotzailea eta Andoni Egaña bertsolaria ere ekitaldian zehar eskaini dituzten emanaldietan.