Elebiden hizkuntza eskubideen urraketarekin lotutako 277 intzidentzia jaso ziren iaz, aurreko urtean baino 31 gehiago

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  • Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuan jasotako intzidentzia gehienak kexak izan dira eta gehienak, %98,7, eskubide-urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon dira
  • Kexa guztien % 83,7 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 16,3 esparru pribatukoak

Gaurko Gobernu Kontseiluak Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2021eko txostena onartu du. Txosten horren arabera iaz hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 277 intzidentzia erregistratu ziren, aurreko urtean baino 31 gehiago.  277 intzidentzia horietatik 18 baliogabetu egin ziren aurreko baten errepikapena edo errakuntzak zirelako. Gainontzeko 259 intzidentzietatik 20 ez ziren onartu intzidentzia izapidetzeko oinarri juridikorik ez zegoelako. Ondorioz, 2021ean 239 intzidentzia izapidetu ziren.

Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 227 kexak izan ziren, eta horien artean 224tan (% 98,7) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; eta, 3 kasutan, eskubide-urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien % 83,7 (190 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 16,3 (37 kexa) esparru pribatuari zegozkion. Gainontzeko intzidentziak kontsultak (5), eskaerak (4) eta iradokizunak (3) izan dira.

  1. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu diren intzidentzien % 61,8 (160 intzidentzia) gizonezkoek aurkeztu dituzte, eta % 28,6 (74 intzidentzia) emakumezkoek. Gainerako intzidentziak, 25, erakunde publikoek zein pribatuek aurkeztu dituzte.

Kexak esparruz esparru

Kexa guztien % 83,7 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izanik, nabarmendu behar da kexa horien guztien artean gehienak EAEko Administrazio Orokorrari (% 53,7) eta Toki Administrazioari (% 23,7) lotuta gertatu zirela.

EAEko sektore publikoaren aurkako kexei erreparatuz honako kexak jaso zituen Elebidek:

  • 53 Eusko Jaurlaritzaren arau urraketen salaketak izan ziren (Osasun Saila, 20; Segurtasuna,12; Gobernu Publikoa eta autogobernua, 11; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumena, 3; Ekonomia eta Ogasuna, 2; Hezkuntza, 2; Turismo, Merkataritza eta Kontsumoa, 1; Berdintasun, Justizia eta gizarte Politika, 1; eta, azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika, 1)
  • 49 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoek jaso dituzten kexak dira (horietatik 28 Osakidetzak jaso dituen kexak dira, aurreko urtean baino 19 gutxiago; Eusko Trenbideak 8 kexa jaso ditu; Osatek-ek 3; EITBk 2; Lanbidek 2…).
  • Foru aldundien kontra aurkeztutako kexen kasuan 2021ean 2020an zehar baino kexa gehiago jaso dira, 6 gehiago, hain zuzen ere. Igoera hau Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundian gauzatu da: Bizkaiko Foru Aldundian kexak 2020an 5 izatetik 2021ean 12 izatera; eta Gipuzkoako Foru Aldundian kexarik ez izatetik bat izatera pasatu baitira. Arabako Foru Aldundian, ordea, 4 izatetik, 2 kexa izatera pasatu da.
  • Toki administrazioei dagokienez, 45 kexa jaso ziren, aurreko urtean baino 9 gutxiago. Arabako udalek 2 kexa jaso zituzten 2021ean, 2020an baino 8 gutxiago. Bizkaiko udalei eta haren menpeko erakundeei dagokienez, 43 kexa jaso zituzten guztira 2021ean, 2020an baino 8 gehiago.  Azkenik, Gipuzkoako udalak 2020an 9 kexa jasotzetik 2021ean bat ere ez jasotzera pasatu ziren.
  • Estatuko Administrazioari eta haren erakundeei eta sozietateei (Correos y Telégrafos SA, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, Lan Ikuskaritza, Justizia Ministerioa, Polizia Nazionala, Renfe eta SEPE) zuzendutako kexak 23ra igo ziren (2020an 13 izan ziren).

Esparru pribatuari dagokionez 37 kexa jaso ziren 2021ean, aurreko urtean baino 9 gehiago. Urraketak arlo hauetan gertatu ziren:

  • Zerbitzu unibertsaletan eta interes orokorreko zerbitzuetan (22)
  • Kultura, kirola eta aisia (4)
  • Merkataritza (4)
  • Finantzak eta aseguruak (3)
  • Hezkuntza (1)
  • Osasuna (1)

Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu ziren kontuan. Kexak onartzeko orduan kontuan izan dira arlo pribatuko hizkuntza-eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren abenduaren 22ko 6/2003 Legea -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena-, eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua-, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza-eskubide bermatu behar dituzten.

Kexen tipologia

  1. urtean Elebiden izapidetu ziren 227 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira:
  • Idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak: 59 kexa jaso ziren, kasu gehienetan kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan.
  • Ahozko harremanetan izaten direnak: 54 kexa jaso ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela. Horrez gain, 24tan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela.
  • Hizkuntza-paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…): 37 izan ziren 2021ean. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean jarritako kartelei, trafiko seinaleei eta kale zein laneko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat. 3 kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko ahozko zein idatzizko harremanetan, bai hizkuntza-paisaian.
  • Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak: arau urraketak 40 izan ziren, 2020. urtean baino 17 gehiago.

Kexen konponbidea

2021ean izapidetutako 227 kexetatik 117k (%51,5) irtenbide egokia izan zuten. 102 kexa (%44,9) izan ziren irtenbiderik gabe itxi zirenak, erreklamatuak Elebidek bidalitako jakinarazpenei erantzun ez izateagatik. Azkenik, 8 kexak (%3,5) ez zuten irtenbiderik izan herritarrak erreklamatutako entitatean emandako erantzuna ez zuelako onartu.

Elebide

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Bere hastapenetik hiru dira Elebideren berezko eginkizunak:

  1. Hizkuntza eskubidek sustatu eta bermatzea
  2. Berme hori eraginkorra izan dadin prozedura bat ezartzea
  3. Konponbideak ezartzeko ardura duten administrazioekin eta erakundeekin lankidetzan jardutea

Honako hau da, urtez urte, Elebiden jasotako kexen kopurua:

URTEA INTZIDENTZIA-KOPURUA
2007 248
2008 310
2009 225
2010 297
2011 296
2012 340
2013 359
2014 412
2015 789
2016 576
2017 346
2018 245
2019 194
2020 246
2021 277