Etxebizitza Sailak alokairu babestuko etxebizitzak entregatu dizkie Legutioko ia berrogeita hamar familiari

0
  • Bi eraikinetan banatuta dauden 42 etxe dira
  • Esleipendunak gaur hasiko dira etxebizitzetan sartzen, eta prozesua datozen asteotan amaituko da

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Alokabide sozietate publikoaren bitartez, asteartean hasi da Legutioko Beheko Kaleko alokairu babestuko etxebizitza berrietako giltzak esleipendunei ematen, eta prozesua datozen asteotan, urtarrilean, amaituko da.

Legutioko kirol-esparrutik, liburutegitik eta eskolatik hurbil dauden bi eraikin ezberdinetan banatuta dauden 42 etxe dira guztira, eta urtegira begira daude. Bi eraikinek lau solairu dituzte, bai eta ekipamendu eta saltokietarako beheko solairu bat eta etxebizitza guztientzako garaje-plazak dituen sotoa ere. Esleituko diren 42 etxebizitzetako 19k hiru logela dituzte, 11k bi –horietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude– eta 12k bakarra.

2015ean onartu zen Etxebizitzaren Euskal Legeari jarraituz, etxebizitza berri hauek alokairu babestukoak dira. Etxebizitzak eskuratu ahal izateko, eskatzaileek baldintza batzuk bete behar izan dituzte: jabetzan etxebizitzarik ez izatea, 9.000 eurotik 39.000 eurora bitarteko diru-sarrerak izatea (gutxieneko diru-sarreren baldintza hau ez da eskatzen mugikortasun urria edo adimen-desgaitasuna duten pertsonen, genero-indarkeriaren biktimen edo etxebizitzarako eskubide subjektiboa duten pertsonen kasuan).

Etxebizitzak esleitzeko prozeduran 1.021 pertsonak eman duten izena, eta prozesuan eremuko etxebizitza-eskaera kontuan hartuta bete dira aurretik ezarritako kupoak. Horrela, 15 etxebizitza (sustapen honetako % 38,5) esleitu zaizkie titularretako bat behintzat 36 urtetik beherakoa duten bizikidetza-unitateei, % 23 (bederatzi etxebizitza) etxebizitza-premia berezia duten pertsonei, % 5 (bi etxebizitza) etxebizitzarako eskubide subjektiboa duten pertsonei, eta hamahiru (sustapeneko % 33,5) gainerako eskatzaileei, eta horietako hiru mugikortasun urriko pertsonei esleitu zaizkie.