Eusko Jaurlaritzak 6,6 milioi gehiago emango ditu 2022ko LEADER laguntzetan (Gobernu Bilera 2022-12-13)

0
  • Zuzkidura horrekin laguntzak 15,7 milioikoak izango dira, eta deialdian aurreikusita zegoen finantzazioarekin konparatuz, 100 proiektu gehiago lagundu ahal izango dira
  • 2017 eta 2021 urteen artean, 39 bat milioi onetsi dira LEADER programako laguntzetan 

Eusko Jaurlaritzako kontseiluak 2022rako laguntzen deialdia onetsi zuen urtarrilean LEADER eremuetako landa-udalerrietako sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako. Zuzkidura ekonomikoa bederatzi milioi eurotik gorakoa zen. Pertsona fisiko eta juridikoek eta erakunde publikoek 398 esakera egin dituztenez, eta ahalik eta proiektu gehienei laguntze aldera, kontseiluak LEADER deialdiko funtsak 15,7 milioi euroraino handitzea erabaki du.

Laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kudeatzen ditu MENDINET Tokiko Ekintza Taldearekin batera, eta honako hauek dira laguntza-ildoak:

  • Ekintzailetza babesteko laguntzak
  • Enpresak sortu, zabaldu eta modernizatzeko inbertsioetarako laguntzak
  • Besteren kontura kontratatzeko laguntzak
  • Leader udalerrietako azpiegituretarako, oinarrizko zerbitzuetarako eta berrikuntza-lanetarako laguntzak
  • Etxebizitzarako laguntzak

LEADER eremurako aukeratutako euskal udalerriak hartzen dituen eremu geografikoan aplikatuko dira laguntzak (guztira 122; horietan, 93.000 pertsonatik gora bizi dira eta Euskadiko udal landatarrenak barne daude). Laguntzak dirulaguntza ez itzulgarriak izango dira, eta horiez baliatu ahal izango dira pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak zein pribatuak, nortasun juridikoa dutenak ala ez dutenak, edo unitate ekonomiko edo ondare banandu mota oro, nortasun juridikorik izan ez arren udalerri horietan aurreikusitako proiektuak eta jarduerak egin ditzaketenak.

Azken aurrekontu-zuzkidurarekin 290 proiektu inguru finantzatu ahal izango dira; horietatik 175 sektore publikoko proiektuak izango dira, eta gainerakoak pribatuak.