Eusko Jaurlaritzak natura-baliabideak antolatzeko plan berriak onartu ditu Valderejoko eta Izkiko natura-parkeetarako

0
  • Haien mugak aldatu, araudia sinplifikatu eta arindu eta titularrei segurtasun juridiko handiagoa eskaintzen diete

Astearte honetan Gobernu Kontseiluan onartutako natura-baliabideak antolatzeko plan berriek integrazio harmonikorako proposamen bat egiten dute, eta, horretarako, indarrean dagoen araudi sektorialetik datozen zehaztapenez gainera, arau eta irizpide berriak jasotzen ditu, honako hauek bermatzeko: natura-baliabideen kontserbazioa eta habitaten eta Batasunaren eta eskualdearen intereseko espezieen kontserbazio-egoera ona, bai eta natura-ondareko gainerako elementuena ere, eta espazioari lotutako sektore ekonomikoen jarduera mantentzea eta haren erabilera publiko egokia egitea.

Plan horiek natura-ondarea kontserbatzeko onartu den legeria berrira egokitzen dira, EAEko 9/2021 Lege berrira. Bi natura-parke horiek Natura 2000 Sarean sartzeak aldaketa dakar naturagune babestu horiek kontserbatzeko irizpide eta helburuetan; beraz, 9/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, NBAP berria prestatu behar da, kontuan hartuta, era berean, lehen dokumentuak onartu zirenetik igarotako denbora, 1998a Izkiren kasuan eta 1992a Valderejoren kasuan.

Izkiko naturaguneak lau babes-figura ditu: natura-parkea, natura-monumentua, kontserbazio bereziko eremua (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremua (HBBE); bi azken horiek Natura 2000 Europako sare ekologikoaren barruan. Gauza bera gertatzen da Valderejo-Sobron-Arzenako eremuarekin, honako figura hauekin babestuta baitago: natura-parkea, kontserbazio bereziko eremua (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremua (HBBE). Bi espazio horiei, haien natura-balioengatik, zenbait babes-figura aitortu zaizkie, eta irudi horiek zenbait dokumentu eta araudiren arabera daude araututa. Lege-esparru berriarekin bat etorriz, haien araudiak eta arauketak dokumentu bakarrean bateratu behar dira.

Espazio honetan aplikagarriak diren plangintza-tresnen edukiak jasotzeaz gainera, mugaketa geografikoak bateratzeko aprobetxatu da; horrek kudeaketa sinplifikatu eta errazten du eta berme eta segurtasun juridiko gehiago eskaintzen die naturagune babestu horietako lursailen titularrei.

Bi espazio horien araudia haien aitorpenetik indarrean sartutako gainerako lege-eskakizunen betearazpenera egokitu da, eta haiek klima-aldaketara egokitzeari buruzko atala sartu da, bai eta diagnostiko bat ere; diagnostikoak bereziki kalteberak diren espezie eta habitat zerrenda bat jasotzen du, bai eta helburuak, ekintzak eta bilakaeraren adieraleak eta betearazpena ere, eta beste gune babestu batzuekiko konektibitate-plan bat. Kontuan hartuta, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren ekonomia- eta araudi-txostenaren gomendioak eta foru-aldundiek eginiko eskaera eta Natura 2000 Sarearen lehentasunezko ekintza-esparrua eta EAEko habitaten segimendu-sistemaren ezarpena, espazioak dituen ekonomia-premiei buruzko atal bat sartu da.

Antolamendu-plan berri horiek prestatzeko, landa-lanaz gainera, azken urteotako informazio eta azterlan guztiak aztertu dira, hala nola administrazioetan eskuragarri daudenak: basoak antolatzeko planak, hidrologikoak, jarduera zinegetikoari buruzko informazioa, flora eta faunari buruzko azterlanak, interes geologikoko lekuen inbentarioa, etab.

Bestalde, Europako zuzentarauen agiriaren egokitzapenarekin, Natura 2000 Sareak segimendu-sistemak ezartzeko eta Batasunaren intereseko espezie eta habitaten kontserbazio-egoeraren berri aldian behin emateko, metodologien inguruan egin behar diren segimendu eta ebaluazioak egiteko eta Batasunaren mailan ezarritako parametro zehatzetarako eskakizuna sartzen da.

IZKI

Izkiko Ondare Naturalaren Naturagune Babestua eta haren babes-eremu periferikoa Euskal Autonomia Erkidegoko hego-ekialdeko sektorean daude, Arabako Mendialdean. Ipar-mendebaldean, Gasteizko Mendiak ditu mugakide; ekialdean, Berron ibaia; hegoaldean, Toloño mendilerroko beheko aldeko haranak, eta, mendebaldean, Trebiñu. Ayuda eta Ega ibaien isuri-arroetan integratuta dago, bi horiek Zadorra-Trebiñu eta Ega unitate hidrografikoetakoak, hurrenez hurren; biak daude Ebroren mugapenean.

Natura-parkean onartutako mugaketaren inguruko aldaketak egin dira, Europako Natura 2000 Sarearen betekizunarekin bat etortzeko, bai eskuragarri dagoen kartografiaren eguneratzearen ondorioz, bai kontserbatzeko habitat edo espezieen kontserbazio-irizpideen ondorioz. Hala, naturagune horren azalerak 9.473,05 hektareako azalera hartzen du, 1.173,73ko gehieneko altitudea (m), 572,51ko gutxieneko altitudea (ma) eta 805,29ko batez besteko altitudea (m).

Izki babes-eremu horrek, oro har, hiru udalerritako eta 13 administrazio-batzarretako lursailak ditu. Bernedoko azalera da handiena, eta, ondoren, Arraia-Maeztukoa. Kanpezukoa azalera osoaren % 6 baino ez da. Korresko administrazio-batzarrari dagokion guztia espazioaren barruan dago, eta erdia baino gehiago, honako hauena da: Apinaiz, Maeztu, Arluzea, Kintana, Durruma Kanpezu, Urarte eta Urturi.

Titulartasun publikoko lursail gehienak onura publikoko mendiei dagokie; haien titularrak aurretik aipatutako administrazio-batzarrak eta beste ente batzuk dira. Guztira, onura publikoko 33 mendiren lursailak daude, eta 9.104,73 hektarea (espazioaren % 96,02) hartzen dute.

Izkiko arloak honako bereizgarri hau du: baso-masa zabala, Izki ibaiaren hainbat errekak hondeatutako sakan txikiek zeharkatutako lautada hareatsu baten gainean finkatua; Izki ibaiak berak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du espazioa. Bertan dauden litologiek eta orientazioek landare-formazio ugari eragiten dituzte, eta ametzen basoa nabarmentzen da, Europako zabalenetako bat. Izkin, intereseko 32 habitat mota egiaztatu dira; haietatik, 10 lehentasunezkoak dira. Habitaten aniztasun horrek intereseko flora eta faunaren espezie ugari barne hartzen ditu.

Floraren espezieen artean, Olandinako urmaeleko igebelar zuriaren populazioa nabarmentzen da; hura EAEko bakarra da eta Iberiar penintsulako handiena. Faunari dagokionez, Izkin dauden espezie ornogabeen artean, intsektu saproxilikoen eta odonatuen komunitateak nabarmentzen dira. Izkiko anfibioen taldeak 12 espezie baino gehiago ditu; haietako bat baso-igel jauzkaria da (Rana dalmatina), eta haren populazioa, Izkin, EAEko ugarienetako bat da. Eremuko ugaztunen komunitatearen artean, kiropteroak nabarmentzen dira: arratoi-belarri handia, Bechstein saguzarra, saguzar biboteduna eta ferra-saguzar handia, eta bisoi europar eta igaraba mustelidoak.

Hegaztiei dagokiemez, okil ertainaren presentzia nabarmentzen da, espazio honetan 750 banako baino gehiagoko zentsua baitu; hori dela eta, Izkik garrantzia berezia du Iberiar testuinguruan pizido horietan. Bestalde, Izki arrano beltzaren, sai zuriaren eta sai arrearen inguruko interes bereziko arloen barruan dago.

EAEko populazio gutxieneko eremu bat da; hartan, baso-erabilerak, abeltzaintza estentsiboa eta, neurri txikiagoan, nekazaritza-hazkuntzak nagusitzen dira. Baso-aprobetxamendua honako hauetan datza: egurra eskuratzea, sutarako sortak eta baso-garbiketak eta zur-erauzketa. Era berean, koniferoen baso-plantazio batzuk ere badaude. Abeltzaintza estentsiboa, nagusiki, zaldi-aziendan eta haragitarako behi-aziendan oinarritzen da; haiek mendian bazkatzen dute, ia urte osoan zehar. Artaldeen presentzia ez da hain handia.

Aisiarako erabilerek igoera handia izan dute Izki natura-ondarean gune babestu aitortu zenetik; oraindik garapen-bidean bete-betean dagoen baliabide sozioekonomiko berria da.

Valderejo-Sobrón-Arzenako mendilerroa

Valderejo-Sobrón-Arzenako mendilerroaren lurralde-eremua ia 7.000 hektareako lurralde zabala da; biztanle-dentsitate baxua du bereizgarri. Espazio horrek bi sektore ditu. Bi sektore horiek Burgosko San Zadornil-ek–Obarenes mendiek bereizten dute: Valderejo sektorea, Purón ibaiak zeharkatzen duen goi-harana, eta Sobron-Arzena sektorea, Ebro eta Omecillo haranetarantz hedatzen den mendilerroan hego-ekialderen dagoen zatia duena. Bi sektore horien arteko lurraldea Gaztela eta Leon aldameneko autonomia-erkidegokoa da, eta Obarenes Mendiak izena du.

Purón ibaiak zeharkatzen duen goi-haranaren zatia Valderejo izenez ezagutzen da, eta natura-parke izendatu zuten, 1992an. Oro har, naturaltasun handiko paisaia du; ikuspuntu ekologikotik intereseko habitat ugari ditu, eta, ikuspuntu turistikotik, erakargarritasun handia.

Valderejo-Sobrón-Arzenako mendilerroaren gune babestua Mediterraneoko eskualde biogeografikoari baino ez dagokio, eta haren paisaian basoak nagusitzen dira, baina pagadi eta artadi ugari ere badaude, bai eta Mediterraneoko txilardiak eta kareharrizko hormak ere. Purón ibaiak Lerón menditik hurbil dauka iturburua eta Valderejo zeharkatzen du ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Zenbait errekastoren urak biltzen ditu, Burgos parean Ebron ibairatu aurretik. KBE berriaren barne daude honako kontzeju hauek: Bachicabo, Barrio, Boveda, Corro, Espejo, Nograro, Pinedo, Sobrón, Tobillas eta Valderejo.

Naturagune babestuaren azaleraren zatirik handiena, 5.647 hektarea (% 82,86), Valderejo-Sobrón-Artzena mendilerroaren mugen barnean dago eta jabetza publikokoa da, eta onura publikoko mendien araubide juridikoa zaio aplikagarri.

Baso, txilardi, ezpeldi eta harkaitz-hormez gain, eremu horretan biodibertsitate-ekarpen handia egiten dutelako nabarmendu behar dira istingak, urmaelak eta hezeguneak, hala nola Polledo, Lantarón, Cocinilla, Cotillo eta Corro istingak edo Valderejoko urmaelak.

Batasunaren intereseko basoez gain, funtsean, artadiak, pagadiak edo hariztiak, pinu gorrien basoak aipagarriak dira.

Naturagune babestuaren barnean Nacissus pseudonarcissusNarcissus asturiensisNarcissus bulbocodium eta Ruscus aculeatus espezieetako aleak daude. Mehatxu larrian eta desagertzeko arrisku kritikoan daudenez, Orchis cazorlensis espeziea –populazio bakarra Valderejon dagoena da– eta Ephedra nebrodensis espeziea –Sobróngo haitzartean– aipatu behar dira.

Valderejo-Sobrón-Arzenako mendilerroa naturagune babestuan Buxbaumia viridis goroldioa dago, desagertzeko arriskuan dagoena Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera. Deskonposizioan dagoen zuraren berariazko goroldio mota berezi bat da. Haren kontrako mehatxu nagusia zuhaitz horien baso-ustiaketa egiteko jarduerak dira, ez baitute uzten zuhaitzak berez hiltzea eta basoan egur hilik egotea.

Flora-espezie inbaditzaileen artean, Robinia pseudoacacia dago, Sobrón herrigunearen inguruan.

Baso horiek saguzarren bizileku dira, baita basakatuarena, muxar grisarena eta lepahoriarena ere. Basoak, halaber, basoko hegaztien, kiropteroen eta anfibioen espezie askoren gordeleku dira. Ezin konta ahala dira leize eta harpe txikiak, turismoak ustiatu ez dituenak, garrantzi handia dutenak kiropteroen komunitatearentzako (gutxienez, 12 espezie). Valderejo kiroptero-espezieen aberastasun handiena duen eremuetako bat da. Anfibioei dagokienez, gailurretako uhandrea, hegoaldeko apo pintatua eta apo lasterkaria nabarmendu behar dira. Valderejoko urmael multzoan, Lahozetik hurbil, makrofitoen, Potamogeton natans, Groenlandia densa eta Chara espezieen dentsitate handia dago. Urmaelak egoera onean kontserbatzea funtsezkoa da fauna-espezie mehatxatuen mesedetan, tartean, sugandila bizierrulea, baso-igel gorria, hegoaldeko apo pintatua eta apo lasterkaria.

Ibaiak igaraba euroasiarraren, bisoi europarraren eta ipurtatsaren bizileku dira, hala nola bertako ibai-karramarroarena, amuarrainena eta barboena. Valderejoren kasuan, ibai-sistema elementu egituratzailea da eta haraneko dibertsitatea areagotzen du Purón ibaiaren eta haren ibaiadarren barruan –Molinos erreka, kasu–.

Gailur-lerro, amildegi eta ibai-arroila ugari daude, Purón ibaiaren haizpitartea kasu. Haiek habitat egokia dira hegazti harraparien komunitate handi batentzat, sai arrea eta sai zuria nekrofagoak nabarmentzen direla.

Mendilerroan habia egiten dute, halaber, arrano beltzak, belatz handiak eta hontz handiak. Bonelli arranoa da azken urteotan atzeraldi handiena izan duen harrapari iberiarretako bat.