Hezkuntza Sailak eta ONCEk lankidetza berritu dute, ikusteko urritasuna duten ikasleei hezkuntza-arreta ematen jarraitzeko

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Juan Carlos Andueza ONCEren Euskadiko lurralde-ordezkariak gaur eguerdian berritu dute Euskadiko ikastetxeetan eskolatuta dauden ikasle itsuei edo ikusteko urritasun larria duten ikasleei hezkuntza-arreta ematen jarraitzeko lankidetza-hitzarmena.

Bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin duen lankidetza hori IBTetan gauzatzen da batez ere, hau da, Ikusteko urritasuna duten ikasleak barne hartzeko baliabidetegietan. Hiru IBT ari dira egun lanean Euskadin. Hitzarmen honen bidez, bi erakunde sinatzaileek IBTen eta ikasleen esku jartzen dituzte beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak, bai eta euren zerbitzuak eta aholkularitzak ere, ikusteko urritasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusioa eraginkorra izan dadin, bai eta irakasleen ezagutzak eguneratzeko ere.

IBT baliabidetegiak –lurralde historiko bakoitzeko bat-, Hezkuntza Sailaren laguntza-zerbitzu bat dira eta ikusteko urritasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusioaren alde lan egiten dute, hezkuntzaren eta gizartearen esparruan. Baliabidetegi hauen helburua da neska-mutil horien garapen osoa erraztea. Horretarako, euren familiekin lankidetzan eta ikasle horiek eskolatuta dauden ikastetxeetako irakasleekin koordinatuta aritzen dira.

2022-2023 ikasturtean Euskadiko 485 ikaslek jasotzen dute hiru IBT baliabidetegien arreta. 70 profesionaletik gora ari dira horretarako IBT baliabidetegietan lanean, batzuk Hezkuntza Sailaren mende dauden langileak eta beste batzuk ONCEko laguntzaile espezializatuak.

Gaur eguerdian ONCEren Bilboko egoitzara egin duen bisitan, Bildarratz sailburuak, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordea lagun zuela, ONCEk ikasle horiei ematen dizkien zerbitzuak ezagutu ahal izan ditu, besteak beste, maileguan uzteko teknologia eta material egokituak (tifloteknologia) edo braillen edo erliebean egindako agiriak edo agiri soinudunak, guztiak ere ikasleei geletan baldintza berberetan integratzeko aukera ematen dietenak.

Alde horretatik, ONCEk profesional espezifikoak jartzen ditu lankidetza honen esku, besteak beste, irakasle tifloteknikoak, mugikortasuna, eguneroko bizitza eta ikusmena errehabilitatzeko teknikariak, gor-itsutasuna duten ikasleen arreta eta gelarako aipatutako egokitzapenak, IBTetarako materialarekin batera.