Mecanizados Alkain, planopeko doitasun mekanizazio lanak sektore eolikorako

0
PRUEBA

Mecanizados Alkain familia-enpresak bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia du planopeko doitasun mekanizazioaren arloan. Urnietako enpresa honek hainbat sektoretako makineriarentzako piezak egiten ditu, hala nola, eolikoa, altxaera, balbulagintza, aeronautika, petrolio-fabrika, makina-erreminta, hidraulika edo trenbide-sektorea. Arkaitz Alkain Izagirre Mecanizados Alkain enpresako gerenteak adierazi duenez, “bezeroak ematen digun diseinuan oinarritzen gara eta bere makinetarako behar dituzten piezak fabrikatzen ditugu”. Eta pieza gauzatzeko prozesu osoa egiten ahalegintzen da enpresa, “materiala erosiz eta tratamendua emanez, bezeroari soluzio integrala eskaintzeko”, argitu du. 

Konpainiaren arduradunak nabarmendu duenez, “une honetan gure fakturazioaren % 55 sektore eolikoan oinarritzen da”. Urteko fakturazioa bi milioi euro ingurukoa da, batez ere Estatuan egindako lanena. “Nahiz eta Frantzian gero eta gehiago sartzen ari garen, garrantzitsua iruditzen baitzaigu beti aktibo egotea nazioarteko bezero berrien bilaketan”, nabarmendu du Alkainek. 

Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa

Gipuzkoako enpresak berrikuntzaren aldeko apustua egin du, “gure makineriaren digitalizazioak islatzen duen bezala”, adierazi du.  Ildo horretan, Mecanizados Alkainek uste duenez, “gure produktuek bezeroaren eskakizunekin behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoa da akaberen zehaztasun eta kalitate gorena, eta, horretarako, bitarteko egokiak eta berritzaileagoak behar dira”. 

Bere jarduera garatu ahal izateko, Urnietako enpresak 1.000 metro karratuko pabiloi bat du, 20+5tn eta 5tn-ko zubi-garabiekin eta azken belaunaldiko makineria-parkearekin. 

Gipuzkoako enpresak gaur egun 18 pertsonako plantilla du. “Egiten diren inbertsioen arabera, handitu ere egin genezake”, Arkaitz Alkainen esanetan.  

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.