EAE-ko hirugarren sektore sozialak 40.000 enplegatu ditu ia, eta 160.000 boluntario baino gehiagoren partaidetza bideratzen du

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren 2021eko Barometroaren datuen berri eman du. Dokumentu horrek EAEko hirugarren sektore sozialaren identitateari, ezaugarriei, jarduerari, pertsona inplikatuei edo baliabideei buruzko informazioa batzen du. Eta, sailburuak nabarmendu duenez, aukera ematen du, era berean, “Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak egiten duen gizarte-ekarpena ezagutzera eman eta gizarte-eraldaketarako funtsezko eragile gisa aintzatetsi dadin sustatzeko”.

2021eko Barometrotik ondorioztatzen da EAEko hirugarren sektore soziala 4.117 erakundek eratzen dutela: 2.341 Bizkaikoak, 1.176 Gipuzkoakoak eta 600 Arabakoak. Alegia, EAEko 1.000 biztanle bakoitzeko, 1,88 erakunde omen daude.

EAEko hirugarren sektore soziala eratzen duten erakundeek 40.000 enplegatu dituzte ia, eta 160.493 boluntario baino gehiagoren partaidetza bideratzen dute.

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko Lucía Merinok eta Iker Fernándezek zehaztu dutenez, erakundeen % 56,5ek ordainpeko pertsonak dituzte lantaldeetan, eta haietako % 43,5 boluntarioek eratzen dituzte osorik. Zehazki, ordainpeko langileak erakundeen % 14,4an baino ez dira gehiengoa.

2021eko Barometrotik ondorioztatzen denez, 2020an erakunde horiek 1.712 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, EAEko BPGd-aren % 2,4ren baliokidea.

Aipatu behar da, era berean, EAEko hirugarren sektore sozialeko erakundeak erakunde txiki eta ertainak direla, eta 300.000 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztela. Haien diru-sarreren % 54,1 finantzaketa-iturri publikoetatik datoz, eta gainerako % 45,9a jatorri pribatukoa da; azken kasu horretan, bazkide edo afiliatuen kuotak nabarmentzen dira, batez beste erakundeen diru-sarrera guztien % 17,6 baitira. Aipatzekoa da, era berean, sektoreko erakundeen % 46,6 inguruk ekarpen ekonomikoak erregulartasunez egiten dituzten dohaintza-emaileak dituztela.

2021eko Barometroan jasotzen den beste alderdi interesgarri bat da hirugarren sektoreko erakundeen % 35,5ek 20 urteko edo gehiagoko ibilbidea dutela.

Zerbitzuen hornikuntza eta gizarte-eginkizuna

EAEko hirugarren sektore soziala eratzen duten erakundeen kolektibo nagusia, baina ez bakarra, askotariko hartzaileak dira, eta haien artean honako hauek nabarmentzen dira: haurrak, nerabeak eta familiak (% 19,7); adinekoak (% 14,7); desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak (% 11,9), eta emakumeak (% 10,7).

Iker Fernándezek azaldu duenez, sektoreko erakundeek ematen dituzten zerbitzuen artean, nabarmentzekoak dira informazio- eta orientazio-zerbitzuak, aisiako eta astialdiko jarduerak, gizarteko eta hezkuntzako esku-hartzea, prestakuntza eta hezkuntza, garapen komunitarioa eta esku-hartze psikosoziala. Baina, esan duenez, erakunde gehienek (% 83,5) “zerbitzuen hornikuntzaz gainera, beste gizarte-eginkizun batzuk ere betetzen dituzte, hala nola eskubideekiko sentsibilizazioa eta defentsa edo boluntariotzaren, asoziazionismoaren edo gizarte-partaidetzaren sustapena”.

Gaur egungo gizarte-testuingurua aldakorra da, eta, hiru urtean baino ez, mundu-mailako pandemia bati edo Europa barruan milaka pertsonak behartuta lekuz aldatu behar izatea ekarri duen gerra bati egin behar izan die aurre. Hala, Artolazabalek nabarmendu du EAEko hirugarren sektore soziala, “sektore bizi eta dinamikoaren ezaugarriari” eusteaz ez ezik, “indartuta” ere irten dela, “lankidetza publiko-soziala eta elkarrizketa zibila” indartu diren bezala.

EAEko hirugarren sektore sozialaren indarra, sailburuaren hitzetan, “hura eratzen duten pertsona eta erakunde guztien konpromiso etenezinean” oinarritzen da. Herritarren ekimen libretik sortutako erakundeak dira, herritarren, oro har, eta, bereziki, kalteberatasun-egoera bereziari aurre egiten dioten pertsona, familia, kolektibo edo erkidegoen elkartasuna eta gizarte-partaidetza bideratzen dutenak”.

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren 2021eko Barometroak erakusten duenez, erakunde horien % 43,3 pertsona eta/edo familia hartzaileek berek zuzenean eratutako erakundeak dira. Hala ere, txosten berak dio haietako ia % 29k honako adierazpen hau dutela: haien xedeak interes orokorra sustatzera bideratzen dira eta jarduera ez da soilik zuzentzen elkartekideei on egitera.

Erronkak

Artolazabalek, era berean, EAEko hirugarren sektore sozialeko erakundeek datozen urteotarako identifikatzen dituzten erronka nagusiak ere azaldu ditu. Haietako nabarmenena belaunaldi-txandakatzearen kudeaketa da, baina badaude, esan duenez, garrantzi bereko beste erronka batzuk ere, besteak beste: erakundeei euskarria ematea; erakundeen arteko lankidetza sendotzea eta administrazio publikoarekin eta beste eragile sozial batzuekin aliantzak sortzea; eraldaketa digitala ezartzea; gizarte-berrikuntza bultzatzea edo aldatzen ari den gizarte-errealitateko premia berrietarako erantzun eraginkorrak bilatzea.

Bestalde, Lucía Merinok eta Iker Fernándezek, era berean, honako hau nabarmendu dute: “garrantzitsua da EAEko hirugarren sektore sozialaren jardueraren emaitzak agerian jartzen jarraitzea, bai eta haren balio erantsia eta eragiten duen gizarte-inpaktua ere, nagusiki gizarte-kohesioari, pertsona kalteberenen eskubideen babesari eta parte-hartzea sustatzeari dagokienez”. Modu berean, kontsultatutako erakundeak kezkatuta daude, “pandemiaren eraginaren ondorioz sortu edo agertu diren” beharrengatik, hala nola eten digitalarekin, hezkuntza-etenarekin, bakardadearekin edo osasun mentaleko arazoen igoerarekin edo larriagotzearekin zerikusia dutenengatik.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren 2021eko Barometroaren ondorioak aurreko urteko adierazleekin erkatzean, “itxaropentsu ager gaitezkeela”. Ikusten da, hala, EAEko hirugarren sektore sozialak jarraitu duela berritzen, eta, azken bi urteotan, ia 290 erakunde berri sartu direla.

Ezagutza sozializatzea

Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia 2020ko urtarrilean jarri zen abian, eta EAEko Administrazio Orokorraren tresna tekniko bat da; Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren lidergopean, informazioa eta ezagutza bildu, sistematizatu, eguneratu eta sortzeaz arduratzen da, bai eta ezagutza hori hirugarren sektore sozialari lotutako esfera guztietan eta hartan integratutako erakunde eta sareen artean zabaltzeaz ere.

Beatriz Artolazabalek esandakoaren arabera, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia “EAEko hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta sareek aintzatetsitako eta zabal erabilitako tresna” bilakatu da. Tresna horrek, «sektorea hobeto egituratzen ez ezik, ezagutza zabaltzen eta sozializatzen ere laguntzen du, eta hura eratzen duten erakundeen kudeaketan eta esku-hartzean berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzen ditu”. Horretarako, Behatokiak hirugarren sektore sozialaren identitateari, ezaugarriei eta gizarte-ekarpenari buruzko diagnostiko iraunkorreko lana egiten du, eta, aldi berean, zenbait neurri abiarazten ditu hura sustatzeko, argitalpen, zabalkunderako jardunaldi, tailer edo mintegien bidez.

Sailburuak, bide batez, zorionak eta eskerrak eman dizkie “sektore anitz, plural, solidario eta konprometitu hori eratzen duten pertsona eta erakunde guztiei”, eta, esan duenez, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia “erakundeak konektatzeko, hausnarketa eragiteko eta ezagutza kolektiboa eraikitzeko espazioa da eta izaten jarraituko du. Etengabea da erakundeekiko eta tartean diren beste eragile batzuekiko elkarrizketa, bai EAE barruan bai EAEko mugetatik kanpora».

Topaketarekin amaitzeko, Belaunaldien arteko elkarrizketa-mahaia: ondarea eta belaunaldi-txandakatzea EAEko hirugarren sektore sozialeko erakundeetan mahaia antolatu da; hartan, EAEko hirugarren sektore sozialean ibilbide luzea duten 3 pertsonak eta hartara sartu berri diren beste 3 pertsonak haien hausnarketa eta esperientzia pertsonalak partekatu dituzte.