Beatriz Artolazabalek Immigrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroaren funtzionamendua hobetu dela nabarmendu du

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuak positibotzat jo du Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroak koordinazio-idazkaritzaren figura izatea, lan-batzordeen funtzionamendua hobetuko duena, eta lan-batzorde guztiak sortu eta eratu izana aurten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroaren hogeita bigarren Osoko Bilkura egin da Gasteizen, Beatriz Artolazabalen agurrarekin eta Foroa berregituratzeko prozesuaren ondorengo berrikuntzen eta hori arautzen duen Dekretuaren aurkezpenarekin. Topaketan izan dira, halaber, Lide Amilibia sailburuordea, Xabier Legarreta Migrazioen zuzendaria eta Euskadiko hainbat gizarte-erakunderen ordezkariak.

Foroan, Herritartasunaren, Kulturartekotasunaren eta Immigrazioaren V. Jarduera Plana 2018-2020 ebaluatu da, bai eta Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Plana (2022-2025) betetzearen jarraipena egiteko metodologia ere. Ondoren, Lan Batzordeen eta Batzorde Iraunkorraren proposamenak aurkeztu dira.

Artolazabalek nabarmendu duenez, “2023rako aurrekontuak diseinatu ditugu, eta bertan, lehen aldiz, aurrekontu-partida bat aurreikusten da Foro honetako lan-batzordeetan proposa daitezkeen jarduerak, azterlanak edo kanpainak egiteko. Osoko Bilkura Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroaren logotipo edo ikur berria eta etapa berria aurkezteko agertokia izan da”.

Sailburuaren arabera, 2022. urtea urte gogorra izan da, lan handikoa, eta ohiko zereginei aparteko beste batzuk gehitu zaizkie. Errusiak Ukraina inbaditu ondoren, premiazko erantzun ordenatu bat antolatu behar izan genuen kontingentzia horri azkar erantzun ahal izateko, eta Euskadira etorritako ehunka eta ehunka pertsonaren etorrerari erantzuteko ere prestatu behar izan genuen geure burua.

Azken batean, Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren VI. Kulturarteko Planak (2022-2025) kulturartekotasunean oinarritutako Aniztasuna Kudeatzeko Euskal Eredu bat eraikitzeko tresna bihurtzeko helburua du, eta foro horretako lan-batzordeek, besteak beste, Plan honetako ekintzen jarraipena egiteko zeregina dute, batzorde bakoitzaren berezko gaiari dagokionez.