Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak, Gabonetan eta merkealdietan, zaintza estuagoa ezarriko dute merkataritza eta ostalaritza guneetan, segurtasunezko prebentzioagatik

0

Atzenengo urteetan moduan, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak prestamen berezi bat ezarriko dute herritarren segurtasunaren arloan, eta Gabonetan eta merkealdietan egongo da indarrean. Prestamen horren bidez, merkataritza eta ostalaritza inguruetan zaintza areagotuko da urian; datorren asteburuan abiatuko da, eta urtarrilaren 15era arte iraungo du.

Kontuan hartuta ezen ondarearen kontrako delituak Bilbon jazotzen diren delituen % 85 direla, eta, zehazki, ezen, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak erregistratzen dituzten delituen artean, ebasketak % 75 inguru direla, bi polizia kidego horiek lanean ari dira elkarrekin urte osoan, ahalik eta delitu gutxien egon dadin. Polizien arteko lan eta koordinazio hau areagotu egiten da urteko une jakin batzuetan, hala nola abuztuan, abenduan eta urtarrilean.

Izan ere, egiaztatuta dago bi garai hauetan gehitu ohi direla delitu mota horiek: abuztuan, Aste Nagusia ospatzen den bitartean, diru-zorroak eta telefono mugikorrak jabeen ustekabean ebastea gehiagotan gertatzen delako, eta abenduan eta urtarrilean, Gabonetako kanpainagatik eta merkealdiagatik, ebasketa gehiago gertatzen baitira, bai saltokietan, bai kalean.

Delitu mota horien egileek erosten ari den jendetzaren artean hartu ohi dute babes, edo garai horretan egiten diren ekitaldietan eta enpresa-bazkari eta -afarietan.

 

Elkarrekiko prestamena

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Gabonetarako eta Merkealdietarako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, bi poliziek urtero-urtero berritu izan dute, eta oso emaitza onak izan ditu, bere azken xedea erdietsiz, alegia, Bilbon ebasketa eta lapurreta kasuak ez daitezela horrenbeste gehitu, edo, bederen, beren horretan eustea.

Bilboko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan gauzatuko da, negozio-mota horien ohiko ordutegietan. Hala, bada, kaleko prebentzioaz ari gara, batez ere oinezkoen guneetan, eta baita ere jendetzarik handienak bildu ohi diren lekuetan. Merkataritzako eta gaueko aisialdirako guneetan, hala nola Abando, Indautxu, Zazpi Kaleak edo Boluetan, esate baterako.

Plana abian jarrita eragotzi nahi diren delituzko egitateak hauek dira:

  • Ustekabean egiten diren ebasketak, eta tirakaden bitartez edo hurbildu eta ukituta egiten diren lapurretak.
  • Kalean engainuz egiten diren ebasketak (elkartasun besarkadak).
  • Bortxa fisikoa eta/edo hitzez beldurraraziz egiten diren lapurretak.
  • Ibilgailuen barruan agerian utzitako gauzak lapurtzea edo merkataritzako ibilgailuetatik salgaiak lapurtzea, banaketan ari direla.
  • Saltegietan bildutako dirua ebastea, enplegatuak une batez alde eginda daudela baliatuz.

Zaintza eta kontrola asteko egun guztietan egingo dira, txandaka, eta patruila uniformatuak nahiz kaleko jantziz jantzitakoak arituko dira eginkizun horietan, oinez eta ibilgailuetan.

Nolanahi ere, hala Udaltzaingoak nola Ertzaintzak dei egiten diete herritarrei konturik handienarekin ibil daitezen jendetza handia pilatzen den dendetan eta kaleetan. Gainera, gomendatzen dute arretaz zaintzeko nork bere gauzak, zorroa edo bizkar-zorroa ondo itxita eroateko, eta ez fidatzeko era susmagarrian hurreratzen zaizkigunez; lapurretak eta ebasketak saihestearren, betiere.

Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, aholkatzen da 112ra deitzea, Ertzaintzari deitzeko, edo 092ra, Bilboko Udaltzaingoari deitzeko.