Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, 2023-2024 ikasturterako onarpen prozesuan (edo matrikulazio-prozesuan) Hezkuntza Sailak abian jarriko dituen neurri berriak azaldu ditu gaur goizez, prentsaurrekoan. Zeregin horretan lagun izan ditu Eugenio Jimenez, Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria, eta Eduardo Ubieta, ISEI-IVEIko zuzendaria (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea). 2023ko otsailean abiatuko den prozesu honetan, bai eskaintzaren plangintzak, bai onarpena arautzen duten mekanismoek lagundu egingo dute aniztasuna eta zaurgarritasuna funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztien artean modu orekatuan banatzen.
Abian jarriko diren neurri eta berritasunak azaldu aurretik, dena den, eskola-segregazioaz ari garenean zertaz ari garen azaldu nahi izan du Pedrosak. Ikastetxeetan gertatzen den banaketa desberdina da eskola-segregazioa, haien ezaugarri pertsonalen, sozialen, kulturalen, ekonomikoen eta jatorriaren arabera. Banaketa hori ez da bat etortzen, estatistikoki, kokatuta dauden eremuko biztanleriaren osaera sozioekonomikoarekin eta kulturalarekin, eta desberdintasun egoerak sortzen ditu.
Gaiaren inguruan egindako hainbat ikerlanek jaso izan dituzte segregazioak eskola eremuan eta ikasleen artean dituen eraginak, hala nola, Ikasteko aukerak murriztea, gizarte-ekitate txikiagoa, gizarte-kohesio txikiagoa edo mugikortasun sozial txikiagoa.
Era berean, sailburuordeak gogorarazi duenez, Hezkuntza Sailak hainbat neurri bultzatu izan ditu ikasle zaurgarrienen egoerari ikastetxeetatik bertatik erantzun ahal izateko: baliabide pertsonalak gehitzea hezkuntza-konplexutasun handiko ikastetxeetan, diagnostikoak garatzea eta proiektu estrategikoak diseinatzea hezkuntza-konplexutasun handiko ikastetxeetan ikasleen aniztasunari erantzuteko (Eraldatu), edo profesionalak gehitzea, ikasle iritsi berriei hizkuntza-sarbidea errazteko (EUSLE).
Erantzuna emateko neurri horiez gain, zonaldeetako eta ikastetxeetako segregazioaren egoeraren diagnostiko espezifikoa egin da, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle-talde baten esperientziarekin. Talde horrek aholkularitza eman dio Hezkuntza Sailari Euskadiren kasurako politika egokienaren gakoak garatzeko. Bertan jasotzen denez, hezkuntza-zaurgarritasun egoera handietan dauden ikastetxeetan esku hartzeko proposamenez gain, zenbait neurri hartu behar dira hezkuntza-sistemarako sarbidetik bertatik, eskola-segregazioa mugatzeko.
Segregazioa eraginkortasunez mugatzeko ikuspuntu honekin, Hezkuntza Sailak bi bideren aldeko hautua egin du:
- Onarpen prozesua aldatzea
- Matrikula biziaren prozedura doitzea
2023-2024 ikasturterako onarpen prozesurako neurri berri hauek Euskadiko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietako zuzendaritzei azaldu dizkie dagoeneko Hezkuntza Sailak, joan zen abenduaren 15 eta 16an burututako bileretan.
Planteamendu orokorra honako hau da: ikaslea 2 urteko geletara sartzen denetik hasi eta, mailaz maila eta modu progresiboan gorantz, hezkuntza-sistema osoan zehar hedatuko den prozesu bat izatea; horrela, ez da inola ere planteatuko ikastetxe batean eskolatuta dauden ikasleak beste batera mugitzerik.
Onarpen prozesuko aldaketa nagusiak
Ikasleak modu orekatuan banatzearen aldeko apustua egiten du prozedura berriak, Haur Hezkuntzan sartzen denetik (2 urteko geletan). Honako hauek dira prozedurak dakartzan aldaketa nagusiak:
- Eskaintzaren plangintza Haur Hezkuntzako sarrera-mailan (2 urte). Onarpen prozesuan ikastetxe bakoitzean eskainiko den plaza kopuruaren irizpide nagusia izango da azpieskaintza eta gaineskaintza saihestea. Hasteko, ikastetxe guztiek beren plaza libre eta planifikatu guztiak eskaini ahal izango dituzte.
- Plazen erreserba: diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Plazen erreserba hori izena emateko epean eskaerak jaso ondoren ezarriko da. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoko ikastetxe guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihesteko. Erreserben ehuneko berdina izango da eragin-eremu bereko ikastetxe guztientzat.
- Zaurgarritasun Indizea sortu da horretarako. Ikastetxe bakoitzari erreferentziazko zaurgarritasun indize bat ezarriko zaio, eragin-eremuaren barruan. Eskaerak aurkezterakoan, familia guztiek haien egoera sozio-ekonomikoari buruzko inkesta bat bete beharko dute. Bildutako informazioarekin definituko da Zaurgarritasun Indizea, eta zein ikasle hartuko diren zaurgarritzat eta zein ez. Era honetan, zona bakoitzerako erreferentzia-maila zehazten da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin. Hezkuntza Sailak ofizioz zehaztuko du ikastetxe bakoitzerako erreserba. Helburua: eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea.
- Zonifikazioan ere doikuntzak egin dira, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako, ezarritako neurrien eraginkortasuna benetakoa izan dadin. Esaterako, udalerri handietan, hiriburuetan izan ezik, hainbat eragin-eremu izatetik eragin eremu bakarra izatera pasatu da. Eragin-eremu guztietan dago ikastetxe publiko bat.
- Hurbiltasuneko eskolatzea. Baremoko irizpideetan dagoen aldaketarik esanguratsuena, etxebizitzaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioan dago. Puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan: 7 puntu. Eragin-eremuko beste edozein ikastetxek –baina ez bizilekutik hurbilen dagoenak- 5 puntu eskuratuko ditu. Eragin-eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da. Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua (orain arte bizilekua eragin eremuan egoteak 6 puntu ematen zituen).
- Familiek ikastetxeak hautatzeko mugarik ez. Familia bakoitzak bere eragin-eremuko ikastetxe guztiak hautatu ahal izango ditu seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, baldin eta beren planteamenduen arabera egokitzat jotzen dituzten hezkuntza-baldintzak betetzen badituzte. Beren interesen arabera lehenetsiko dituzte. Onarpen-prozesua ikasle bakoitzari familiak lehenetsitako ikastetxea eskaintzen saiatuko da, eta hautatutakoetan eskolatzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzateke beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil egongo litzatekeena. Horregatik, oso garrantzitsua da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara.
Ikus daitekeenez, familiek matrikulazioan duten interesa eta hezkuntza-sistemak berak sistema ekitatiboagoa eta ez hain segregatzailea eraikitzeko duen interesa uztartu nahi dituen prozedura da hau.
Matrikula biziaren prozedura: irizpideak
Matrikulazio-prozesurako erabilitako irizpide eta printzipioak matrikula bizira ere hedatuko dira, hau da, behin ikasturtea hasita dela eta ohiko matrikulazio ofizialetik kanpo gertatze den prozesu horretarako. Horregatik, ikastetxeen artean dibertsitatea eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea izango da irizpide nagusia kasu hauetan ere, eskolatze inklusiboa sustatuz. Ikastetxea familiaren etxetik hurbil egotea ere aintzat hartuko da.
Agindu horretatik aurrera, ohiko matrikulazio-aldian egiten ez diren matrikula guztiak Hezkuntza Sailaren aplikazioaren bidez egin beharko dira, ikastetxeetan sartzeko aukera-berdintasuna zaintzeko.
Hezkuntza Sailak laster argitaratuko du 2023-2024 ikasturterako onarpen prozesua arautu eta egutegia ezartzen dituen Agindua. Arau berri honek, Sailak duela gutxi aldatu duen Dekretuan (Ikasleak Onartzeko eta Eskolatzeko Dekretua, joan den azaroaren 14an argitaratua EHAAn) sartu diren berrikuntzak jasotzen ditu, funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxeen artean aniztasuna eta kalteberatasuna modu orekatuan banatzen laguntzeko xedez. Era berean, matrikula biziaren prozedura arautzen duen Agindua ere argitaratuko da.