Ehun gaztek baino gehiagok ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza jaso dute 2022an, Basque Circular Hub ekimenari esker

0

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea, Amaia Barredo, Basque Circular Hubaren bitartez ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza espezializatua eta enpresako praktikak 2022an jaso dituzten gazteen bigarren promozioarentzako –ehun gazte baino gehiago izan dira- diplomak banatzeko ekitaldiaren burua izan da.

Basque Circular Hub zentroak –Bilbokoa, 2021eko martxoan inauguratua, eta Gasteizko egoitza berria, 2022ko urrian inauguratua- Estatuko eta Europako Hegoaldeko erreferenteak dira, baita bakarrak ere, eskaintzen dituzten zerbitzuen ezaugarriengatik, honako arlo hauetan: merkatuko prospektiba, prestakuntza aurreratua, joeren azterketa eta ezagutza adituaren sorrera, ekonomia zirkularraren eremuan.

Ekimen berritzaile hau Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren helburuak lortzeko tresnetako bat da, eta ahalbidetzen du euskal industriaren lidergoa indartzea, eredu jasangarriago eta zirkularragoetara zuzendutako eraldaketan.  Gainera, lankidetza publiko-pribatuaren adibide ona da, zeren eta, Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, Bilbo eta Gasteizko udalak baititu berekin bazkide estrategiko gisa, baita erakunde hauen lankidetza ere:  euskal unibertsitateak –Euskal Herriko Unibertsitatea-UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta TECNUN-,  TKNIKA-Euskadiko Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa Zentroarekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin.

Basque Circular Hubetik 2022an pasatu diren gazteen bigarren promozioak gutxienez 25 orduko ikastaro bat gainditu du, trebakuntza tekniko aurreratua eta enpresako prestakuntza praktikoa uztartzen dituzten zenbait programen bitartez.  Zehazki, aurten mota horretako lau ikastaro eskaini dira.

Azpimarratzekoa da Circular Berrindartzea 2022 programa. Lanbidek eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak –Ihoberen bitartez- sinatutako lankidetzaren emaitza da, eta sektore industrialeko enpresei zuzenduta dago. Programa horrek bi edizio izan ditu aurten –apirilean eta ekainean-, eta beraren baitan ekonomia zirkularrari buruzko 60 orduko prestakuntza jaso zuten 68 gazteen erdiek baino gehiagok praktikak egin zituzten euskal enpresetan, negozio-aukerak alor horretan detektatzeko xedez.

Lau gaztez osatutako beste talde batek, berriz, aukera izan du Basque Circular Hubean zuzenean lan egiteko, ingurumen-zaintza estrategikoaren arloan, 25 orduko prestakuntza-ikastaro batez. Gaur egun, talde hori praktikak garatzen ari da Basque Circular Hubaren Gasteizko egoitza berrian, zaintza sistematizatzeko eta euskal enpresei irekitzeko.

Hirugarren ikastaroa produktuko ekoidiseinuari buruzkoa izan da: 80 orduko ikastaro bat, Basque Circular Hubaren eta euskal unibertsitateen arteko lankidetza-hitzarmenetan sartuta dagoena. Ikastaro horretan, 9 unibertsitate-ikasle gazte prestatu dira, eta laguntza eman zaie euskal enpresetan praktikak lortzeko.

Gainera, Basque Circular Hubaren eta Basque Ekodesign Centerren arteko lankidetza egonkorrari esker -berau ekimen publiko-pribatu bat da, ingurumen-jasangarritasunaren arloan lider diren 16 enpresen parte-hartzea duena, SPRI eta Ihobe erakunde publikoekin batera, eta helburutzat duena Euskadiko gainerako enpresei transferitu dakiekeen ezagutza sortzea eta haien balio-kateak trakzionatzea-, 2022an enpresari aplikatutako ekonomia zirkularraren tresnei buruzko ikastaro bat egin da, 108 ordukoa. Ikastaroa egin duten 17 pertsonek praktikak egingo dituzte 2023an, Basque Ecodesign Centerren.

Ikastaro horrek bi prestakuntza-ibilbide paralelo izan ditu: bata bizi-zikloa aztertzeko softwarearen erabilerari lotua, eta bestea, estatuan aurrendaria, enpresek finantza jasangarrien eta informazio ez-finantzarioari buruzko txostenen arloan dituzten beharrei erantzutera zuzendua.

Horrez gain, 60 orduko auto-prestakuntza ikastaro pilotu bat –aurretik grabatutako bideotan eta material osagarritan oinarrituta- egiteko aukeratutako 4 pertsonek ere jaso dute diploma  Prozesu horretako ikaskuntzak funtsezkoak dira 2023ko ikastaroen diseinurako; izan ere, asmoa izango da haien efizientzia digitalizazioaren bidez hobetzea.

Egoitza berria Gasteizen

2022ko urrian, Basque Circular Hubaren Bilboko egoitzari Gasteizko egoitza berria gehitu zitzaion. Harrezkero, Arabako enpresek zerbitzu-zorro zabala dute eskura euren lehiakortasuna hobetzeko, prozesu zirkularrak euren ekoizpen-sistemetan txertatzearen bidez.

Zaramaga auzoan kokatutako zentro horretatik, ekonomia zirkularreko proiektu teknikoen garapena bultzatuko da, Arabako enpresa-ehunean, Hubean bertan prestatutako profesional gazteen parte-hartzearekin. Gainera, Arabako enpresek ekonomia zirkularra euren prozesuetan integratzeko ezagutza duten aditu gazteen laguntza izango dute.

Orobat, Gasteizko Basque Circular Hub zentroak Euskadiko ekonomia zirkularraren Behatoki gisa funtzionatuko du, eta, hortaz, negozio-aukera berriak detektatzera zuzendutako zaintza estrategikoko zereginak gauzatuko ditu, negozio emergenteetarako bide-orriak prestatuko ditu, eta baita sektore industrialetara zuzendutako zaintza-txostenak ere.

Ekintzailetzaren alorrean, berriz, proiektuen diseinuan lagunduko du, eta orientazioa eskainiko du une bakoitzean eskura dauden laguntzak eskuratzeko bideei buruz. Ekonomia zirkularraren alorreko prestakuntza adituaren jarduerek rol garrantzitsua izango dute, zeren ez baitira graduatu berriak diren ikasleengana soilik zuzenduko, baizik eta baita irakasleei ere, bai unibertsitatekoei eta bai lanbide heziketako zentroetakoei. Prestakuntza hori, gainera, gai horretan espezializatutako profesionalak izan nahi dituzten enpresetara ere iritsiko da.

Gainera, Gasteizko Hubak aholkularitza eskainiko du bai Gasteizko Udalaren Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiaren definizioan eta bai hortik eratorritako ekintza-planen definizioan.

2023rako helburuak

Datorren urteari begira, espero da Basque Circular Huba erreferentziazko zentro bihurtzea Euskadiko ekonomia zirkularraren arloko prestakuntzarako, besteak beste gai hauek jorratuz: ingurumen-jasangarritasuna, bere zentzu zabalean; eta beste kontzeptu aurrendari batzuk, hala nola finantza jasangarriak edo informazio ez-finantzarioari buruzko txostenak. Gai horiek Europako Itun Berdetik ondorioztatzen dira, eta, hain zuzen ere, Europako Batzordea enpresetan eragina duten araudiak ezartzen ari da haien inguruan.

Horretarako, jarduera multzo zabal bat dago aurreikusita. Alde batetik, gazteentzako eta enpresentzako ikastaroen eskaintzari eutsiko zaio, ingurumen-gai emergenteen inguruan, eta gazteentzako ikastaroen kasuan praktika-programak sartuko dira barne.

Beste alde batetik, ingurumen-metriken tresna integratu baten diseinua bukatzen ari da, enpresei euren karbono-aztarna eta ingurumen-aztarna kalkulatzen laguntzeko, ekonomia zirkularraren aroko adierazle zerrenda zabal bat eskaintzeaz batera. Web tresna horren garapenak profesionalen trebakuntza dakar berekin; horregatik, azken bi hilabete hauetan 5 prestakuntza-ikastaro eman dira hiru lurralde historikoetan, haren hedapena enpresetan hasteko.

Orobat, 2023. urteari begira, zaintza-sistema finkatu egingo da, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Behatoki berri bihurtuz; orobat, prestakuntza-jarduerak eta enpresekiko praktikak optimizatuko dira, lanbide heziketa Basque Circular Hubean hobeto integratzeko, eta kanal digitalen bidezko prestakuntza bultzatzen jarraituko da.

Informazio gehiago: www.basquecircularhub.eus