Eusko Jaurlaritza kezkatuta agertu da Konstituzio Auzitegiaren inguruko egoerarekin

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera. 

Bingen Zupiria bozeramaileak Eusko Jaurlaritzaren kezka azaldu du Auzitegi Konstituzionalaren inguruko egoeragatik. Hala, gogorarazi du Lehendakariak urte judizialaren hasieran eskatu zuela “interes alderdikoien, korporatiboen edo asoziatiboen gaineko ondasun komuna” lehenesteko, une horretan organo judizialak berritzeari dagokionez bizitzen ari zen krisi instituzional hori gainditu ahal izateko.

Gainera, Zupiria sailburuak esan du Europako erakundeek arreta jarri dutela krisi honetan, eta horrek “kolokan jar dezake Espainiako estatuaren sinesgarritasuna Europako kideen aurrean”.

Hilabete askotan, Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, mezu kezkagarria zabaldu da, organo judizialak berritzeko akordioak lortzeko indar politikoak erakusten ari diren ezintasun horren ondorioz, eta “egunotan bizi izan ditugun gertaerekin egoera are larriagoa bihurtu da”. “Gobernantza demokratikoaren egoera larriki zalantzan jartzen duten erabakiak dira”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntutik, justiziaren politizazioaren adierazpen argienak ikusten ari dira. Hala, kezkatuta agertu da alderdi politiko batek gehiengo parlamentarioa onartzearo uko egiten diolako. “Hainbat erabakirekin organo instituzionalak berritzea eragozten ari da, neurri batean gehiengo parlamentario horien mende daudena”.

Era berean, Bingen Zupiriak nabarmendu du hori guztia norgehiagoka alderdikoi eta politiko batean gertatzen ari dela, eta zantzu guztien arabera datorren urte osoan luzatuko da hauteskunde-deialdi desberdinen ondorioz, eta hori ez da agertoki egokia organo instituzionalak berritzeko.

“Arrisku larria dago politika herritarren arazoak konpontzeko gai ez den tresnatzat hartzeko; eta hori erakunde demokratikoen zilegitasuna zalantzan jartzen ari denean gertatzea bereziki kezkagarria da”, amaitu du.

HEZKUNTZA

Hezkuntza sailburuak, bere aldetik, gaurko Gobernu kontseiluan Hezkuntzari lotuta onartu diren hainbat gai garrantzitsuen berri eman du. Guztira, 125 milioi euroko zenbatekoarekin.

Gai garrantzitsuenen artea, Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planaren baitan, esparru-akordio bat egingo dela, ikastetxe publikoen hezkuntza eta kudeaketa-beharrak asetzeko ezinbestekoa den material informatikoa hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko; 14,5 milioi euroko laguntzak, Euskadiko ikerketa-zentroetan garatzen ari diren eta IKUR Estrategiarekin bat datozen bikaintasuneko ikerketari lotutako hainbat ekimeni laguntzeko; eta Araba eta Bizkaiko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeari argi berdea ematea erabaki dela, guztira 29,3 milioi eurorekin. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gobernu Kontseiluak Ertzaintzako fakultatiboen eta teknikarien eskala garatzeari buruzko dekretu berria onartzea erabaki du. Dekretu honi esker, Ertzaintzako talde profesional erabat espezializatuetera sartzeko hautaketa-prozesua, eginkizuna eta araubideak zerrendatzen dira, hau da, titulazio akademiko oso jakinak eta espezializazio handia eskatzen duten eginkizun oso teknikoetan Ertzaintzari laguntzeko behar diren profesional, hala nola informazio-teknologiak, analitika, auzitegi-teknika espezializatua edo zientifikoa, artxibokoa, komunikazioa edo laguntza psikologikoa, eta abar. 

Oraindik ere inguruan bizi dugun zailtasun ekonomiko-finantziarioei aurre eginez, Gobernu Kontseiluak Elkargiri zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du gaurkoan 600.000 €-rekin, Hornidura Teknikoen Funtsa indartzeko eta berme-sozietate horren abal-eragiketak erraztea helburu hartuta. Bozeramaileak adierazi duenez, Jaurlaritza enpresen eta profesionalen finantzaketa-aukerak indartzeko beharrarekin lerrokatuta dago, euskal enpresa-sektorearen ingurune lehiakorra hobetzeko ezinbesteko tresna dela uste baitu.

Gaurko bileran halaber Orduñako Udalarekin hitzarmen bat sinatzea onartu da, Landatas eta Dolores Madaria auzoen hiri-berroneratzerako; proiektuak 126 etxebizitza barne hartzen ditu eta 1,6 milioi euroko zuzeneko dirulaguntza jasoko duen proiektua da. Zuzeneko laguntza hau egoera ahulean dauden eskualdeak edo lehentasunezko jarduera-eremuak bultzatzeko Berpiztu programaren barruan dago. 

Bestalde, Gobernu Kontseiluak onartu du zenbait erakunderekin eta hezkuntza-elkarterekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak 2023. urterako luzatzea, hiru lurraldeetan adingabeen babespeko zentroetan asistentzia-neurriak emateko. Guztira, ia 8 milloikoa izango da. 

Eta azkenik, Kultura eta Hitzkuntza Politikaren zerikusia duten bi gai tratatu dira gaurko bileran. 

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak 1.250.000 euro gehiago bideratuko ditu “Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporánea de Bilbao, S.L.” sozietatearen kapital-gehikuntzara, urrian egin zen Guggenheim Bilbaoko ez-ohiko Batzar Orokorrean onartu zenari jarraituz, bilduma propioko eskuratze-programari ekiteko kapital gehikuntza egitea erabaki zelako.

Eta bestetik, hedabideen artean aurten banatu diren dirulaguntzen berri izan du gaurkoan Gobernu Kontseiluak. Guztira 13 milloi izan dira. Sei milioi euro bideratu dira Euskal Autonomia Erkidegoko orotariko komunikabideetara edo Euskadin lan egiten duten hedabideetara, horien sostengu ekonomikoan eta desinformazioaren aurkako borrokan laguntzeko. Bestetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru urtean 12,7 milioi euro emango dizkie euskara hutsezko hedabideei (2019-2021 deialdian baino % 5 gehiago) euskararen normalizaziorako eta erabilera sustatzeko funtsezko eragile diren aldetik. Eta azkenik, nagusiki gaztelaniaz argitaratzen duten komunikabideei zuzendutako dirulaguntzen deialdia dago, eskaintzen dituzten edukietan euskararen presentzia sustatzea helburu duena. Deialdi horretara milioi bat euro bideratzen da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena