Hezkuntza sailak 54,4 milioi euro bideratu ditu ikastetxe publikoetarako material informatikoen hornikuntza, instalazio eta konfiguraziorako esparru-akordiora

0

Euskal Hezkuntza Sisteman ikasgela digitalak sortzeko prozesuari jarraipena ematera zuzenduko da

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntzak sailburuak proposatuta, esparru-akordio bat egitea, ikastetxe publikoen hezkuntza eta kudeaketa-beharrak asetzeko ezinbestekoa den material informatikoa hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko. Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planaren ildotik onartu da esparru akordio hau.

Hezkuntza Sailak Eraldaketa Digitalerako Plan horren barruan lortu nahi duen helburu nagusietako bat gaitasun digitalak sustatzea da, bai ikasleena, bai irakasleena. Horretarako, beharrezko elementuak dira irakasleen prestakuntza, ikastetxeei aholkularitza ematea teknopedagogia-gaietan edo digitalizazio-prozesuan laguntzea. Baina baita ikasgeletan teknologia eta ekipamendu digitalak sartzea ere, irakaskuntza, ikaskuntza, eta ebaluazio-prozesuetan erabil ditzaten.

Esparru-akordio honek hezkuntzaren digitalizaziorako bultzada berri bat dakar, eta azken urteotan Euskadin ikasgelak digitalizatzeko prozesuan ematen ari diren pausoei jarraipena ematen die. 54,4 milioi euroko aurrekontu-aurreikuspenarekin, ikasgela digitalak osatzeko beharrezko material informatikoa eta ekipamendua erostea jasotzen du, hala nola: pantaila interaktiboak, ordenagailu eramangarriak eta mahai gainekoak, gelako web-kamerak, gelako haririk gabeko mikrofonoak edo mikrofono pertsonalak, dokumentu-kamerak, tableta digitalak edo kargarako armairuak.

2022an, Hezkuntza Sailak gela digital bihurtu ditu sare publikoko Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako gela guztiak (1.802 gela). Esparru-akordio berri honi esker, ikasgelak digitalizatzeko prozesua osatzen jarraituko da, goragoko mailetan: Lehen Hezkuntzako gainerako mailetan, DBHn eta Batxilergoan.

Gaur onartutako esparru-akordioak bi urteko indarraldia izango du, eta beste bi urtez luzatu ahal izango da. Esparru-akordio honetarako bideratzen den zenbatekoaren erdia baino gehiago ( % 52) Next Generation funts europarretatik dator.