Hezkuntza Sailak 8 milioi euroan handitu du 2022-2023 ikasturtaean unibertsitatez besteko beketara zuzenduriko diru kopurua

0

Derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo etapetan ikasten dabiltzan eta bekaren onuradun diren ikasleek 400 euroko laguntza osagarria jasoko dute

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta laguntzen deialdia 8.056.823 euroan handitzea, 2022-2023 ikasturtean.

Diru kopuru berri hau Hezkuntza Sailak ikasturte honetarako onartutako beka deialdiaren zenbatekoari gehitzen zaio. 2022-2023 ikasturterako beka deialdia 62,5 milioi euroko kopuruarekin onartu zen, joan zen ekainaren 14an.

Handitze honi esker, ikasturte honetan bekaren onuradun diren ikasleek, baldin eta derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo etapetan badaude (Batxilergoan edo Lanbide Heziketan, gehien bat), 400 euroko laguntza osagarria jasoko dute.

Aurreko ikasturtean, guztira 115.182 ikasle izan ziren Hezkuntza Saileko unibertsitateaz kanpoko beka eta laguntzen deialdiaren onuradun. Horietatik, 19.671 derrigorrezko hezkuntzaren ondoko etapetako ikasleak izan ziren.