Donostiako Udalak milioi bat euro inbertituko ditu Salamanca pasealekuko baranda berritzeko

0
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Salamanca pasealekuko baranda ordezteko obren proiektua. Proiektu honek 998.240 euroko aurrekontua barneratzen du, eta gauzatzeko 6 hilabeteko epea.

Gutxi gorabehera 200 metro baranda berrituko dira, Kursaal zubiaren eta Pasabide Berrirako sarbidea den harrizko petrilaren artean dagoen Salamanca pasealekuko zatiari dagozkionak.
Baranda birjartzeaz gain, botaolak birgaituko dira, eta eremu berean dauden farolak ordeztuko dira. Halaber, ostikoak espaloiaren zolan ainguratuko dira, argitariarentzat kanalizazio berria egingo da eta baldosak berrituko dira.
Kontxakoa legez, baranda historiko hau Eraikitako Hirigintza Ondarea Babesteko Plan Berezian (Peppuc delakoa) babestutako elementua da. Hala, egingo den zaharberritze-prozesua Kontxa barandaren jatorrizko zatiekin egin denaren oso antzekoa da.

Aparkalekua Tomasene eraikinaren ondoan

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Altzan, Tomasene eraikinaren ondoan aparkalekua urbanizatzeko proiektua, 264.312 euroko aurrekontuarekin.
Obra hauen bidez, Altzako kiroldegiaren kanpoko urbanizazioaren eta Tomasene eraikinaren artean dagoen zabalgunea urbanizatu nahi da, ibilgailu arinentzako aparkaleku bat instalatzeko. Aparkaleku honek berdegune zabalak izango ditu, zolatutako eremuen inpaktua murrizteko. Hala, eta aparkalekuari itxura atseginagoa emateko, zuhaitzez hornitutako guneak sortuko dira bateriako aparkaleku-lerrokaduren barruan.

Zoladuren konponketa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du hiriko hainbat kaletako galtzada-zoladurak konpontzeko obren proiektua, bi lotetan banatuta.
Lehenengo sortak 27 kale konpontzea aurreikusten du, Aiete, Amara, Erdialdea, Igara , Ibaeta eta Miramon auzoen artean banatuta. 800.489 euroko aurrekontua du, eta 17 asteko exekuzio-epea.
Bigarren lotean 44 kaleren konponketa sartzen da: Gros, Altza, Intxaurrondo, Martutene eta Zubieta auzoetan kokatuak. Aurrekontua 676.709 eurokoa da, eta aurreikusitako gauzatze-epea 23 astekoa.

Paperontzi selektiboak

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako udalerako paperontzi selektiboak eskuratu eta instalatzea xede duen kontratazio espedientea. Lizitazio aurrekontua 200.000 eurokoa da, ete exekuzio-epea 4 hilabetekoa.
Guztira 280 paperontzi hautakor hornitu eta jarriko dira, zati bakoitzeko 4 paperontzi barne hartuta: ontziak, papera, organikoa eta hondakinak.

Udal ibilgailuak

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Mugikortasun Zuzendaritzaren atal operatibokoentzat bi motor elektrikoen horniduraren kontratatzio espedientea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 38.720 eurokoa da eta ibilgailuen emate-epea 20 astekoa, gehienez.
Halaber, autoak eramateko lau garabi-ibilgailuen eta autoak eta motozikletak eramateko garabi baten horniduren kontratazio espedientea onartu du. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 445.000 eurokoa da bi sortetarako, eta ibilgailuen emate-epea, gehienez, 50 astekoa izango da.
Azkenik, Ibilgaileun Atalerako lau ibilgailu hornitzeko kontratazio espedientea onartu du. Lizitazio honen oinarrizko aurrekontu osoa 140.000 eurokoa da, eta kontratuaren gauzatze-epea zazpi hilabete kontratua sinatzen denetik.