ASPROMEC: “Erakargarri egin behar dugu mekanizatuaren sektorea”

0

Mekanizatuaren sektorea sarritan gutxietsi izan da Euskadin, eta askorentzat oso ezezaguna da, nahiz eta estrategikoki biziki garrantzitsua den euskal industriaren egunerokoan. Izan ere, kontzeptu ezagunenez  –txirbila erauztea edo urradura bidezko mekanizatua- harago, prozesu estrategiko honek jatorri desberdinetako lehengaiak eraldatzen ditu teknologikoki punta-puntakoak diren piezak sortzeko, zeintzuk ezinbestekoak baitira, adibidez, Mercedes Benz furgonetak martxan jartzeko edo AVSren sateliteak espazioan barreiatzeko.  Sektore hau osatzen duten enpresa guztiak balioan jarri nahirik, ASPROMECek (Mekanizatuaren Lehiakortasunerako Profesionalen Elkartea, egoitza Gasteizen duena eta une honetan Oriol Caballé buru duena) Mekanizatuaren II. Kongresua antolatu du berriki Arabako Teknologi Parkean.

Mekanizatuaren defendatzaile handiak zarete… Zergatik?

Mekanizatuaren Lehiakortasunerako Profesionalen Elkartea (ASPROMEC) 2010eko martxoan sortu zen, mekanizatuaren sektore industrialaren lehiakortasuna hobetzeko gure ingurunean. Mekanizatuarena erro sakon eta tradizio handiko azpisektore industriala da gure herrian, baina baita ere ezezaguna eta zenbaitetan zokoratua. Ekarpen handia egiten dio BPGari, berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egiten du, eta kalitatezko enplegua sortzen du. Estatuan eta Euskadin baditugu azpisektore horretako enpresa liderrak industria estrategikoetan, esaterako automobilgintzan, aeronautikan, energian, nekazaritzan, medikuntzan… Baina sektoreak ez zeukan ordezkaritza ofizialik organismo publikoen aurrean, horregatik, 2010ean profesional talde bat elkartu zen ASPROMEC sortzeko eta, haren bidez, azpisektore industrial erakargarri honen garapena, lehiakortasuna eta ordezkaritza bultzatzeko.

Nola definitu liteke mekanizatu arloan lan egiten duen enpresa bat?

Esan genezake materiala erauziz materiala osatzeko operazioak egiten dituen enpresa bat dela. Jendartean burdina zuritzea edo txirbila erauztea bezala ezagutzen da. Operazio horiek egiteko makina-erreminta, tornuak, fresagailuak edo CNC teknologia erabiltzen dira.

Eta nolako operazioak egiten dira normalean?

Sektoreko ohiko enpresa batek egiten dituen mekanizatuko operazio batzuk dira, esaterako, fresaketa, torneaketa, lapeaketa, artekaketa, zulaketa, hariztaketa, txartaketa, profilaketa, etab. Pieza mekanizatuak presente daude gure eguneroko bizitzan, hasi gure ibilgailuetako osagai askotatik eta bidaiatzeko erabiltzen ditugun hegazkinetara, bizikletetara, balbula txiki zein handietara, ardatzetara, protesi medikoetara, ontziratzeko makinetara, robotizaziora…

Baduzue daturik Euskadin duen pisuari buruz?

Zoritxarrez ez dago daturik, ezta sektorearen erradiografiarik, eta ez bakarrik Euskadin, ezta Espainia mailan ere. 2011n azterlan pribatu bat egin genuen errealitate horren berri emango ziguten zifra esanguratsuak eskuratzeko, besteak beste produkzioko gaitasuna, enpresen tamaina, prestakuntza- eta berrikuntza-maila eta beste hainbat datu estrategiko. Baina harrezkero, nahiz eta guk badugun interesa, datuak ez dira eguneratu, ez baitago azterlan hori egiteko laguntzarik.

Orduan, uste duzue badagoela hobetzeko marjinarik?

2023rako helburutzat daukagu berriro azterlanari ekitea eta sektorearen erradiografia berritzea. Momentuz 2011ko datuak bakarrik eskain ditzakegu, eta egungo errealitatea ordezkatzen ez badute ere, lagungarri izan litezke azpisektorearen ikuspegi orokor bat izateko.

Eta zer diote datu horiek?

6.000tik gora enpresa ditugula, 20.000 milioi euro inguruko fakturazioa dutenak eta 150.000tik gora pertsona enplegatzen dituztenak. Espainiako enpresa-sarearen ezaugarri nagusia enpresen tamaina txikia da (Espainiako enpresen % 99 baino gehiago ETEak dira, eta horietatik % 78 mikroETEak), hortaz, ondorioztatu dezakegu enpresa bakoitzaren batez besteko fakturazioa 3.5 milioi euro ingurukoa dela.

Zein izan da berriki antolatu duzuen Mekanizatuaren II. Kongresuaren motibazio berezia?

Kongresuak lehen edizioko helburu berbera mantendu du, hau da, topaketarako eta eztabaidarako foro den neurrian, bere asmoa izan da sektore industrialarekin eta, zehazki, mekanizatuarekin lotutako ezagutzak, ideiak eta etorkizuneko joerak trukatzea, hori bai bistatik galdu gabe Estatuko zein nazioarteko ingurune ekonomikoak emandako erreferentziak. Finean, Kongresu honen xedea da erreferentziazko puntu bihurtzea Estatuan, azpisektoreko enpresek aukera izan dezaten informazioa, ezagutzak eta kalitatezko kontaktuak partekatu eta eskuratzeko.

2021az geroztik, Behatoki Industrialak jarduera estrategiko bihurtu dira.

Behatoki horiek beraizik sortu ziren AVIVA Proiektuarekin hasitako bideari jarraitzeko. Proiektu horretan erreferentziazko aditu, enpresari, zuzendaritza-kargu eta erakundeak bildu ziren sektoreari buruzko euren diagnostiko partikularra egiteko eta errealitate industrialari buruz eztabaidatzeko.

Zer eman zuen programa hark?              

Gure asmoa zen Behatoki Industrial haietan eztabaidatutako alderdi kritikoak azaldu eta erakustea, arreta berezia eskainiz gure oinarri industrialeko (sektore aeronautikoa, automobilgintza sektorea, digitalizazioa eta joera teknologiko berriak, dibertsifikazioa eta lankidetza, eta orobat askotariko merkatu industrialak) negozio estrategikoei. Eta hori guztia egin genuen hitzaldi indibidualez nahiz lau bloke tematikori (Lehiakortasuna, Lankidetza, Digitalizazioa eta Etorkizuneko ikuspegia) buruzko mahai-inguruz osatutako egitarau batekin.

Nork parte hartu zuen?

Bai erreferentziazko enpresa eta erakundeek eta bai enpresa txikiagoek ere, hala nola: EPC, GKN Automotive, Linamar, LANTEK, EHU, Mondragon Unibertsitatea, AFMEC, Factor, Alkorta, IZADI, Grupo FAED, Aernnova, Egile eta CFFA. Hitzaldi txikien txanda bat diseinatu genuen askotariko gaiei buruzko gogoetak jasotzeko, adibidez, geopolitika eta adimena (Fernando Cocho), emakumearen papera industrian (Sandra Montes, COMETEL), mekanizatuaren munduko prestakuntzari (IMH) buruzko hainbat zertzelada (Zigor Esnaola) eta, azkenik, errealitate “ziztada” bat Lorenzo Díaz de Apodacaren eskutik (OSANE Consulting), zeina zibersegurtasunak mundu industrialean dituen arriskuei buruz mintzatu baitzen.

Zuena bezalako azpisektore batek zein erronka ditu ziurgabetasunez jositako une hauetan?

Gure sektoreak ere berdin pairatzen ditu aktualitateko erronka orokor eta makroekonomikoak, hau da, ekonomiaren aldakortasun handia, eskaera eta merkatu aldakorrek eskatzen duten malgutasuna, sektorearen ziurgabetasuna negozio-eredu eta aldaketa teknologiko berrien aurrean, lehengai eta energiaren kostu handiagoak eragin duen egoera geopolitikoa, etab. Ezin ahaztu, orobat, giza kapitalaren kudeaketako erronkak, mekanizatuaren sektoreak profesional kualifikatuen sekulako eskasia baitu une honetan. Nahiz eta gure sektoreak baduen etorkizuna, proiekzioa, nazioarteko presentzia eta alderdi teknologikoa, etorkizuneko profesional askori ez zaie iruditzen eraka