Javier Hurtado sailburuak Euskal Autonomia Erkidegora jada iritsi diren Europako Funtsen garrantzia nabarmendu du

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado buru izan da gaur Turismo Mahaian. Bertan, turismo-sektorearekin, Next Generation funtsekin eta araudiaren egoerarekin lotutako gaiak jorratu dituzte. Mahaian Saileko beste kide batzuk ere izan dira, Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurro, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jesús García de Cos eta Basquetourreko zuzendari Daniel Solana; bertan ere izan dira foru-aldundietako ordezkariak, euskal hiriburuetako udaletakoak eta Eudelekoak, merkataritza-ganberetakoak, unibertsitatekoak eta turismo-eskoletakoak, ostatu-enpresetakoak eta ekitaldiak antolatzen dituzten enpresetakoak, bidaia-agentzietakoak eta turismo-gidarienak, turismo aktiboko enpresetakoak, ostalaritza-elkarteetakoak, kontsumitzaileen elkarteetakoak eta sindikatuetakoak.

Jasangarritasun Turistikoko Planak helmugan

Turismo Mahaian Next Generation funtsez hornitutako jasangarritasun Turistikoko Planak ebaluatu dira. Plan horiek 3 deialdi dituzte, eta horietako bigarren deialdia duela egun batzuk formalizatu da. Jasangarritasun Turistikoko bigarren Lurralde Plana, 33,9 milioi eurokoa, Helmugako Jasangarritasun Turistikoko 10 Planekin —26,3 milioi euro bideratuko dira— eta Enogastronomiako Turismo Plan Nazionala osatzen duten bi proiektuekin osatzen da. Horiek 7,6 milioi euroko zuzkidura izango dute, Autonomia Erkidego guztietako handiena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eskertu egin du helmugen ahalegina eta lan koordinatua; izan ere, horri esker “Euskal Autonomia Erkidegoak 33,9 milioi euro jasoko ditu guztira Planaren bigarren deialdi honetarako. Plana Ministerioarekin eta bertan nahastutako erakundeekin, aldundiekin, udalekin eta eskualdeekin batera landu da.  Horren helburua anbizio handikoa da, helmugen modernizazioan efektu eraldatzailea bilatzen duelako, lurralde-kohesioa eta garapen turistiko orekatua indartuz, aurten Euskal Autonomia Erkidegoak turismoaren eremuan duen indarguneetako bat azpimarratzeko berezitasunarekin: nazioartean aintzatetsitako gure gastronomia.”

Gainera, Turismo Mahaian “dagoeneko gauzatzen ari diren” 11 proiektutarako Euskal Autonomia Erkidegoari 24 milioi euro eman zizkion lurralde-planaren lehen deialdia baloratu da. Sailburuak plan horien garrantzia azpimarratu du. Plan horiek “nabarmen lagunduko dute Euskal Autonomia Erkidegoa helmuga lehiakorragoa eta askotarikoagoa izan dadin, kalitatezko eskaintza jasangarriagoarekin, hori baita orain arte landu dugun ildoa, eta hori bultzatzen jarraituko dugu”.

Turismo Aktiboaren Dekretu-proiektua

Turismo Mahaian jorratutako beste gaietako bat Turismo Aktiboaren Dekretua izan da. Dekretu hori prestatzeko izapideak hasi dira dagoeneko. Turismo aktiboa zeharkako izaera duen turismo-sektorearen segmentu bat da, naturako, kiroleko eta kulturako hainbat jarduera biltzen dituena, eta berariazko araudia behar duena Turismoaren Legean oinarrituta.

Horregatik, 4 bloke handi hauek kontuan hartuta jorratuko da: informazioa, segurtasun juridikoa, jardueren segurtasuna eta lanbide-kualifikazioa. Turismo aktiboko jarduerak egiten dituztenei eta jarduera horiek zuzentzen dituzten profesional eta enpresei ahalik eta segurtasun handiena bermatzeko mekanismo arin eta eraginkorrak ezarri nahi dira. Une honetan, kontsulta publikoko prozesuan dago, turismo-sektoreko ordezkariekin partekatu eta aztertu ondoren.