Kultur ekoizpena laguntzea, eskaintza sustatzea, kultur ondarea zaintzea eta digitalizazioa dira Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren datozen hilabeteetarako erronkak

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Kultura sailburuorde Andoni Iturbek lagunduta, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean azalpenak eman ditu. Legealdia hasi zenetik gaur arte Kulturaren alorreko jardueren balantzea egin eta aurrera begirako aurreikuspenak partekatu ditu.

Zupiria sailburuak azaldu duenez Legealdiaren hasiera Covid-19aren pandemiak baldintzatuta egon zen baina “ez-ohiko neurri sorta bat jarri genuen martxan lehen unetik bertatik. Sektorearekin komunikazio fluxuak eta koordinazio esparruak indartu eta azkartu genituen lehen instantetik”. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sektoreari zuzendutako babes ekonomiko bereziak aktibatu zituen pandemiaren kalte ekonomikoak arintzeko edota jardunari eutsi ahal izateko. Honako hauek dira hartutako neurrietako batzuk:

    • 2020 eta 2021 urteetan profesional, autonomo, enpresa eta elkarte profesionalei zuzendutako programa eta laguntzak: 6,3 miloi euro

 

    • Kultura eta Sormen Industrien arloko enpresak egoera berrira egokitu eta digitalizazio programak bultzatzeko 540.000 euro

 

    • Beste Bat! eta Beste Bat Berritzen! programetan zuzeneko arteak sustatzeko 5 miloi euro (2020,2021 eta 2021ean)

 

    • Durangoko Azokaren programazio berezia eta euskarri digitala laguntzeko 100.000 euro

 

    • Liburutegietarako liburuen erosketa sustatzeko 1.000.000 euro. eLiburutegiko lizentziak eta baliabideak ere handitu ziren

 

Horrez gain, dirulaguntza eta programa guztiak mantendu eta egoerara egokitu ziren prozesuak azkartuz edo eta baldintzak malgutuz. Guztira, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 13,6 milioi euro baliatu ditu kultura sektoreari pandemia garaian laguntzeko.

Bingen Zupiria sailburuak adierazi duenez neurri guzti horiekin eta bereziki “kulturgintzaren eta erakundeon elkarlanari esker, gizarteak zuen kultura goseari eta beharrari, neurri batean behintzat, erantzun ahal izan genion. Eta gaineratu behar dut, pozgarria izan zela milaka herritarrek kulturan aurkitu izana pandemiaren kontrako sendagaia”.

Pandemiaren eraginei aurre egiteko ezarritako neurrietako batzuk finkatu ere egin dira eta horren adibide da arte plastikoen alorrean Artium Museoak, Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak, elkarlanean, euskal artista garaikideen obrak erosteko aurten ere jasoko duten 200.000 euroko dirulaguntza.

Zupiria sailburuak adierazi duenez “pandemia oraindik indarrean dagoen arren, egoera momentu honetan ezberdina da. Aurtengo uda sasoia berezia izan da. Kaleko emanaldiak bere onera bueltatu dira eta publikoaren erantzuna arrakastatsua izan da”, baina gaineratu duenez, “une honetan arreta berezia eskatzen dute toki itxietan egiten diren emanaldiak, bereziki, antzerki, dantza, musika Sinfonikoa, opera eta zineak. Ez da lortu 2019ko datuetara bueltatzea. Abonua duten jarraitzaileen kopurua jaitsi egin da, eta geroz eta gehiago, azken orduko erosketa hedatzen ari da. Aipamena merezi du era berean zine aretoen inguruan gertatzen ari den publiko jaitsierak”. Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik kanpaina bereziak jarri dira martxan publiko antzokietara eta zine aretoetara erakartzeko eta datozen hilabeteetan ere publikoak erakartzeko lan horretan jarraituko du.

Erronkak

Orain arte egin den bezala legealdia bukatu arte ere Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren egitekoa lau konpromiso estrategikotan oinarritzen da.

    1. Sorkuntza eta ekoizpena laguntzea: euskal sortzaileentzat fiskalitate marko berezitu bat sortzea dago helburuen artean beti ere Ogasun sailarekin eta Foru Aldundiekin elkarlanean (Artisten Estatutua). Kulturako sektore guztietara bideratzen diren dirulaguntza deialdiak eta izendunak ere garrantzitsuak dira Kultura eta Hizkuntza Politika sailean eta urtean 15 milioi euro inguru banatzen dira ia 400 proiektu laguntzeko. Kultur eta Sormen Industrien arloan ere martxan daude Hezkuntza sailarekin lankidetzan martxan jarritako KSI Gune Klusterra 22 proiekturekin eta Basque DCC plataforma. Berpiztu programaren barruan ere egingo da sorkuntza eta ekoizpena laguntzeko apustua eta Zallako Al Guatan artisten sorgune bat kokatzeko 2,1 milioi euroko inbertsioa egingo da eta Errenteriakoa Agustinatarren erakiniean aldiz milioi bateko inbertsioa sormen industrien gune bat sortzeko.

 

Etxepare Euskal Institutuaren jarduna ere azpimarratu du arlo honetan Zupiria sailburuak eta 2021 eta 2022. Urteen artean nazioartean sustatutako edo babestutako kultur jarduerak 500 inguru izan dira. Quebec-Euskadi aldebiko programak adibidez euskal sorkuntza garaikidearen diziplina guztiak jarri ditu erakusgai Quebec-en. 2023an Flandriarekin eta Japoniarekin garatuko ditu programak Etxepare Euskal Institutuak.

    1. Eskaintza sustatzea: Kultura azokak eta kultura jaialdiak ahalbideratzeko laguntza programak kokatzen dira hemen (Durangoko Azoka, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Jazzaldiak…). EAEko museoen eskaintza ere bertan sartzen da (Guggenheim Bilbao Museoa, handitze lanak 2024ko bukatuta izango dituen Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium, Tabakalera…). Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren erronka izango da Euskal Artearen Sistema sustatzea. Zupiria sailburuak azaldu duenez “konbentzituta gaude museo hauen elkar-eraginkortasunak eta sinergiek ekarri dezaketen onuraz, ez soilik eskaintza aberastuz, baizik gure ikusizko arte eta arte plastikoen sortzaileentzako aukerak biderkatuz eta ekosistema sendotuz”. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen eta eLiburutegiaren potentziala herritarren eta batez ere gazteen artean irakurzaletasuna areagotzeko tresna bezala erabiliko dira eta horretarako hurrengo hilabeteetan Hezkuntza sailarekin lankidetzan jardungo du Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.

 

    1. Kultur ondarea zaintzea eta sustatzea: aurten 15 milioi euro inbertitu dira ondarea sustatzen eta aitortzen. Tartean daude, besteak beste, Orconera industria ondare higigarriaren zentroa, Albaola Itsas faktoria museo biziaren azpiegiturak handitzea, Irungo Urdanibia jauregiaren zaharberritze lanak, Donostiako Miramar Jauregia birgaitzea, Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzea, Labrazako harresia… Zupiria sailburuak gogorarazi duenez proiektu hauetara egindako ekarpen ekonomiko guztiak tokiko erakunde guztiekin adostutako proiektuak garatzeko egingo dira. Guztiak, elkarlanean eta akordioan oinarritutako proiektuak dira, eta behar zuten bultzada dira”.

 

Ondare dokumentalaren arloan Zupiria sailburuak aurreratu duenez Cristobal Balenciagaren eta Balenciaga etxearen marrazki, zirriborro eta beste hainbat dokumentu jasotzen dituen bilduma eskuratuko du Eusko Jaurlaritzak. Datorren asteko Gobernu Kontseiluan onartuko da horretarako diru partida berezi bat. Behin bilduma eskuratuta Euskadiko Artxibo Historikoak hartu eta kudeatuko du ondoren Getariako Balenciaga Museora eramateko. Sailburuak adierazi duenez “erosketa honekin sendotu eta indartu egingo du Balenciaga Museoak Getariako sortzailearen inguruan ezagutza eta ikerketa garatzeko duen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa”.

    1. Digitalizazioa: Kultura eta Sormen Industrien bitartez bideratzen dira sektorean digitalizazioarekin zerikusia duten berrikuntza eta lehiakortasun prozesuak. Esparru gehienek dute digitalizazioa sustatu beharra baina besteak beste honako hauek bultzatzen dira Kultura eta Hizkuntza Politika sailetik: museoen eta liburutegien berrikuntza teknologikoak, Euskariana euskal kulturaren atari digitala, EMSIME- Euskadiko museoen katalogo kolektiboa, eLiburutegia… Legealdi honetan denak dira Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren apustuak.

 

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak dituen lau helburu estrategikoez gain badaude, Zupiria sailburuak adierazi duenez, bi zehar lerro nagusi: emakume eta gizonen berdintasuna eta euskara: “Bi konpromiso horiek gure jardun guztiak zeharkatzen dituzte, kulturan eta kulturatik ere bi Herri konpromiso horiei ekarpena egiten ahalegintzen gara”.

Zupiria sailburuak aurreratu duenez Kultura Plan Estrategiko berria lantzen ere ari da Kultura eta Hizkuntza Politika saila. Datozen hilabeteetan aurkeztuko den Planak datozen 6 urteetarako Kultura Politika Publikoen marko adostua izatea du helburu eta jardun lerro eta mugarri garrantzitsuenak jasoko ditu.