Atxilotu bat Irunen eta ikertu bat Oiartzunen agiriak faltsutzeagatik, gidabaimen faltsuekin harrapatu ondoren

0

Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko eta Errepideko Delituen Ataleko (ETEN) agenteek gidabaimen faltsuak zituzten bi gidari atzeman dituzte AP-8 errepidean, Irunen eta Oiartzunen egindako kontroletan. Horietako bat atxilotu egin dute eta bestea ikerketapean geratu da agiriak faltsutzeagatik.

Atzo arratsaldean AP-8 errepidean, Irunen, dokumentazio-kontrola egiten ari ziren Gipuzkoako Trafikoko Lurralde Unitateko baliabideek 25 urteko gizon bat, nazionalitatez egiptoarra, gidatzen ari zen auto bat geldiarazi zuten. Gidariak gidabaimen italiarra zeraman, eta horrek agente jarduleen susmoak piztu zituen.  Hori dela eta, dagozkion frogak egin eta agiria faltsua zela egiaztatu zuten. Gizona agiriak faltsutzearen delitua leporatuta atxilotu eta Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak betetzera. Espero dute atxilotua gaur egunean zehar jartzea Irungo Guardiako Epaitegiaren eskuetan.

Bestalde, Ertzaintzaren Errepideko Delituen Ataleko (ETEN) agenteek atzerriko matrikula zuen auto bat ikusi zuten atzo arratsaldean AP-8an, Oiartzungo zerbitzugune batean. Autoaren gidariak identitate-agiri belgikarra eta gidabaimen bulgariarra aurkeztu zizkien ertzainei. Gidabaimenak polizia-baliabidearen susmoak piztu zituen, eta zegozkion frogak egin ondoren agenteek egiaztatu zuten ez zituela betetzen legezko agiriek izan ohi dituzten segurtasun-neurriak. Horren aurrean, zegozkion eginbideak ireki zituzten agiriak faltsutzearen delitu batengatik, eta gidaria ikerketapean geratu zen egitate horiengatik.