Basque Culinary Center-ek eta Cardumen Capital-ek egoitza Euskadi duen foodtech sektoreko lehen inbertsio-funtsa aurkeztu dute Startupei zuzendua

0
PRUEBA

Cardumen Capitalek (europar-israeldar arrisku-kapitaleko kudeatzailea), Basque Culinary Centerrekin batera, arrisku-kapitaleko funts berritzaile bat jarri du martxan AgriFood Tech sektoreko startupetan inbertitzeko asmoz. Funts honetan Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak parte hartu du, “The Food Global Ecosystem” estrategia integralaren bidez, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Funtsa baliagarri izango da gastronomiaren alorreko ekosistema maila globalean indartzeko.

Funts berri hori funts jasangarri gisa sailkatuta dago SFDRren 9. artikuluan. Funts horrek nekazaritzako elikagaien sektoreko etorkizun handieneko teknologia-konpainietan inbertituko du; zehazki, klima-aldaketaren aurkako eta elikagaien segurtasunaren aldeko teknologietan. Nazioarteko zein tokiko konpainietan inbertitzea du xede funtsak, merkatu horretako funts espezialista eta aitzindari bihurtzeko.

Cardumen Capital izango du gidari funtsak, goi-teknologian aditua den talde batekin, eta Basque Culinary Centerren esperientzia baliatuko du, zeinak, ezagutzako bazkide izanik, nazioartean hedatzen lagunduko baitie partaidetzadun konpainiei, Donostiako bulegoetatik eta zentro teknologikotik. Arlo hauetan punta-puntako teknologiak eta merkataritza-trakzioa duten 15 bat enpresatan inbertituko du funtsak: doitasunezko nekazaritza, proteina alternatiboak eta ekonomia zirkularra.

Foodtech funtsak 2023ko martxo alderako aurreikusi du lehen itxiera; ordurako 20 M€-ko tamaina izatea espero du, baina funtsaren azken helburua handinahiagoa da; berrogei eta berrogeita hamar milioi ingurukoa izan nahi du.  Lehen inbertsioak lehen itxiera egiten denean hasiko dira.

Gonzalo Martínez de Azagrak, Cardumen Capital erakundeko bazkide sortzaileak, dioenez: “Sektore hau hirugarrena da berotegi-efektuko gasen ekoizlerik handienetan, energiaren eta garraioaren sektoreen atzetik. Klima-aldaketaren aurkako borrokak eta elikagaien segurtasuna indartzeak inbertsio handiak ekarriko dituzte arlo horretan, eta gure funtsa ondo kokatuta egongo da joera horien erdigunean, joera horien gainean kapitala hartzeko.

Basque Culinary Centerren aldetik, Garapen Globaleko zuzendari Asier Aleak hau adierazi du: “AgriFoodtech arloko startupetan inbertitzeko funts hau sortuz, Basque Culinary Center aurrerapauso bat egiten ari da ekosistema berritzaile bat sortzeko, gastronomia eta talentua aldaketaren eragile direla. Funtsezko tresna da tokiko nahiz nazioarteko proiektuak inkubatzeko eta bizkortzeko gure ekimen-sarea indartzeko”. FoodTech funtsa GOeren (Gastronomy Open Ecosystem) estrategiaren parte da, Basque Culinary Centerren etorkizuneko estrategia: berrikuntza, ikerketa eta ekintzailetza ardatz dituena

Zigor Urkiagak, Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen zuzendariak, nabarmendu du “Foodtech inbertsio funtsa, The Food Global Ecosystem estrategiaren esparruan kokatzen da, Euskadik gastronomiaren arloan berrikuntzarako eta ekintzailetzarako funtsezko lurralde gisa duen posizioa, elikagai- eta nekazaritza-industriako konpainiak babestuz”.