Euskadiko Lanbide Heziketak aurrera egin du digitalizazioan, 4. industria-iraultzari erantzungo dion ekipamendua eskuratuta

0

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Berkoa S.Koop. enpresa bisitatu du gaur goizean, Elgoibarren, teknologikoki aurreratua den prozesu anitzeko Ikasmak makina berria zuzenean ezagutzeko. Makina hori Elgoibarko lantegi honetan ari dira sortzen. Ekoizpen errealeko makinak dira, baina Lanbide Heziketako ikasleentzat teknologia aurreratuetako ikasprozesura egokituak.

Bisitan, honako hauek ere izan dira: Andoni García-Abad Berkoa S. Koop.-eko zuzendari nagusia; Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusia eta IMHko presidentea; José Pérez Berdud AFMko presidentea eta Fagor Automation-eko zuzendari nagusia; César Garbalena AFMko lehen presidenteordea eta Loire Gestamp-eko zuzendari nagusia, eta Ane Beitia Elgoibarko alkatea.

Ikasmak, hezkuntza-makina bat

Ikasmak makina “Lanbide Heziketako zentroa + Enpresa” lankidetza-ereduaren emaitza da; helburua izan da prozesu anitzeko kontrol numerikoko makina bat diseinatzea eta eraikitzea, teknologikoki oso aurreratua eta ekoizpen errealekoa dena, zeina, aldi berean, didaktifikatua eta teknologia aurreratuen inguruko ikasleen ikasprozesura egokitua baitago.

Makina-mota hori interes handikoa da Lanbide Heziketarako; izan ere, bizkortu egiten du ikasprozesua eta erraztu ikasleek gaitasun teknikoak eta digitalak berenganatzea, hartan ezarri diren teknologia aurreratuei esker. Bere sorreratik, ez da hainbeste mekanizatzeko ekipo bat, baizik eta mekanizatzen ikasteko ekipo bat, Lanbide Heziketatik pentsatua, egungo eta etorkizuneko Lanbide Heziketarako. Zenbait prestakuntza-ziklotako eta lanbide-familiatako ikasleei zuzentzen zaie, besteak beste: Fabrikazio Mekanikoa, Mekatronika eta Informatika.

Ikasmaken abantaila didaktikoak argiak dira, eta prestakuntza-prozesuan dituen ikaskuntzen efektu biderkatzailean eta bizkortzailean ikusten dira abantaila horiek. Ikasmaken berezitasuna da makina bakarrean fabrikazio aurreratuko hezkuntza-ingurune batean aurki ditzakegun askotariko makinen ezaugarriak batzen direla. Zehazki, Ikasmak honela dabil: eskuzko formatuan, eskuz fresatzeko makina eta tornu gisa; formatu automatikoan, CNC fresatzeko makina edo tornu gisa.  Ezaugarri horiei esker, gainera, fresatzeko eta torneatzeko funtzio anitzeko makinaren gaitasunak ditu. Makina modu modularrean pentsatuta dago, zenbait gaitasun gehigarri gehitu ahal izateko, eta ekipoak muntatzeko prestakuntza-prozesuetan erabili ahal izateko pentsatuta dago.

Fabrika adimenduna

Baina ekipamendu berriak dakarren aurrerapen garrantzitsuenetako bat 4.0 ikuspegia da, fabrika adimendunaren kontzeptua. Ikasmak makinek sarerako edo hodeirako konektibitatea ezarrita dutenez, Lanbide Heziketako zentroek 4.0 bidean edo fabrika adimenduna deiturikoan aurrera egin ahal izango dute. Makineria guztia interkonexioan izatea da fabrika adimendunen ezaugarria. Ikasmak sentsorizatuta dago eta beharrezko datuak argitaratzen ditu web zerbitzari batean, edozein gailutatik makinaren egoera ikusi ahal izateko. Horrela, ERP kudeaketa-sistema batekin (Enterprise Resource Planning) edo gaitasun ziberfisikoak dituzten beste talde batzuekin integra daiteke, eta, beraz, 4.0 ingurunean (lantegi adimentsuan) murgiltzeko aukera ematen dute. Gainera, prestakuntza-sistema indartsu bat du, errealitate birtualarekin.

Ikasmak makina IMH Lanbide Heziketako Zentro Integratuak eta Berkoak diseinatu dute elkarrekin, Euskdiko Lanbide Heziketako Berrikuntza Aplikatuko proiektu gisa. IMHko Lanbide Heziketako Zentro Integratuko irakasleek eta aditu teknikoek makinen zehaztapen didaktikoak landu dituzte, eta Berkoako pertsonal teknikoa industrializazio-prozesu osoaz arduratu da. Bestalde, makinaren kontrolean, bilketan, elektronikan eta motorizazioan Fagor Automation enpresak ere modu erabakigarrian esku hartu du.

Berkoa 13 makinaren fabrikazio-prozesua amaitzen ari da; makina horiek Hezkuntza Sailak erosi ditu eta Lanbide Heziketako zentroetara bideratuko ditu. Lanbide Heziketako honako bederatzi zentro hauetako tailerretan egongo dira: CIFP Izarraitz LHII (Azkoitia); CIFP Iurreta LHII (Iurreta); CIFP Miguel Altuna LHII (Bergara); CIFP Bidasoa LHII (Irun); IES Laudioalde (Laudio); CIFP Elorrieta LHII (Bilbo); CIFP Easo LHII (Donostia); CIFP Aretxabaleta LHII (Aretxabaleta), eta CIFP Bidebieta LHII (Basauri). Horretarako, Hezkuntza Sailak 1.715.311 euroko inbertsioa egin du.

Makina-erremintaren sektorea eta Euskadiko Lanbide Heziketa

Beste industria eta ekoizpen-sektore askok bezala, Euskadiko Lanbide Heziketak harreman oso estuak ditu makina-erremintaren sektorearekin; izan ere, oso pisu garrantzitsua du sektoreak EAEn eta, bereziki, Debabarrena eskualdean. EAEk, gaur egun, mundu-mailako makina-erreminten enpresa fabrikatzaileen kontzentrazio handiena du, eta Europar Batasunean sektoreko hirugarren ekoizle handiena da (Alemaniaren eta Italiaren atzetik baino ez), eta, mundu-mailan, bederatzigarrena.

EAEko Lanbide Heziketako zentroek harreman etengabea eta zuzena dute sektore honekin, bai eta ekoizpen-prozesuetan makina-erremintak erabiltzen dituzten industria-enpresekin ere. Erantzun zuzena ematen zaio sektore horri Lanbide Heziketako zenbait familiatatik, besteak beste:  Fabrikazio Mekanikoa, Instalazioa eta Mantentze-lana edo Elektrizitatea eta Elektronika. Zeharka bada ere, baita Administrazioaren eta Informatikaren familietatik ere.

Sektore horretako langile kopuru handi bat Lanbide Heziketako tituluduna da, batik bat makinen muntaketako eta abiarazteko postuetan eta piezen mekanizatuko postuetan.

Berkoa S. Koop.-era eginiko bisitaren ondoren, sailburua eta sailburuordea IMH Lanbide Heziketako Zentro Integratura joan dira eta, bertan, honako hauek bisitatu dituzte: diseinu-gela, oraintsu ekipatua Hezkuntza Sailaren eskutik; fabrikazio-tailer didaktikoa; Additive Village delakoa (Estatu-mailan industria-ekipamendua duen fabrikazio aditiboko instalazio didaktiko handiena), eta Berrikuntza Arloa (fabrikazio aurreratuko industria-tailerra eta digital manufacturinga).