Javier Hurtado sailburuak 2022ko kontsumo-balantzea egin du Kontsumobideren Zuzendaritza Kontseiluan

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado Kontsumobideren Zuzendaritza Kontseiluko buru izan da gaur. Bertan, urtearen balantzea egin da, eta 2023rako plangintzari eta aurrekontuei buruz ere hitz egin da. Sailburuaz gain, Kontseiluan Kontsumobideko zuzendari Laura Alzola egon da, baita Kontseiluko gainerako kideak ere. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuetako, Eusko Legebiltzarreko, Kontsumoko Arbitraje Batzordeko, sindikatuetako, enpresa-erakundeetako, merkataritza-ganberetako, kontsumitzaileen elkarteetako eta EUDELeko ordezkariak.

Kontsumobidek landuko dituen azterketa berriak planteatu dira Kontseiluan. Azterketa horiek 2 gairi buruzkoak izango dira. Alde batetik, eten digitala eta kolektibo batzuek tresna digitalak erabiltzeko dituzten zailtasunak. Bestetik, Interneteko aipamenek kontsumo-erabakietan duten eragina aztertuko da.

Era berean, urtean zehar egin diren informazio-kanpainak aztertu dira, besteak beste, arbitraje, Black Friday eta merkealdiei buruzkoak, baita komunikazio-bide berriak ere. Lehen aldiz, Kontsumobidek Tik Tok-eko kanal bat ireki du, gazteenei mezuak hurbiltzeko eta informatzeko.

Informazioarekin bezala, urtean zehar egindako ikuskapen-kanpainen emaitzak errepasatu dira; adibidez, prezioen kontrolari eta erreklamazio-orriei buruzkoak; etxetresna elektrikoen online salmenta; etxez etxeko laguntza teknikoko zerbitzuak; autoeskoletako kontratu aurreko eta kontratuko informazioa; edo merkataritza-praktiken eta publizitatearen kontrola —Black Friday eta Cyber Monday-ren merkataritza-aldien aurretik eta bitartean—, gai desberdinetako beste hainbat ikuskapen-kanpainen artean.

Erreklamazioei dagokienez, eta azaroaren 30era arteko datuekin, egiaztatu da igo egin direla, batez ere oinarrizko horniduretan, kasu horretan 1.700 izatera iritsi baitira. Guztira 13.446 erreklamazio jaso dira Kontsumobiden, hau da, % 6ko igoera eman da. Erreklamazio gehien dituen sektorea telefonia-zerbitzuena da; hala ere, aurreko urtearekin alderatuta % 19 jaitsi da.

Azkenik, Zuzendaritza Kontseiluan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berriari buruz hitz egin da. Estatutu hori Legebiltzarrean dago, onartzeko azken izapideen zain, eta zuzenketak aurkezteko epea jada amaituta.

Sailburuak gogorarazi duenez “gai gutxi daude kontsumoa baino biziagoak eta zeharkakoagoak. Etengabe aldatzen eta egokitzen ari den materia, askotariko gaietara egokitu behar dena eta pertsona guzti-guztiei eragiten diena. Gure gizartearen garapena kontsumoan oinarritzen da, eta kontsumitzeko dugun moduari buruzko erabakiak zehazten du izan nahi dugun gizartea”.

Horregatik, egindako lana aldarrikatu du “zenbait alderditan aitzindaria izango den lege moderno bat garatzeko, aurreratuenetakoa izango dena, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak indartuko dituena, eta enpresei beren jardunbide egokiak hobetzeko bermeak eta tresnak eskainiko dizkiena. Kontsumo arduratsua eta gizarte bidezkoago eta jasangarritasunarekin konprometituago bat sustatzeko oinarriak ezarriko dituen Legea”.