Arrisku-faktorerik ez duten 60 urtetik beherako pertsonek Covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia har dezakete

0

Gaurko 13:00etatik aurrera, arrisku-faktorerik ez duten 60 urtetik beherako pertsonek, betiere kontraindikaziorik ez badute, Covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia edo bigarren oroitzapen-dosia (kasuaren arabera) jasotzeko aukera izango dute.

Dosi berri hori jaso ahal izateko interesa dutenek ohiko bideak erabil ditzakete eskaera egiteko: Osakidetzaren webgunean egin dezakete eskaera, ”aurretiko web-zita” atalean, edota beren osasun-zentrora deitu dezakete.

Hirurogei urtetik gorako pertsonei joan den urriaren 5etik aurrera eskaini zitzaien aukera hori, gripearen aurkako txertoarekin batera jasotzeko. Oraingoz, 393.783 pertsonak jaso dute oroitzapen-dosi berria, eta 516.590 pertsonak gripearen aurkako txertoa.

Gainera, txertaketarekin zerikusia duen zalantzaren bat izanez gero, Osasun Sailak galdera eta erantzunen atal bat du bere webgunean, bigarren oroitzapen-dosiaren inguruan ager daitezkeen zalantzak edo kasuistikak argitzeko: COVID-19aren aurkako txertaketaren inguruko galderak eta erantzunak (euskadi.eus)

Azkenik, Osasun Sailak prebentzio-neurriak gogorarazi nahi ditu: eskuak maiz garbitzea, ahoa eta sudurra estaltzea eztul eta doministiku egitean, espazioak aireztatzea eta maskara erabiltzea. Izan ere, arnas gaixotasunei (gripea eta COVIDa barne) aurrea hartzen laguntzen duten neurriak dira.