“Utopiak balio du, behintzat bidea egiteko” Elisabeth Pombo, IAMETZA

0

Iametza Interaktiboa 2008.urtean eratu zen hiru enpresen arteko elkargune gisara: alde batetik ARGIA, bestetik ANTZA eta azkenik ADUR, horrenbestez komunikazioa, diseinua eta teknologia uztartuz.

Enpresaren sorreratik abiatuz, Elisabeth Pomboren eskutik egindako ibilbide honetan jakin dugu zer esan nahi duen “Bi punturen arteko lotura” enpresaren leloak: “Puntuak dira kasu bakoitzean desberdinak. Kasu batzuetan izan daiteke enpresa batetik bere bezeroarengana, beste batean izan daiteke kolaboratzaile desberdinen arteko harremana. Askotan helburu berdina eduki arren bezero bakoitzak aukeratzen duen bidea edo bide mota da desberdina eta saiatzen gara bakoitzaren bide horretara egokitzen eta bide horretan bidelagun izaten.”

Euskara arlo sozioekonomikora ekarriz, euskarak industria arloan hedatzeko dituen oztopoetaz hitz egin digu Elisabethek: “Eremu sozioekonomikoan balio duena direlako emaitzak, gauza tangibleak eta nik uste dut hizkuntza ez dala tangiblea, baina emaitza hoiek edo etekin hoiek lortzeko modu hobean balio erantsia ematen duen elementu bat dela. Eta askotan hori ulertzea edo transmititzea da zaila.”

Iametzaren egitasmoek ere izan dute tokia solasaldian, besteak beste EUSKARABILDUA jardunaldia, 2012an martxan jarritakoa, teknologia eta euskara ardatz nagusi gisa hartuz. “Utopia existitzen da izan da aurtengo Euskarabilduaren gaia ta guk uste dugu utopiak balio duela, bidea egiteko, behintzat helburu bat edukitzeko. Gure ilusioa izango litzateke lortzea EUSKARABILDUA batean eman daitekeen saretzetik, ezagutza partekatzetik proiektu berriak abiaraztea”

Indeus Elkarrizketak SPRIk abiarazitako egitasmoa da Indeus, Industriaren Euskal Plataformako kide diren enpresa, elkarte eta zentro teknologikoak eta euskarazko produktuak garatzen dituzten enpresak ezagutzera emateko eta industrian euskararen erabilerari buruzko gogoeta egiteko.