Ziortza Colino, Dominicas ikastetxeko DBHko lehen mailako ikaslea, eskola-absentismoaren aurkako kartel lehiaketako irabazlea

0

Bosgarren urtez jarraian, ikasleak dira ikasturtean zehar ikastetxeak zeharkatzen dituen kanpainaren irudia diseinatzen dutenak. Amaia del Campo alkatea eta Nerea Cantero Hezkuntza zinegotzia ikastetxean izan dira irabazleari saria emateko

Eskola-absentismoaren aurkako bosgarren kartel lehiaketak badu irabazlea. Ziortza Colino da, Burtzeñako Dominicas ikastetxeko DBHko 1. mailako ikaslea. Amaia del Campo alkatea eta Nerea Cantero Hezkuntza zinegotzia ikastetxean izan dira gaur goizean, irabazleari saria emateko. Saria abentura-parke baterako sarrerak izan dira. Horrela hasi da aurten herriko zazpi ikastetxetan egingo den eskola-absentismoaren aurkako kanpaina.

Lehiaketako kartel irabazleak eskolara bidean doazen neska-mutil bat irudikatzen ditu, eta etorkizuna zehaztu ahal izateko klaseetara joateak duen garrantziaz hitz egiten du. Etorri gurekin eta zure etorkizuna erabaki; horixe da irakur daitekeen mezua. Kartela kanpainan parte hartzen duten ikastetxe guztietan jarriko da. Oraingoan, ikastetxe horietako ikasleek aurreko edizioan parte hartu zuten ikasleek sortutako absentismoari buruzko ipuin bati emango diote bizia, animazio-programatzaile baten laguntzari esker.