Hurtado Sailburuak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoak 7,2 milioi euro jasoko dituela Next Generation funtsetatik, merkatuen eta merkataritzaren lana babesteko

0
PRUEBA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Donostiako Bretxako merkatuaren 150 urte baino gehiago oroitzeko liburuaren aurkezpenean parte hartu du. Liburu horrek Donostiaren historiaren zati bat eta Bretxako Merkatuak hiriaren bilakaeran eta bertako herritarren bizitzan izan duen eta gaur egun duen eragina biltzen du.

Sailburuak azpimarratu du merkatuek garrantzi handia dutela herrien eta hirien gizarte-kohesioan, eta bertako herritarren eta bisitarien topagune gisa. Gainera, “gastronomiaren barruan, hornidura-azokek zeregin garrantzitsua dute, baina zeregin hori ez da beti ezagutzen eta aintzatesten. Kontsumo arduratsuaren zutabe dira, kontsumitzaile gehienek tokiko eta km0 produktuarekin duten lehen kontaktua”.

Hori dela eta, gogorarazi du administrazioek “haien funtsezko lana babesten jarraitzen dugula, berrikuntzaren alde eta haien modernizazioaren alde eginez, kohesioaren eta hurbiltasunaren arloetan duten zeregina galdu gabe. Duela 2 aste eskas iragarri genuen Euskal Autonomia Erkidegoak 7,2 milioi euro jasoko dituela Next Generation funtsetatik merkatuen eta merkataritzaren lana babesteko, aurkeztutako proiektuen sendotasunari esker. Donostiak 1,1 milioi euro jasoko ditu ‘Merkataritza-hiri ireki, erakargarri eta jasangarri baten inguruko Donostia Open Dendak’ proiektua aurrera eramateko. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste 6 udalerrik ere dirua jasoko dute, euren hiri- edo landa-merkatuengatik, eta jasangarritasunaren, lehiakortasunaren eta dibertsifikazioaren alde egin duten apustuagatik”.

Ildo horretan, garrantzitsua da tokiko merkataritzari eta merkatuei ematen zaien laguntza hori indartzea, administrazioen, merkatarien eta herritarren erantzukizun hirukoitzarekin. “Nola eta non erosi aukeratuz, bizi nahi dugun gizartea eta ondorengoei utzi nahi dieguna aukeratzen ari gara. Gaurko erabakiak biharko gizartea dira, eta gaur merkeago erostea garestiago gerta dakiguke etorkizunean” esanez amaitu du.